Bilboko etxebizitza komunitarioetako langileei babesa adierazi diete feministek

Baliabide horietan «lan esplotazioko sare bat» dagoela salatu zuen urtarrilean LABek. Bilbo Feminista Saretzen plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute, eta erakunde publikoen jarrera kritikatu.

Etxebizitza komunitarioen egoera salatzeko kontzentrazioa, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Etxebizitza komunitarioen egoera salatzeko kontzentrazioa, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko otsailaren 26a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontraturik gabeko langileak, atseden egunak ukatzen dizkietenak eta gizarte segurantzaren kuota beren poltsikotik ordaintzera behartzen dituztenak. Horiek guztiak Bilboko hainbat etxebizitza komunitariotako langileei gertatzen zaizkienen adibideak bertzerik ez dira. Etxebizitza horietan «lan esplotazioko sare bat» dagoela salatu zuen LABek urtarrilean, eta, gaur arratsaldean, feministek kezka adierazi dute egoera horren harira. Halaber, langileei eskerrak eman dizkiete zer gertatzen ari den salatzeagatik: «Zuek egiten duzuen zaintza lana oso garrantzitsua da, eta borrokan jarraituko dugu lan hitzarmen eta baldintza duinak bermatzeko».

Bilbo Feminista Saretzen taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aitzinean, eta etxebizitza komunitario batzuetan gertatzen ari denarekin «kezkatuta eta haserre» daudela adierazi. Esplikatu dutenez, adineko autonomoek edo mendekotasun txikiren bat dutenek bizi behar dute etxebizitza horietan, eta, hortaz, horren araberako ratioak daude ezarrita. Errealitatea bertzelakoa da: mendekotasun handia duten erabiltzaile anitz daude, eta langileek ez dute baliabide aski haiek behar bezala zaintzeko. «Harrituta gaude ikusita erakunde publikoak ez direlako oldean atera kasu hau gaitzestera, ikertuko dutela hitzematera eta konponbideak proposatzera. Gure gobernuei berdin al zaie nola dauden etxebizitza komunitarioetako adinekoak eta langileak?», erran dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera ere kritikatu dute, eta erran ez ikusiarena egin duela, eskumen banaketa aitzakia gisa hartuta. Lan ikuskaritzak, berriz, ikuskapenak egin zituen iaz etxebizitza horietako batzuetan, baina ikuskariak ezin izan ziren barnera sartu. «Beraz, agerian geratu da, beste zaintza sektoreetan gertatzen den bezala, ikuskapenerako tresnak ez direla baliagarriak etxebizitza komunitarioetan ere, eta horrek babesgabeago uzten ditu langileak», gehitu dute.

Araudia

Etxebizitza komunitarioen gaineko araudia falta dela ere salatu dute, eta nabarmendu «zaintza sektorearen desarautzea» zabaltzen ari dela: «Okerren dauden eremuak eta lanpostuak hobetu ez, eta, gainera, gero eta zerbitzu gehiago daude arau eta kontrol eraginkorrik gabe, diru gosea besterik ez duten enpresen eta enpresarien esku».

Izan ere, 1998ko dekretu batek arautzen ditu halako baliabideak; 2019an berritu zuen Eusko Jaurlaritzak, baina zahar etxeen atala soilik, eta kanpoan utzi zituen etxebizitza komunitarioak, geroago arautuko zituela argudiatuta. «Baina ia zazpi urte joan dira, eta ez da ezer gertatu. Are, ez dirudi Eusko Jaurlaritzak beste arau bat egiteko premiarik ikusten duenik, azken asteetan ez baitu ezer esan etxebizitza komunitarioei buruz», gehitu dute.

Egoera aintzat hartuta, lan baldintza duinak exijitu dituzte zaintza sektoreko langileendako, baita zaintza behar duten adinekoendako bizi baldintza duinak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.