'Bihar' nazioarteko kongresua abiarazi dute, Bilbon

Mundu zabaletik heldutako 45 solaskide baino gehiago ariko dira, biziberritzeko ahaleginetan ari diren 40 hizkuntza komunitateren ordezkari; Irunen eta Hendaian izango dira hurrengo saioak, larunbata bitartean.

Juan Mari Aburto hizketan 'Bihar' kongresuaren hasiera ekitaldian, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
Juan Mari Aburto hizketan 'Bihar' kongresuaren hasiera ekitaldian, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 23a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu zabaletik heldutako 45 solaskide baino gehiago elkartuko dira Bihar nazioarteko kongresuan, biziberritzeko ahaleginetan ari diren berrogei hizkuntza komunitateren ordezkari. Gaur izan da hasiera ekitaldian, Bilbon. Irunen eta Hendaian jarraituko du, larunbata bitartean. Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua da kongresuaren leloa, eta bereziki, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak aztertzea da xedea. Ikuspegi akademikoak, gizarte aktibismoak, eta kultur eta arte adierazpenak: guztiek izango dute lekua topaketa handian. 

Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskarabideak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko eta Beasaingo udalek, eta Euskal Kultur Erakundeak: guztiek babestu dute biltzarra, eta erakunde guztietako ordezkariak izan dira gaur Bilbon. Bilboko Udalaren partetik, Juan Mari Aburto alkateak hartu du parte. Denek nabarmendu dute ekinbidearen garrantzia. Kongresuko antolatzaile Gorane Aiestak nabarmendu du badela topaketan mintzatuko diren solaskide guztiak batzen dituen muin bat: «Gure hizkuntzei arnasa eta bizitza emateko grina. Ez gaude hemen denok gauza bera egiten ari garelako, baizik eta ezberdin egiten duguna elkarri kontatzeko eta zubiak eraikitzeko. Besteen esperientziatik ikasteko».

Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupak eta Plazara-k lankidetzan antolatu dute kongresua, eta prozesu luze bat egin dute horretarako. Lanketa zehatza, hain justu ere, orain dela bi urte abiarazi zuten. Aurrena, nazioarteko diagnostiko bat landu zuten; ondoren, diagnostiko hori Euskal Herrian «sozializatzeko» prozesu bat egin dute, eta kongresua izango da hirugarren fasea.

Irunen egin zuten kongresuaren aurkezpena, irailaren 9an. Kontinente guztietako jendea izango dela aurreratu zuten han. Hain justu ere, Europako hizkuntza komunitateetako kideak izango dira biltzarrean: euskaldunak, katalanak eta galesak, esaterako. Baina beste lurralde askotakoak ere bai. Afrikatik khoikhoi eta amazig komunitateetako kideak helduko dira; Asiatik, kurduak eta torwaliak; Ozeaniatik, maoriak eta aborigenak; Ameriketatik, kitxuak, maputxeak, Haitiko kreoleradunak eta Kanadako innuak.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA