Mehatxua gauzatu, eta, iragarri bezala, Bilboko Udalak bizilagun bat kaleratu du udalaren jabetzako etxebizitza batetik, San Adrian auzoan. Azet etxebizitza sindikatuko kideak azken momentura arte ahalegindu dira Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko ordezkariekin zein etxegabetzea gauzatzera bidalitako segizio judizialarekin negoziatzen, baina ez dute lortu kaleratzea eragoztea, eta, azkenean, etxebizitzako atea bota eta barruan zeuden sindikatuko bi kideak kanporatu dituzte.
Hamahiru urte zeramatzan auzokideak han bizitzen, eta aspalditik ari zen salatzen etxebizitza egoera penagarrian zegoela: hezetasunak eta lizunak janda zegoen, eta hainbat etxetresna hondatuta zeuden. Bilboko Udal Etxebizitzak erakundera jo zuen, etxebizitzan beharrezko konponketak egin zitzan, hura baita jabea; baina, aferak aurrera egiten ez zuela ikusita, errenta ordaintzeari utzi zion, protesta gisara.

Pilatutako zorra erreklamatu zion Bilboko Udalak, 5.000 euro orotara, eta mehatxu egin zion ordaindu ezean kaleratu egingo zutela. Bizilaguna zorra ordaintzeko prest azaldu da, baina hori egiteko modua negoziatu nahi zuen, egoera zaurgarrian izaki ezinezko baitzitzaion 5.000 euroak batera ordaintzea. Atzo horretan ahalegindu ziren Azeteko kideak, eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen egoitzaren aurrean elkarretaratzea ere egin zuten, zorra epeka ordaindu ahal izateko negoziazioari bide eman ziezaion, baina ahalegin guztiak alferrik izan dira, eta erakundeak bereari eutsi dio: zorra osorik eta batera ordaindu, edo kalera.
Sarbidea, moztuta
Gaur, Azetek 08:30erako egina zuen deialdia San Adrian auzoko Goiko Torre kaleko 16. zenbakiaren aurrean, kaleratzea eragozten saiatzeko, baina auzokideak askoz lehenagotik elkartu dira han, Bilboko Udalak etxetik botatzen gaitu esaldia idatzita zuen pankarta baten atzean. Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere lehenagotik egon dira: 16. zenbakia patio batean dago, eta harako sarbidea goiz-goizetik moztu dute poliziek. Hortaz, elkarretaratzea kanpoan egin behar izan dute, espaloi batean.
Hasieran, hogei bat lagun elkartu dira pankartaren atzean, baina goizak aurrera egin ahala gero eta jende gehiago batu da protestara. Tentsio une batzuk egon dira ertzainak elkarretaratzera zihoazen gazte batzuk identifikatzen ahalegindu direnean. Protestak iraun duen bitartean, ez diote oihu egiteari eta zarata atzeratzeari utzi: «kaleratzerik ez», «etxegabetzeak gelditu», «auzo defentsa, klase elkartasuna» «kaleratzen dutenak herriaren etsai», «pobreon kontrako gerra gelditu» eta antzeko leloak bota dituzte.
«Oraingoan, Bilboko Udalak gauzatu du etxegabetzea; bera izan da arduradun bakarra»
AZET ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Bozgorailua hartuta, Azeteko kide batek egoera azaldu die bertaratutakoei: «Miserable horiek, beren eginkizuna bete eta etxebizitza konpondu beharrean, etxegabetzea gauzatzea erabaki dute, eta horretarako beren beso armatua bidali dute hona».
Epaitegiko ordezkariak 09:15ean agertzekoak ziren. Hamar minutu geroago iritsi dira, eta, orduan, Azeteko kideak haiekin hitz egiten ahalegindu dira, baina ez dute lortu.
Elkarretaratzea zegoen tokitik ezinezkoa zen patioan edo atarian gertatzen ari zena ikustea. Etxebizitza barruan zeuden sindikatuko bi kideek telefono bidez kontatuta jakin dute ondoren gertatutakoaren berri: azkenean, atea zabaltzea lortu dute, eta bi kideak kanporatu egin dituzte, baina patioko beste aterabide batetik eraman dituzte, elkarretaratzearekin topo egin ez zezaten. 10:00etan iritsi dira bi kideak elkarretaratzea egiten ari ziren lekura: txaloka eta «gora auzokide solidarioak» oihu eginez hartu dituzte.

Hantxe eman du Azetek gertatutakoaren inguruko lehen iritzia. «Oraingoan, Bilboko Udalak gauzatu du etxegabetzea; bera da arduradun bakarra», azaldu dute. Nabarmendu dute kaleratzearen ondorioz beste pertsona bat «kale gorrian eta inolako alternatibarik gabe» geratu dela.
Udalaren «utzikeria» salatu dute: «Etxebizitza haren jabetzakoa da; hainbat urtez muzin egin dio bere ardurari, eta ez ditu beharrezko konponketak egin». Auzokidea etxegabetzeko «indarkeria» erabili izana ere egotzi diote udalari.
Esan dutenez, San Adriango bizilagunarekin gertatutakoa ez da salbuespena: «Bizimodua gero eta garestiagoa da, eta gero eta gehiago gara krisi honi aurre egin ezinik gaudenak». Horren kontra, «antolakuntza» proposatu du sindikatuak irtenbide gisa. Bertaratutakoei eskerrak emanda amaitu dute protesta.
DesokupaCyL, berriro zorrotzan
Etxegabetzearen kontrako elkarretaratzea amaitu eta segituan, beste gertaera baten berri eman du Azet sindikatuak: Desokupacyl etxegabetze enpresako kideak Bilboko Zorrotza auzoan egon dira berriro, auzokide bati mehatxatzeko asmoz. Esan dutenez, oraingoan «beldurra, xantaia eta biolentzia eskala handiagoan» erabili dituzte auzokideari presio egiteko, eta mehatxu ere egin diote: datozen orduetan etxebizitzatik alde egingo duela adierazten ez badu, ostiralean «legez kanpoko etxegabetzea» egingo du enpresak. Azet etxebizitza sindikatuak eta Zorrotza Antifaxista erakundeak «adi egotera» deitu diete herritarrei: «Aste honetan itzuliko dira faxistak».