Bilbo-Palestina taldeak kontzentrazioa antolatu du biharko Bilbon

Elkarretaratzea 13:30ean izango da, Plaza Biribilean. Mugimendu Globala Gazara koalizioak mundu osoan deitu du elkarretaratzeetara.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako elkarretaratze bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako elkarretaratze bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbo
2025eko abuztuaren 8a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbo-Palestina Herri Ekimenak elkarretaratzera deitu du biharko Bilboko Plaza Biribilean, 13:30ean. Hala, bat egin dute Mugimendu Globala Gazara koalizioak —ingelesez Global Movement to Gaza— mundu guztirako egindako deialdiarekin. Gazarako Martxa Globala izena zuen lehen koalizioak, eta Gazari laguntzeko eta «setioa apurtzeko» elkartasun ekintzak antolatzen ditu. Bilboko kontzentrazioa «genozidioaren kontrako eta Palestinaren askatasunaren aldeko borroka» babesteko ekintza bat da, antolatzaileen esanetan. 

Berrogei herrialde pasatxotako ekintzaileek osatzen dute koalizioa. Mugimenduak planteatzen dituen lau eskaera nagusiak azaldu ditu Bilboko herri ekinaldiak: gobernu eta erakundeek «presaz» jardutea Israelen genozidioa eta Palestinaren kolonizazioa geldiarazteko; Gazarako lehorreko eta itsasoko pasabide guztiak «berehala eta modu iraunkorrean irekitzea»; UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa edo nazioarteko erakundeak Gaza barruan elikagaiak eta ura «modu seguru eta duinean banatzen hastea oztoporik gabe»; eta laguntza humanitarioarekin Gazara nabigatzen duen Global Sumud Flotilla ontziteriari «itsas pasabide segurua bermatzea». 

«Mobilizazio global honek herri palestinarrak Gazan egiten dituen premiazko deiei erantzuten die», esplikatu du taldeak.

Protestak Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Mobilizazio gehiago ere izango dira Palestinaren alde eta Israelen genozidioaren kontra Euskal Herrian. Palestinarekin Elkartasuna plataformak protestak antolatu ditu Gasteiz, Donostia eta Bilboko jaietarako, eta manifestazio nazional bat Iruñean urriaren 4rako. Plataformak salatu du Gazakoa «gosete planifikatua» dela, eta Mendebaldeko enpresek eta gobernuek «genozidioarekin negozioa» egiten dutela, eta erakundeen «hipokrisia» nabarmendu du.

Lehen mobilizazioa Gasteizen izan zen, herenegun. Donostiakoa etzi izango da, 19:00etan, Bulebarrean, eta Bilbokoa abuztuaren 15ean, 19:00etan, Plaza Eliptikoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.