Gizon gay bat hiltzeaz akusatutakoaren sakelakoa biktimaren etxe inguruan kokatu dute ertzainek

Bilbon hainbat gizon hiltzeaz akusatutako gizonaren aurkako laugarren epaiketa egiten ari dira. Ertzainek azaldu dute haren biktima guztiak homosexualak zirela eta gehienak bakarrik bizi zirela.

Akusatua, bizkarrez, epaiketaren lehen saioan. MIGUEL TOÑA / EFE
Akusatua, bizkarrez, epaiketaren lehen saioan. MIGUEL TOÑA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2026ko maiatzaren 15a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021eko urriaren 5ean Bilbon 73 urteko gizon homosexual bat hiltzeaz akusatutako gizonaren sakelako telefonoa biktimaren etxe inguruan egon zen hura zendu zenean. Hala deklaratu dute Ertzaintzako Teknologia Berrien Saileko kideek gaur, N.D.M.B.-ren aurkako epaiketaren hirugarren saioan, telefonoen antenek emandako informazioari erreparatuta. Hala ere, defentsak eskatutako txosten baten egileak adierazi du ezin dela ziurtatu akusatua zehazki biktimaren etxean egon zenik.

Auzipetuaren aurkako laugarren epaiketa da egunotakoa: orotara, bost gizon hiltzea eta beste bi hiltzen saiatzea egotzi diote, eta jadanik 37 urteko espetxe zigorra betetzen ari da hilketa bategatik, hilketa saiakera bategatik eta iruzurragatik. Kasu guztietan antzera jardun zuela uste dute akusazioek. Oraingoan ere, fiskalaren idatziaren arabera, homosexualentzako aplikazio baten bidez jarri zen harremanetan biktimarekin, eta haren etxean egin zuen hitzordua; bertan, gizona ito egin zuen, eta haren sakelako telefonoa erabilita 2.000 euroko transferentzia bat eta 1.000 euroko beste bat egin zituen bere kontu batera.

16 eta 30 urte arteko espetxe zigorra galdegin dute fiskaltzak eta akusazioek, hilketa eta iruzur delituengatik. Defentsak, ordea, absoluzioa eskatu du, akusatuak ukatu egiten baitu hilketaren egilea dela. Haren abokatuak argudiatu du ezin dela frogatu akusatua biktimaren etxean egon zenik ere, eta horregatik aurkeztu du txosten berezi bat horren inguruan.

Transferentziak, ezohikoak

Gaur deklaratu duten ertzainek berretsi dute biktima eta akusatua telefonoz jarri zirela harremanetan hilketaren egunean bertan: biktimaren telefonoak kontaktu gisa erregistratu zuen auzipetuarena, azken horrek izen faltsu bat erabili zuen arren. Era berean, ertzainek adierazi dute biktimaren telefonotik egindako transferentziak ez zirela ohikoak haren kontuan: antzeko eragiketarik ez zen izan urte osoan.

Ikerketa Kriminaleko Saileko ertzainek ere hitza hartu dute, ikergai dituzten kasuen arteko «loturen» berri emateko. Haien arabera, akusatuaren biktima guztiak gizon homosexualak izan dira, 40 eta 73 urte artekoak, maskotarik gabeak, eta ia denak bakarrik bizi ziren. Gorpu gehienak sofan eserita agertu ziren, ageriko indarkeria zantzurik gabe. Akusazioek epaiketaren lehen saioan azaldu zutenez, uste dute atzetik itotzen zituela biktimak, besoarekin lepoa inguratuz; teknika horrek ez du ia aztarnarik uzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA