Bilboko Udalak emakume bat etxegabetu du Otxarkoagan

Ertzaintzak dispositibo handia hedatu du goizean goizetik, eta etxegabetzea geldiarazteko asmotan bertaratutako hainbat lagun identifikatu ditu. Bilboko Kontseilu Sozialistak salatu du emakumea egoera zaurgarrian dagoela.

Bilboko Kontseilu Sozialistak deitutako elkarretaratzea, parean Ertzaintza zuela, gaur, Otxarkoagan. BILBOKO KONTSEILU SOZIALISTA
Bilboko Kontseilu Sozialistak deitutako elkarretaratzea, parean Ertzaintza zuela, gaur, Otxarkoagan. BILBOKO KONTSEILU SOZIALISTA
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 21a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udaleko Etxebizitza Sailak egoera zaurgarrian dagoen 66 urteko emakume bat etxegabetu du gaur Otxarkoaga auzoan. Bilboko Kontseilu Sozialistak eman du gertatutakoaren berri; goizean goizetik dozenaka lagun elkartu dira Txotena kaleko 16. zenbakiaren aurrean, exijitzeko etxegabetzea bertan behera utz zezatela eta salatzeko udal etxebizitzetan etxegabetzeak izaten direla. Ertzaintzaren dispositiboa handia izan da, ordea, eta etxegabetzea gauzatu dute eguerdia baino lehen. Kontseiluaren arabera, Poliziak hainbat lagun identifikatu ditu, eta jazarri egin zaie.

Etxegabetu duten emakumeak txalo artean utzi du etxea. Kontseiluko kide bat emakumea ondoan zuela mintzatu zaie bertaratutakoei, eta etxegabetzearen erantzukizuna Bilboko Udalari egotzi dio, «hura delako agindua eman duena»: «Ezin dugu onartu udalak jendea etxetik botatzea, are gutxiago egoera zaurgarrian dagoen jendea, eta are gutxiago auzoan bertan etxebizitza hutsak dituela jakinik». Horri aurre egiteko, «klase batasuna» aldarrikatu du, eta antolatzera eta borroka egitera deitu du.

Kontseiluak kontatu duenez, emakumea eta haren familia duela bi urte ere etxegabetu zituzten, eta kalean bizi behar izan zuten Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen jabetzako etxe batera sartzea lortu zuten arte. «Orain, hark adierazi duen arren prest dagoela eta gai dela alokairua ordaintzeko, emakumea etxegabetzea erabaki du udalak. Zaurgarritasun egoeran, osasun arazoekin eta alargun egonda ere kale gorrian utzi dute, beste behin», azaldu dute.

Gehitu dute Udal Etxebizitzak erakundeak uko egin diola «kalitatezko alternatiba iraunkor bat» eskaintzeari, eta entzungor egin diela euren eskakizunei: «Bilbon dozenaka etxebizitza huts dituzten arren, ez dute zalantzarik izan etxegabetzea agintzeko orduan».

Etxegabetzeak urtero

Kontseilu Sozialistak salatu du gaurkoa ez dela Bilboko Udalaren aginduz egindako lehen etxegabetzea, 2024an beste bat egin baitzuten Txurdinagan, eta uztailean beste bat Otxarkoagan bertan. «Bi kasu horietan ere, pertsonak egoera zaurgarrian zeuden arren, ez zieten alternatibarik eskaini», nabarmendu dute. 

«Udal gobernuak eta bereziki Yolanda Diez Etxebizitza zinegotziak behin eta berriz aipatu dituzte Bilboko etxebizitza politiken arrakasta eta Otxarkoagan izandako aurrerapenak. Baina, bitartean, urtero uzten dute jendea kalean, egoera zaurgarrian egon arren. Hori agerikoa da Otxarkoagan: Bilboko errenta baxuenetakoak dituen eta udal etxebizitza gehien dauden auzoan, hain zuzen», gaitzetsi dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA