Iker Aranaren auzia ikertzen ari den epaileari auzibidea ez ixteko arrazoiak eman dizkio Justizia Aranarentzat plataformak, edo, behinik behin, hala uste dute plataforma horretako kideek; izan ere, Bilboko Etxarri II gaztetxea husteko operazioan, gazteak barrabil bat galdu zuen Ertzaintzaren foam jaurtigai baten ondorioz, eta foam jaurtigai horrek nola jo zuen erakusten duen bideo bat argitaratu du plataformak. Ertzaintzaren abokatuak eskatu berri du auzia artxibatzeko, baina, hain justu, Aranaren aldeko plataformako kideek espero dute bideo hori aurkeztuta ikerketan aurrera egitea.
Justizia Aranarentzat plataformak jakinarazi du «egun hartan benetan zer gertatu zen» azaltzen duen bideo bat zabaldu duela. «Ikerri tiro egin zion ertzainaren ondoan zeuden bi ertzainen deklarazioen arabera, ez da posible foam bala batekin distantzia hartatik jota Ikerrek barrabil bat galdu izana». Deklarazio horietan oinarriturik eskatu dute auzia artxibatzeko, plataformak gogorarazi duenez. Horrez gain, ertzain horiek adierazi zutenez, Aranak segurtasun lerroa gainditu zuen, eta bai hark eta bai gaztetxe aurrean zeuden beste zenbaitek kristalezko botilak jaurti zizkieten ertzainei.
Bada, plataformak, bideoa zabaltzearekin batera, azaldu du gaztetxe atarian «giroa lasai» zegoela, Ertzaintzak bota zuela «lehen tiroa», eta zenbaitek —besteak beste Aranak— jarrera hori aurpegiratu zietela ertzainei. Plataformak dioenez, Arana «metro batzuk hurbildu» zen «besoak altxatuta, protesta gisa», eta, ertzainek esan dutenaren kontra, ez zuen botilarik jaurti, «ezta segurtasun lerroa gainditu ere».
Zuzenean barrabiletara
Orduantxe, ertzain batek tiro egin zuen berriz, «Ikerren barrabiletara zuzenean» tiro egin ere, Aranaren aldeko taldearen arabera. «Beraz, gau hartan bertan Basurtuko ospitalean egindako mediku txostenean baieztatu zen bezala, Ertzaintzak jaurtitako foam bala batek hautsi zion barrabila», ziurtatu du Justizia Aranarentzat plataformak. Aranak berak ere argi azaldu zuen nola gertatu zen guztia, BERRIAri emandako elkarrizketa batean.
«Gau hartan bertan Basurtuko ospitalean egindako mediku txostenean baieztatu zen bezala, Ertzaintzak jaurtitako foam bala batek hautsi zion barrabila»
JUSTIZIA ARANARENTZAT PLATAFORMA
Epaileari auzia artxibatzeko eskatu dion abokatua Euspel polizia sindikatuaren abokatu nagusia da. Plataformak azaldu du «Euspelek Ertzaintzaren barruko sektore erreakzionarioena» ordezkatzen duela; abokatu hori akusazio partikular gisa ari da Gasteizen Falangeari aurre egin zioten antifaxisten auzian, eta, gainera, Etxarri gaztetxearen operazioan ustez bi gazte jipoitzeagatik ikertzen ari diren beste bi ertzainen abokatua ere bada.
Deklaratu duten ertzainek adierazi zuten «ezinezkoa» dela SIR jaurtigai batek halako kaltea eragitea kontuan hartuta tiroa zer distantziatatik egin zen. Ertzaintzaren txostenaren arabera, 33,89 metroko distantziatik jaurti zuen foam pilota ikerketapean dagoen agenteak. Ertzaintzak bi jaurtigai mota ditu: SIR eta SIR-X. Agenteak SIR jaurtigai bat bota zuen Aranaren kontra Bilbon. Mota horretakoak baliatu ohi dituzte distantzia laburragoetarako, kalte txikiagoak eragiten dituztelako. Halere, arriskutsuak dira horiek ere: Tecnalia enpresak Segurtasun Sailarentzat egindako txosten baten arabera, 15 metrora baino gutxiagora jaurtiz gero, burezurra ere hautsi diezaioke norbaiti.
