Bilboko, Donostiako eta Gasteizko airea neurtzeko estazioak «gaizki kokatuta» daude, Ekologistak Martxan-ek salatu duenez

Talde ekologistak txosten batean dio hiru hiriburuetan aztertutako gailuek ez dutela behar bezala islatzen trafikoaren eragina. Zalantzan jarri du datuak fidagarriak ote diren.

Trafikoak eragindako kutsadura neurtzen dute sentsoreek Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Trafikoak eragindako kutsadura neurtzen dute sentsoreek Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
edurne begiristain
2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekologistak Martxan taldeak salatu du Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea neurtzeko zenbait estazio «gaizki kokatuta» daudela, eta, ondorioz, ez dutela behar bezala islatzen nola dagoen benetan herritarrek arnasten duten airea. Zehazki, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean, Donostiako Easo kalean eta Gasteizko Gasteiz Hiribidean dauden neurketa guneak aztertuta iritsi da ondorio horretara.

Talde ekologistak Trafico y calidad del aire urbano en el Estado español txostena eman du argitara (Espainiako Estatuko hirietako trafikoa eta aire kalitatea), eta, han bildutako datuen arabera, hiri nagusietan aztertutako estazioen %75 «desegoki kokatuta» daude, edo, gutxienez, partez ez dituzte betetzen Europako araudiak ezarritako irizpideak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, txostenak dioenez, aztertutako hiru estazioak ez dira egokiak airearen kalitatea monitorizatzeko, altuera desegokian daudelako, errepidetik urrun edo trafiko gune kritikoetatik aldenduta. 

Bilboko neurketa gunea zazpi metro baino gehiagoko altueran dago, «giza arnasketaren ohiko mailatik kanpo», eta, beraz, ez da trafiko handiko eremu baten isla aproposa, txostenak dioenez. Donostiako Easo kaleko estazioa, berriz, trafikotik urrun dago, eta hamabost metroko altueran; eta Gasteizen, Gasteiz hiribidean dago gailua, aparkaleku eremu batean eta 52 metroko altueran. Bi horiek ere ez dira egokiak airearen kalitatea neurtzeko, taldeak ondorioztatu duenez. Aitzitik, estazio gutxi batzuk daude toki egokietan, txostenaren arabera; Iruñeko neurketa gunea da horietako bat.

Talde ekologistaren arabera, administrazio publikoek sarritan lekuz aldatu izan dituzte kutsadura handiena erregistratzen duten estazioak —batez ere trafikoari lotutakoak— bigarren mailako bideetara, datuak «leuntzeko». Praktika hori «ohikoa eta abusuzkoa» dela salatu dute, eta Europako beste herrialde batzuetan ere antzeko kasuak gertatu direla gogorarazi.

Sare osoaren berrikuspena

Europako araudi berriak —2024/28821 zuzentarauak— baldintza zorrotzagoak ezarriko ditu airearen kalitatea neurtzeko kokapenari dagokionez. Estatu kideek arau hori abendua baino lehen txertatu beharko dute legedian, eta neurketa guneek «datu fidagarriak» eman beharko dituzte kutsadura handieneko eremuetan, hala nola bizitegi guneetan, eskoletan eta ospitaleen inguruan.

Ekologistak Martxan taldeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio airearen kalitatea neurtzeko sare osoa berrikusteko, bai kokapenari dagokionez, bai funtzionamendu baldintzei dagokienez. Helburua da herritarrek arnasten duten aireari buruzko informazio «argia, zehatza eta zorrotza» bermatzea, talde ekologistak azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA