Bihar goizaldean ilargi eklipse partziala izango da

Lurrak Ilargiaren zatirik handiena estaliko du 06:12 aldera, eta Ilargiak tonu gorrixka hartuko du.

Ilargiak eklipsean izango duen itxura. ESPAINIAKO GEOGRAFIA INSTITUTUA
Ilargiak eklipsean izango duen itxura. ESPAINIAKO GEOGRAFIA INSTITUTUA
2026ko abuztuaren 27a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar goizaldean ilargi eklipse partziala ikusi ahal izango da Euskal Herrian. Gurean guztiz ikusiko ez den arren, Lur planeta Ilargia estaliz joango da, eta sateliteak tonu gorrixka hartuko du. Azkeneko ilargi eklipse partziala 2023ko urriaren 28an izan zen.

1

Zer da ilargi eklipse bat?

Ilargi eklipse bat ilargi betea dagoenean gertatzen da. Orbitaren posizio horretan, Eguzkiaren justu kontrako aldean dago Ilargia, Lurra atzetik gurutzatzen baitu. Eguzki argiaren ibilbidean sartzean, Lurrak itzal luzea proiektatzen du espazioan, eta Eguzkiaren kontrako norabidean hedatzen da.

Ilargia itzal horretan sartzen denean, bistatik erabat desagertuko dela espero da. Baina benetan gertatzen dena kontrakoa da: Ilargia ez da inoiz guztiz itzaltzen, baizik eta tonu gorrixka edo laranja ilun oso bereizgarria hartzen du.

Oraingo honetan, ilargi eklipse partziala izango denez, Lurraren itzalak ez du guztiz estaliko Ilargia: haren gainazalaren %93 estaliko du.

2

Noiz ikusiko da?

Eklipsearen fase partziala bihar goizaldeko 04:34 aldera hasiko da; une horretan, Lur planeta itzala egiten hasiko da Ilargiaren gainean, eta satelitea pixkanaka gorrituz joango da. Eklipsearen punturik gorena 06:12 aldera iritsiko da: Lurraren itzalak Ilargiaren diskoaren %93 estaliko du, eta kolore gorrixka duela ikusi ahal izango da. 07:51 aldera fase partzialaren amaiera izango da; ilbetea ohiko kolorez ikusiko da berriro.

3

Non ikusiko da?

Europatik, Afrikatik, Asiako mendebaldetik eta Ameriketatik ikusi ahal izango da fenomenoa. Euskal Herrian, berriz, eklipsea ikusi ahal izango da, baina Ilargia ezkutatu egingo da fase partziala amaitu baino lehen.

4

Babes neurririk hartu behar da?

Biharko eklipsea begi hutsez ikusi ahal izango da, eguraldiak laguntzen badu. Eguzki eklipseetan ez bezala, ilargi eklipseak ikusteko ez da beharrezkoa eklipseetarako betaurrekoak janztea. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA