Bilbon hainbat gay hiltzeaz akusatutako gizona bakarrik aritu zela frogatutzat jo dute akusazioek

Epaiaren zain geratu da akusatuaren aurkako laugarren auzibidea. 16 eta 30 urte arteko zigor eskaerak berretsi dituzte fiskalak eta akusazioek, eta absoluzioa galdegin du defentsak.

Akusatua, bizkarrez, gaur, epaiketaren azken saioan. BERRIA
Akusatua, bizkarrez, gaur, epaiketaren azken saioan. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko maiatzaren 19a
16:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaiaren zain geratu da gaur Bilbon hainbat gay hiltzeaz akusatutako gizonaren aurkako laugarren epaiketa. Fiskalak eta akusazioak frogatutzat eman dute 2021eko urriaren 5ean auzipetuak 73 urteko gizonezko bat hil zuela haren etxean, 3.000 euro lapurtu zizkiola bere kontura bi transferentzia eginez, eta bakarrik egin zuela hori guztia; hau da, akusatuak aipatu izan duen estortsio sareko kideak badirenik ere ez dela frogatu, beste behin. 16 eta 30 urte arteko zigor eskaerak berretsi dituzte akusazioek, eta defentsak berriro galdegin du absoluzioa. Izan ere, N.D.M.B.-k ukatu egin du hilketaren egilea izatea. Gaur, epaiketaren amaieran, uko egin dio hitza hartzeari.

Azken saioan ondorioak aurkeztu dituzte aldeek, asteazkenetik Bizkaiko Probintzia Auzitegian aztertutako deklarazioetan eta frogetan oinarrituta. Lehen egunean egin bezala, zuzeneko eta zeharkako frogen arteko aldea azaldu du fiskalak: lehenek zuzenean frogatzen dute gertaera nagusia —adibidez, delitu baten bideoa—; bigarrenek, aldiz, bigarren mailako gertaerak frogatzen dituzte, eta zantzu horien batuketak «logikaz eta sen onez» interpretatuz froga daiteke gertaera nagusia. Izan ere, defentsak nabarmendu du ez dagoela «inolako frogarik» delituen egiletzaren inguruan, eta fiskalak zein akusazioek onartu dute ez dagoela zuzeneko frogarik, baina zeharkako frogen pilaketak «erabat egiaztatzen» dutela akusatua errudun dela.

Hala, akusazioek frogatutzat jo dute 2021eko urriaren 5ean auzipetua eta biktima harremanetan jarri zirela, gizon homosexualentzako Wapo aplikazioaren bidez, eta hitzordua egin zutela iluntzean biktimaren etxean; eta bertan, auzipetuak gizona ito zuela, eta biktimaren sakelako telefonoaren bidez 2.000 euroko transferentzia bat eta 1.000 euroko beste bat egin zituela bere kontu batera. Epaiketan deklaratu duten perituen arabera, telefonia antenek biktimaren etxe inguruan atzeman zuten akusatuaren telefonoa heriotzaren eta bankuko transferentzien unean.

Heriotza natural gisa hartua

Hiltzeko moduak, ordea, eztabaida eragin du epaiketan. Izan ere, 73 urteko gizona hilik aurkitu zutenean, heriotza natural gisara hartu zuten forentseek: gorpua sofan eserita azaldu zen, indarkeria zantzu agerikorik gabe. Antzeko beste kasu batzuk agertzean piztu ziren susmoak, baina lehen egun haietan ez zuten bestelako frogarik bildu biktimaren etxean, berez hil zelakoan. Bada, forentseek epaiketan deklaratu dute gizonaren heriotza itotze molde jakin batekin bat etor daitekeela: besoarekin lepoa estutuz egiten da, eta ez du ia markarik uzten.

Horrekin lotuta, hasierako kontakizunetik xehetasun bat moldatu dute akusazioek. Auzipetua biktimaren hatz marka erabiliz sartu zen ustez haren online bankura, baina perituek adierazi dute erabiltzailea bizirik egon behar dela gailuak identifikazio hori egin dezan. Hala akusazioek ondorioztatu dute auzipetuak lehenik konorte gabe utzi zuela biktima, transferentziak egin zituela, eta gero hil zuela. Eta jokabide horrekin bat dator itotze teknika hori: hamar segundo inguru behar dira pertsona bat konorterik gabe uzteko, eta beste bost-hamar segundo heriotza eragiteko.

Defentsak nabarmendu du ez dagoela «inolako frogarik» delituen egiletzaren inguruan; akusazioek onartu dute ez dagoela zuzeneko frogarik, baina zeharkako frogen pilaketak «erabat egiaztatzen» dutela akusatua errudun dela.

Era berean, aldeek gogora ekarri dute auzipetuak antzeko beste hainbat akusazio dituela: gutxienez bost gizon hiltzea eta beste bi hiltzen saiatzea leporatzen diote, eta 37 urteko kartzela zigorra ezarria du jadanik hilketa bategatik, hilketa saiakera bategatik eta iruzur bategatik. Akusatuak delitu bakarra onartu du, eraso bat, baina gainerakoak ukatu egin ditu. Bere bertsioa beti izan da 2021eko udan hiru lagun ezagutu zituela dantzaleku batean, eta estortsio sare bat eratu zutela; kreditu txarteletatik dirua ateratzeaz arduratzen zen bera, baina ez zekien bere kideek biktimak hiltzen zituztenik.

Akusazioek gogora ekarri dute hiru lagun horien existentzia ez dela frogatu, ez auzi honetan, ez aurrekoetan. Baina hala balitz ere, herri akusazioaren abokatuak zentzugabe jo du auzipetuaren kontakizuna: «Esan du lagunetako batek bidaliko ziola bere argazkia biktimari. Norbaitek uste du biktimak etxeko atea irekiko ziela argazkian agertzen ez ziren pertsona batzuei?». Horrez gain, akusatuaren kreditu txarteleko eragiketei begira, patroi bat deskribatu du fiskalak: «Biktima batetik besterako tartean, ikusten da dirua jasotzen zuela, gastatu egiten zuela, eta amaitzen zenean diru sarrera berriak bilatzen zituela. Diru mugimenduak, gainera, ez datoz bat irabaziak azkar banatu behar izatearekin: erdia erosketetan gastatzen zuen. Beste inork ez zuen diru hura aprobetxatu».

Diskriminazioaren larrigarria

Herri epaimahaiko kideak bihar eguerdian hasiko dira auziaz deliberatzen. Akusatua delituen egilea den ala ez ebatzi beharko dute; errudun jotzen badute, epaileak erabakiko du zenbateko zigorra ezarri. Zigor eskaeretan ez da aldaketarik izan: fiskaltzak hamasei urteko kondena eskatu du, giza hilketagatik eta iruzurragatik; akusazio partikularrak —biktimaren familiak—, 30 urtekoa, hilketagatik hainbat larrigarrirekin eta lapurretagatik; eta Gehitu elkarteak bideratutako herri akusazioak, berriz, 28 urte eta bederatzi hilabete, erailketaren delituari diskriminazioaren larrigarria erantsita.

Ildo horretan, Gehituren abokatuak nabarmendu du biktimak sexu orientazioaren arabera hautatu zituela akusatuak, horren aitzakian haien etxean sartzeko: «Delituak berariaz egin zituen kolektibo zaurgarri eta babesgabe baten inguruan, harreman sexu-afektiboak sortzeko dituzten tresnak baliatuz, eta pertsona askoren homosexualitatea publikoa ez dela aprobetxatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA