Bilboko tranbia, metro eta autobusetan Lagunklik enpresak jarritako publizitate kanpainaren inguruan haserre agertu dira Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea eta hainbat talde feminista —tartean Euskal Herrio Bilgune Feminista—. Kanpainak, haien esanetan, zaintza eta etxeko lanak «gutxiesten» ditu, eta «iraingarria eta klasista» da; horregatik, erretiratzeko exijitu dute.
Honela diote Lagunklik enpresak metroaren hainbat geltokitan, tranbian eta autobusetan paratu dituen iragarkiek: «Etxea garbitu edo bizikletaz paseo bat eman. Leihoak garbitu edo kañak hartzera joan. Etxez etxeko zerbitzuak eskaintzen dizkizugu, benetan axola duen horretan jardun dezazun».
Eremu publikoa «mezu sexistak eta klasistak» zabaltzeko erabili izana kritikatu dute Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak eta talde feministek, eta kanpaina kentzeko exijitu dute. «Irainduta» sentitu direla azaldu dio BERRIAri Sarai Arcek, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kideak: «Publizitate horrek garbiketa eta zaintza lanak gutxiesten ditu, eta gure bizitzetan hain funtsezkoa den zerbait aisialdiarekin alderatzen du».
Elkarteko ordezkariaren ustez, etxeko lanak eta zaintza lanak «garrantzitsuak eta beharrezkoak» dira, eta bizitzei eusten diete, «baita bizikletan paseatzen ari direnen edo tabernetan ibiltzen direnen bizitzei ere». Eta ohartarazi du ez dutela onartuko haiei «ez ikusiarena» egitea, ezta «mespretxuz» tratatzea ere.
Lagunklik enpresak abiatutako kanpaina baliabide ekonomiko handiak dituztenentzat pentsatuta dagoela argi du Arcek: «Mezu horiek metroaren geltoki nagusietan jarri dituzte, Abandon eta Moyuan adibidez, eta ez, aldiz, ezkerraldeko geltokietan». Hori guztia Mondragon Taldeko enpresa batek egin izana salagarria dela ere uste du.
Elkarteek salatu dute «onartezina» dela garraio publikoak horrelako mezuak zabaltzen laguntzea, eta, horregatik, protesta batera deitu dute biharko, Moyua Bilboko metro geltokiaren aurrean, 18:30ean; kanpaina berehala erretiratzeko exijituko dute.