Bihar zabalduko dute guztiz A-15 autobiaren Gipuzkoako zatia

Lau tunelak berritu dituzte, zortzi urte iraun duten obra batzuen bitartez. Ez dute zehaztu zer ordutan irekiko duten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak, herenegun, Belabietako tunelaren parean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak, herenegun, Belabietako tunelaren parean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 23a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau tunel. Zortzi urte. 95 milioi euro. 2018an tunelak berritzeko obrak hasi eta gero, bihar irekiko dute guztiz A-15 autobiaren Gipuzkoako zatia. Ez dute zehaztu zer ordutan. Atzo gauetik A-15 autobia moztuta dago Andoain eta Berastegi artean: obretako eta obrek iraun duten bitartean jarritako ingurabideetako elementuak kentzen ari dira, eta larrialdi baten simulazioa ere egin behar dute, segurtasun sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela egiaztatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak berritu egin ditu A-15 autobiaren Gipuzkoako zatiaren lau tunelak: Belabieta, Gorosmendi, Oindolar eta San Lorentzo. Berez, izenez, lau tunel dira, baina praktikan zortzi dira, bi noranzkoetan baitaude. Belabietakoa da luzeena: 1.836 metro ditu. Segurtasun sistema berriak jarri dituzte —«maila handienekoak»— eta tuneletako eraginkortasun energetikoa hobetu dute. Segurtasuna hobetzeko 150 kamera inguruko sistema bat jarri dute. Kamera horiek adimen artifiziala dute. Egun osoan zaintzen dituzte tunelak. Zerbait gertatuz gero, atzeman egingo lukete, eta protokoloak automatikoki aktibatu. Miramongo (Donostia) kontrol zentrotik kudeatzen dituzte tunelak.

Eskerrak herritarrei

«Aurrerapauso garrantzitsua da», Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan. Obrak ikustera joan zen herenegun, eta eskerrak eman zizkien obren ondorioak jasan behar izan dituzten herritarrei, bereziki inguruko herrietan bizi direnei. Izan ere, lanek iraun duten zortzi urteetan autobia zabalik egon da, baina ingurabideak jarri dituzte obrak egin ahal izateko, eta zati horietan errei bat bakarrik egon da noranzko bakoitzean. 

Tuneletako asfaltoak sentsoreak ditu azpian. Gai dira kontrako bidean doazen ibilgailuak atzemateko, ibilgailu kopurua neurtzeko eta auto pilaketei aurre hartzeko. Tuneletako aireztapen sistemak etengabe neurtzen du airearen kalitatea, «eta algoritmo aurreratuen bidez erregulatzen da funtzionamendua». Tunelen barruan suteren bat gertatuz gero, gai izango litzateke «tunelaren gangan kea jasotzeko eta han eusteko, tunela husteko denbora emateko».

Argiztapen sistema ere berritu dute: gai da tunelen kanpoko baldintzetara eta momentuko ikusmen baldintzetara egokitzeko. Argindarra eteten bada ere, gai dira lanean jarraitzeko, argindar hornidura bermatzeko gailuak jarri baitituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA