Bilboko itsasadarraren azpiko autobidea «atzerapauso bat» dela salatzeko kanpaldia egingo dute asteburuan

Subflubiala Ez plataformak adierazi du proiektuak kalte nabarmenak eragingo dituela ingurumenean eta herritarren bizi kalitatean.

Subflubiala Ez plataformak Bilboko itsasadarraren azpiko autobidearen kontra egindako manifestazio bat, iazko ekainean, Getxon.
Subflubiala Ez plataformak Bilboko itsasadarraren azpiko autobidearen kontra egindako manifestazio bat, iazko ekainean, Getxon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko ekainaren 11
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurrerabidearen izenean, «atzerapauso bat». Bilboko itsasadarraren azpiko autobidearen proiektua gizartearen beharren kontrakoa dela uste du Subflubiala Ez plataformak, besteak beste trafikoa handitu eta berotegi gasen isuriak areagotuko dituelako, klima larrialdi betean egin ere. Talde horrek egitasmoaren aurka antolatu duen kanpaldia aurkeztu du gaur, Leioako Artatza parkean egin duen prentsaurrekoan. Toki horretan bertan egingo dute kanpaldia asteburuan.

Hain justu, autobidearen proiektuaren barruan, aurreikusia dute Artatza parkearen ondoan tunela egiteko leherketak egitea, eta plataformak adierazi du leherketak mehatxu bat direla herritarrentzat. Batetik, «bibrazio arriskutsuak» eragingo dituztelako inguruko eraikinetan, besteak beste Artatza-Romo institutuan. Bestetik, herritarren osasunari kalte egingo dielako, aireko partikulen kutsadura dela eta. Zaratak legezko mugak gaindituko dituela ere salatu dute.

Plataformak gogorarazi du Artatza inguruan egin asmo ziren leherketak baztertu egin zituztela proiektuaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenean, baina aldundiak adierazpen hori moldatu egin duela gerora, eta, aldaketa horietan, hobekuntza tekniko gisa txertatu dira aurrez debekatu diren jarduera batzuk. Hala, plataformak salatu du ibilbidearen beste tarte batzuetan ere leherketa gehiago egitea proposatzen dela, «azterketa zorrotzik egin gabe».

«Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera apaltzeko»

SUBFLUBIALA EZ PLATAFORMA

Taldeak esana duenez, enpresa sustatzailearen azterketetan aitortzen dute ibilbide osoa zulaketen bidez egin daitekeela, hau da, eragin txikiagoa sortuta. Hala, uste du arrazoi ekonomikoak daudela lehergaiak erabiltzeko erabakiaren atzean: lanak bizkortzea eta kostuak merkatzea. Aldundiari egotzi dio irizpide ekonomikoak lehenestea osasun publikoaren aurretik. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak espero du hilabete honetan onartzea autobidearen lanen proiektua.

Bizkaiko oposizioko taldeek ere gaitzetsi dituzte proiektuaren azken aldaketak. Joan den astean, aldundiari eskatu zioten ingurumen eraginari buruzko beste adierazpen bat egiteko. Batzar Nagusietako azpiegituretarako batzordean adierazi zuten egitasmoari egin zaizkion aldaketak ezin direla txertatu adierazpenaren moldaketa huts baten bidez. Aldundian agintean diren taldeek, hau da, EAJk eta PSE-EEk eskaeraren aurka bozkatu zuten, eta, beraz, batzordeak baztertu egin zuen eskaera.

Autobideak badu beste berritasunik ingurumen eraginari buruzko adierazpen moldatuan: 300 metro luzeko zubibide bat, Portugaleten, Ballonti ibaiaren ibarrean. Plataformak nabarmendu du ingurumen eraginari buruzko lehen adierazpenak baztertu egin zuela zubibide hori, ingurumenean sortuko lituzkeen kalteengatik. Plataformak salatu duenez, aldundiak «justifikaziorik gabe» gehitu du berriz proiektura, eta inguruko «azken eremu berdeak» suntsituko ditu.

Subflubiala Ez taldeak gaineratu du aldaketa horiek ez direla modu gardenean egin. «Ingurumen eraginari buruzko adierazpena aldatzeko eskaera ez zaie jakinarazi kaltedun guztiei, eta, beraz, legea urratu da».

Eredu zaharkitua

Itsasadarraren azpiko autobidea «logika zaharkitu batekin» lotu du Subflubiala Ez taldeak: autoen joan-etorrietan ardaztutako garraio eredu batekin, eta ez pertsonen eta salgaien mugimendua ardatz duen batekin. Azterketa sakon bat egitea galdegin dio aldundiari. «Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko». Gaineratu du norabide horretan pausoak ematea ez dela aukerakoa, betebeharra baizik. «Hala ezartzen dute aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Energiaren eta Klimaren Plan Integratuaren (PNIEC) eta Europako Batasuneko jarraibideen helburuek».

Plataformak nabarmendu du badirela beste eredu batzuk ezarri dituzten lurraldeak, eredugarri izan daitezkeenak. Paris jarri dute adibide, «Bilboko metropolia baino askoz ere eremu konplexuagoa». Hori dela eta, beste mugikortasun eredu baterantz jauzi egiten hasteko eskatu diete erakundeei. «Ez dago aitzakiarik». Ohartarazi dutenez, «hala egin ezean, ondorengo belaunaldiak lurralde kutsatuago, zaratatsuago eta latzago batera kondenatuko ditugu».

Asteburuko kanpaldirako askotariko ekintzak prestatu dituzte. Larunbatean, azoka, kontzertuak eta umeentzako jolasak izango dira, besteak beste. Igande goizerako, berriz, Frantziako A-69 autobidearen aurkako borrokari buruzko hitzaldi bat antolatu dute. Kanpaldia eguerdian amaituko da, protesta kalejira batekin.

Subflubiala Ez Kanpaldiaren egitaraua

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.