Hori horrela, eta foam tiroaren inguruko bideoa kaleratu ondoren, plataformak exijitu du «erantzukizuna erabat» argitu dadila, Aranaren auzian inpunitaterik ez izateko. Plataformako kideen ustez, «poliziaren inpunitateari aurre egin eta protestarako eskubidea bermatu behar da».
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria zuhurrago aritu da hizketan, hedabideen aurrean. Adierazi du zer jazo zen «lehenbailehen argitzea» dela sailaren nahia, eta epaitegien esku utzi du auzia, haiek erabaki beharko dutelakoan «zer gertatu zen edo ez». Sailburuak azaldu duenez, sailak epaileari aurkeztu dio eskura duen informazio guztia, eta aurrerantzean ere kolaboratzeko prest daude.
Aurrez, auziaz mintzo zela, eta egun hartan grabatu zituzten irudiei erreferentzia eginda, Zupiriak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen litekeena dela Aranaren lesioak «ertzain baten jokabide desegokiaren» ondorio izatea. Orduan egindako zenbait adierazpen berretsi ditu gaur ere: «Gizarteak legitimitatea eman dio Ertzaintzari beharrezkoa denean indarra erabiltzeko eta hori modu proportzional batean egiteko. Baina horren eta indarraren erabilera ez-legitimoa egitearen artean badago aldea, eta sail honek ez du babesten hori».
Zabarte, epaiaren zain
Azken bi urteotan Ertzaintzaren oldarraldietan larri zauritutakoen zerrendan dago Arana, baita Amaya Zabarte ere, Anoeta inguruetan foam jaurtigai batek buruan jo zuen emakumea. Haren auzian, jada bukatu dira lekukoen deklarazioak, eta aldeak epailearen erabakiaren zain daude. Bada, hain zuzen ere, deklaratu duen azken lekukoak ekarpen garrantzitsua egin du Realak eta PSGk Txapeldunen Ligan jokatu zuten futbol partidaren atarian gertatutako oldarraldi hura argitzeko. Emakume gazte batek duela egun batzuk ziurtatu zuen, epailearen aurrean, ikusi egin zuela ertzain batek nola jo zion ostiko Zabarteri. Grabatutako zenbait iruditan ere ostiko horren zantzu argiak daude, eta lekuko horrek deklaratu zuen baietz, Zabarteri buruan jo ziotela ostiko.
Gainera, Anoeta inguruetako oldarraldi berean zauritutako beste bi emakumeren auziak epaitegietan daude oraindik. Hala bata nola bestea burualdean jo zituzten foam jaurtigaiek. Bestalde, Falangeak Gasteizen egindako erakustaldi faxistari aurre egiten ari zen gazte bat larri zauritu zen Ertzaintza oldartu zenean, eta auzi hori ere epaitegietan da; Aritz Ibarra da zauritutakoa, eta masailezurrean ditu zauriak. Donostiako Intxaurrondo auzoan, berriz, emakume batek salatu zuen Ertzaintzak jipoitu egin zuela Voxen aurkako istilu batzuen harira, nahiz eta ez zen istiluetan parte hartzen ari. Hark ere salaketa jarri du Ertzaintzaren aurka, Donostiako epaitegian.
Eta, azkenik, tartean dago Tolosako inauterietan begi bateko ikusmena ia erabat galdu zuen adingabearen kasua ere, Xuhar Pazosena. Tolosako epaitegiak bigarrenez artxibatu arren, familiak helegitea jarri du, auzia berriro ireki dadin, eta Ertzaintzak gazteari botatako foam jaurtigaiaren ingurukoak argitu daitezen. Pazos ez zegoen goizalde hartan Poliziaren aurka oldartu zen taldearen barruan, jaietan baizik, baina, hala ere, jaurtigai batek jo zuen begi batean, zer gertatzen ari zen grabatzen ari zela, sakelakoarekin.