Bilboko euskaltzaleen Guka mugimenduak hiriburuan dagoen helduentzako kirol, aisialdi eta kultura eskaintza aztertu zuen orain gutxi, eta ondorioztatu zuen euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» dela. Bada, musukoak eta zirak jantzita, Bilboko kaleetan barrena ibilaldia egin zuten atzo, azterketa horretako datuak berriro ere argitara emateko, eta «euskaraz bizi» nahi dutela aldarrikatzeko. Salatu zutenez, «erdalduntze makinari darion keak ez digu arnasa hartzen uzten euskaldunoi».
Guka mugimendua iaz hasi zen salatzen hiriburua «erdalduntze makina bat» dela. Bide horretan, beste pauso bat eman zuten apirilean: helduentzako kirol, aisialdi eta kultura eskaintzari buruzko azterketaren datuak plazaratu zituzten. Orduan ondorioztatu zutenez, euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» da Bilboko udaltegietako eta kiroldegietako eskaintzan. Bada, hori salatzeaz gain, ibilaldi bat egin zuten atzo, datuak berriro argitara emateko. Besteak beste, justizia jauregian, udaletxean eta Arriaga plazan egin zituzten geldialdiak.
Euskarazko eskaintza urri horri ere «erdalduntze makina» esaten diote Gukakoek, «ez baitira bermatzen hizkuntza ofizial batek izan beharreko aukerak eta eskubideak». Apirilean plazaratu zituzten datuen arabera, ikasturte honetan, udaltegietako ikastaroen %1,2 izan dira euskaraz, eta kiroldegietako jardueren %1,7. Kultura eskaintzari dagokionez, urtarriletik martxorako ekitaldien %11 izan ziren euskaraz.
Datuak «negargarriak» eta «iraingarriak» dira, Gukaren iritziz: «Ez dira hizkuntza ofizial baten datuak, guztiz zokoratutako eta baztertutako hizkuntza komunitate batenak baizik».