Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin baieztatu duenez, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko agerraldia eskatu du, eskola garraioaren adjudikazio prozesuan «interes gatazkarik» ez dela egon adierazteko. Joan den ostiralean Vocento taldeko egunkariek argitaratutako informazioek sortutako zalapartarekin «harrituta» azaldu da, eta ukatu egin du Gipuzkoako eskola garraioaren adjudikazio prozesuan irregulartasunik egon dela.
Hezkuntza Sailak modu irregularrean jokatu izana ezeztatzeko, hainbat datu eman ditu Bildarratzek. Alde batetik, esplikatu du Joanes Labaienen enpresak eskainitako garraio ibilbide guztien «% 3,2» baino ez zituela jaso 467 guztira, eta, gainera, hamabost ibilbideetatik hamabi hutsik zeudela, enpresa bakar bat ere ez zelako aurkeztu. Halaber, azpimarratu du adjudikazio horiek Hezkuntza Sailari atxikita ez dagoen Kontratazio Mahai Orokor batean ebazten direla, eta horko erabakiak «parametro erabat teknikoekin» hartzen direla.
Azaldu duenez, adjudikazio prozesua egin ondotik Hezkuntza Sailak Cuatrecasas abokatu bulegoa kontratatu zuen, hutsik geratu ziren ibilbideetako aferan laguntza juridikoa emateko. Labaienek egin zituen abokatu lanak auzi horretan. Izan ere, abokatu bulego horretako ordezkaria ere bada, garraio enpresa bateko administrazio kontseilariaz gain.
Beraz, Labaienek lizitazio prozesua amaitu zenean hartu zuen parte, Bildarratzek azaldu duenez. Hezkuntza sailburuak argudio horiekin erakutsi nahi izan du ez zela inolako irregulartasunik egon eskola garraioaren adjudikazio prozesuan. Gainera, adierazi du Labaieni berari galdetu ziola bateraezintasun arazorik ote zuen aferan, eta hark ukatu egin zuela.
Vocentoren arabera Jaurlaritzak Autocares Urpa SM enpresari eman zizkion Gipuzkoako garraio eskolako ibilbideen %25: enpresa horretako administratzailea eta Cuatrecasas abokatu bulegoko ordezkaria Labaien da; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen senarra da, eta Hezkuntza Sailean lan egiten du aholkulari juridiko gisa.
Hezkuntza
Bildarratzek dio ez dagoela «interes gatazkarik» eskola garraioaren aferan
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko agerraldia eskatu du sailburuak. Auziari buruzko datuak eman ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak