Bilboko Etxarri II gaztetxea hustu eta urtebetera, «inpunitate polizialaren» aurkako manifestua kaleratu dute

Euskal Herriko hainbat gaztetxek eta gazte asanbladek adierazpena kaleratu dute urtemugaren harira. Justizia eskatu dute Iker Aranarentzat eta oldarraldian zauritu zituztenentzat, eta protestarako eskubidea aldarrikatu dute.

Iazko apirilean Bilboko Etxarri II gaztetxea hustu izana salatzeko manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iazko apirilean Bilboko Etxarri II gaztetxea hustu izana salatzeko manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
2026ko apirilaren 4a
11:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo urtea bete zen Ertzaintzak Bilboko Etxarri II gaztetxea indarrez hustu zuenetik, eta, urteurrenaren harira, Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladek manifestu bat zabaldu dute. Ohar bateratu batean, gaztetxearen defentsan mobilizatu ziren pertsona guztiei babesa adierazi diete, bereziki Iker Aranari eta egun hartan atxilotu eta poliziaren furgoi barruan jipoitutako gazteari.

Egun horretan Poliziaren oldarraldian zauritutakoak gogora ekarri dituzte, eta nabarmendu gertakari haiek ez zirela salbuespena izan, «aurrez prestatutako esku hartze baten ondorio» baizik. Hala, adierazi dutenez, iazko apirilaren 3ko operazioa aldez aurretik diseinatuta zegoen, eta «diziplina mertzenarioan trebatutako poliziek» goitik jasotako aginduak bete zituzten. Horren ondorioz, hainbat lagun zauritu ziren, tartean Iker Arana, eta beste gazte bat furgoi barruan «gehiegikeriaz eta inpunitate osoz» jipoitu zuten, salatu dutenez.

Gertakari haiek izan zirenetik urtebete igaro den honetan, ez da inolako erantzukizunik eskatu, eta «inpunitate polizialak» bere horretan dirau, adierazpenaren sinatzaileen arabera. Are, salatu dute gaztetxeen defentsan mobilizatu zirenek oraindik ere zigorrak eta mehatxuak jasaten dituztela, «estatuak babestutako dinamikaren» baitan.

Testuinguru horretan, gaztetxeen garrantzia azpimarratu dute. Haien esanetan, gaztetxeak historikoki izan dira gazte langileek pairatzen dituzten «zapalkuntzei» aurre egiteko eta «marjinalitate» egoeretatik ateratzeko guneak. Garai bakoitzean forma eta lehentasun batzuk hartu badituzte ere, iritzi diote gaur egun «urgentziazkoa» dela gazteria joera erreakzionario eta belikoen aurka antolatzea.

Horregatik, herriz herri eta auzoz auzo gaztetxeak defendatzeko eta berriak irekitzeko beharra aldarrikatu dute. Gaztetxeen aldeko borrokari eutsiko diotela adierazi dute, eta gune horiek funtsezkotzat jo dituzte gazteriaren antolakuntzarako eta borrokarako.

Bestalde, langileriaren eskubide politikoen aldeko borroka ere aldarrikatu dute. Kale mobilizazioa eta protesta, diotenez, injustiziak salatzeko eta gehiengo sozialaren interesak defendatzeko tresnak izan dira historikoki. Ildo horretan, nabarmendu dute Etxarri II gaztetxea indarrez hustearen aurkako mobilizazioa nahitaez «gertatu beharreko gatazkaren adierazgarri» izan zela, eta azpimarratu dute bide hori ezin dela baztertu.

Horrez gain, gaztetxeen defentsan eta protesta eskubidearen alde egin dute, eta justizia eskatu dute Iker Aranarentzat eta egun horretan zauritutako guztientzat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA