Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa kaleko saltzaile batzuei oldartu zitzaizkien atzo arratsaldean Bilboko Plaza Biribilean, eta zenbait lagun zauritu zituzten. Hala salatu dute gaur kaleko saltzaileen Mbolo Moye Doole plataformak, SOS Arrazakeriak eta Bilboko Kontseilu Sozialistak.Â
Talde horien arabera, ertzainak eta udaltzainak segika ibili zitzaizkien «dozenaka kale saltzaileri», eta material guztia konfiskatu zieten. Gehitu dute «dozenaka ertzain eta istiluen aurkako poliziak ere» izan zirela tartean; hau da, «polizia operazio zabal baten bidez» eraso zietela kale saltzaileei.
Are, adierazi dute «han zegoen jendea lurrera bota, jo eta zauritu» egin zutela poliziek. Azaldu dutenez, kalean zebilen jendeak «polizien eraso arrazista» gaitzetsi zuen, eta kaleko saltzaileei «babesa eman». Horren harira, poliziek Bilboko Kale Nagusia itxi zuten.
Hiru plataformek Poliziari eta Bilboko Udalari egotzi diete gertatutakoen erantzule izatea, argudiatuta «polizien esku hartze hori udaleko Segurtasun Sailak» agindu zuela. Gogorarazi dute udalak ez dituela aintzat hartu kaleko saltzaileen eskaerak; besteak beste, «konfiskatutako materiala itzultzea eta lo egiteko lekuak adostea». Bilboko Udalari eskatu diote «polizien eraso arrazistak» bukatzeko.
Mbolo Moye Doolek, SOS Arrazakeriak eta Bilboko Kontseilu Sozialistak elkartasuna erakutsi diete jazarritako kaleko saltzaileei eta poliziek zauritutakoei. Bihar 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute Bilboko Plaza Biribilean, Manteroekin Bat plataformak deituta, Kaleko saltzaileen kontrako jazarpen gehiagorik ez lelopean.