Bilboko udaletxeko Areto Arabiarrean egindako ekitaldi baten bidez, Bizkaiko hiriburua etxebizitza arloko tentsio handiko eremu izendatu dute, nahiz eta, praktikan, neurria urrian sartuko den indarrean, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateak parte hartu dute ekitaldian, eta biek ala biek nabarmendu dute izendapenak zer eragin izango duen Bilboko biztanleentzat: aurrerantzean, alokairuen prezioa ezin izango da kontsumo eta etxebizitza prezioen indizearen gainetik igo, eta bestelako neurriak hartzeko bidea irekiko da.
Jaurlaritzak maiatzean argitaratu zuen tentsio handiko eremu izateko baldintzak betetzen dituzten udalerrien zerrenda, eta 32 udalerri ageri ziren denera, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Legeak ezarritakoaren arabera, udalerri bat tentsio handiko eredu izendatu ahal izateko beharrezkoa da udalerri horretako familia arrunt batek familia errenta erabilgarriaren %30 baino gehiago gastatzea batez beste etxebizitza alokatzeko eta hura hornitzeko.
Bilbok bete egiten du baldintza hori: batez besteko gastua errenta erabilgarriaren %30,24 da, eta auzo batzuetan are handiagoa. Abando barrutian, berriz, batez besteko gastua %30 baino gutxiagokoa da, baina, hala ere, erabaki dute Bilbo osoa jotzea tentsio handiko eremutzat izendapena auzoka egin beharrean, «hiriko merkatuaren gainerako esparruetan duen inpaktu sistemikoa» dela eta. «Errentaren gaineko presioa jasanezina da familia askorentzat», azaldu du Itxasok.
Izendapen hori kontuan hartuta, gaur egun EAEko biztanleen %36 bizi dira tentsio handiko eremu izendatutako udalerrietan. Izendapenak hainbat ondorio izango ditu: galarazi egingo dute alokairuen prezioak kontsumo eta etxebizitza prezioen gainetik igotzea aurrerantzean, eta, jabe handien etxebizitzei dagokienez, lehen aldiz alokairuan jartzen diren etxebizitzak edo azken bost urteetan alokairuan egon ez direnak erreferentziazko prezioen indizearen arabera arautuko dira.
«Ezin dugu onartu etxebizitza hutsak egotea jakinda milaka pertsona zain daudela»
DENIS ITXASO Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburua
Hala ere, oraingoz herritarrek itxaron egin beharko dute neurri hori indarrean sartu aurretik, erreferentziazko prezioen indize hori kalkulatu gabe dago eta. Izan ere, Bizkaiko Foru Ogasunaren datuak behar dituzte kalkuluak egiteko.
Hiru urteko plana
Izendapena egin ostean, hiru urte iraungo duen ekintza plan bat jarriko dute abian. Haren arabera, espero dute 2025etik 2028rako epean 1.090 etxebizitza eraikitzea. Gainera, Bilboko Udalak berrehun zuzkidura bizitoki sustatuko ditu hiru auzotan, eta guztira 25 milioi euro inbertituko ditu.
Bizitegiak eraikitzeaz gain, gaur egun hutsik dauden etxebizitzak merkatura atera nahi dituzte plan horren bidez. Horretarako, jabe partikularrei diru laguntzak emango dizkiete etxebizitza horiek egokitu ditzaten, eta bitartekaritza estrategiak ere garatuko dituzte. «Ezin dugu onartu etxebizitza hutsak egotea jakinda milaka pertsona zain daudela», esan du Itxasok. «Etxebizitza itxi bakoitza aukera galdu bat da: beraz, eskaintza hori irmo mobilizatuko dugu».
Bestelako neurriak ere ageri dira hiru urteko ekintza planean: alokairurako prestazio eta laguntzen sistema indartzea, alokairu kontratuen baldintzak zabaltzea, merkatua aztertzeko behatoki bat sortzea, administrazio publikoek etxebizitzak eskuratzeko lehentasuna izatea, eta abar. Jabe handien inguruko neurri sorta bat ere sartuko dute indarrean: halako jabeak identifikatzeaz gain, lankidetza eta eraberritze akordioak egin nahi dituzte haiekin, eta pizgarriak eman nahi dizkiete etxebizitzak parke publikoan sar ditzaten.
Azkenik, turismo ostatuak ere aintzat hartuko dituzte plangintzan. Mekanismo batzuk abiarazi nahi dituzte jabe erkidegoei laguntzak emateko eta lizentziak kautelaz eteteko, beharrezkoa balitz.
«Pauso garrantzitsua»
EH Bilduren iritziz, «pauso garrantzitsua» da Bilbo tentsio handiko eremu izendatu izana, «denbora luzez itxaroten egon ostean», baina bestelako neurriak ere eskatu ditu «izendapen hori eraginkorra izan dadin». Hain zuzen ere, eskatu du behingoz zehazteko alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea: «Gaur egun, tresna hori oraindik ez dago abian, EAJk eta PSE-EEk ez dituztelako egin etxeko lanak».
EH Bilduren Bilboko zinegotzi Karlos Renedok adierazi duenez, Bilbo tentsio handiko eremu izendatuta onartu da Bizkaiko hiriburuak «arazo handi bat» duela alor horretan, baina uste du izendapenaren osagarri gisa beste neurri batzuk hartu behar direla: «Sinatzeko ekitaldia argazki soil bat izango da baldin eta erakunde guztietan ez badira izendapena martxan jartzeko beharrezko neurriak hartzen».
Neurri horietako batzuk zerrendatu ditu Renedok: alokatzeko etxebizitza publikoen eskaintza handitzea, alokairuaren prezioari muga jartzea, turismorako ostatuak gutxitzea, etxebizitza hutsak merkatuan sartzea eta «funts espekulatzaileak zergapetzea».