EH Bildu inperialismoaren aurka eta bakearen alde ariko da apirilaren 5ean, Aberri Egunean

Iruñean ospatuko du Aberri Eguna, 'Zazpiak bat egin' lelopean. Manifestazio nagusia 12:00etan abiatuko da, Golem zinema aretoetatik Antoniuttira.

(ID_15876330) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-03-09, Iruñea.  Aberri Eguneko aurkezpena EH bildu alderdiak,  Miren Zabaleta eta Jose...
EH Bildu Iruñeko egoitzan Aberri Egunerako egindako agerraldia. ANDONI CANELLADA / FOKU
joxerra senar
2026ko martxoaren 9a
11:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Herri bat garela, herri guztiek dituzten eskubideak dagozkigula eta libre izan nahi duen nazio bat garela aldarrikatuko dugu». Iruñean ospatuko du Aberri Eguna EH Bilduk, apirilaren 5ean. Nazio aldarrikapena egiteaz gainera, inperialismoaren erasoak salatu eta «bakearen aldeko mezua» emango dute, Miren Zabaleta koordinatzaile nagusiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak azaldu dutenez. 

Koalizioak Iruñeko Alde Zaharrean duen egoitzan eman dute horren berri. Aberri Egunak ohiko egitaraua izango du. Eguerdian abiatuko da manifestazio nagusia, Golem zinema aretoetatik Antoniuttiraino. Gero, jai giroan jarraituko du egunak. Kale animazioa antolatu dute Alde Zaharrean. 16:00etan hasita, haurrentzako jolasgunea egongo da Burgoen plazan, Udaletxe plazaren atzealdean. Ordu berean, kontzertuak izango dira Gazteluko plazan: Bele, Marte Lasarte, eta Tapia eta Leturia. 

Zabaletak Iruñera joateko deia egin die euskal herritarrei. Haren esanetan, «Euskal Herriak irudikatzen duen proiektuarekin bat egiteko aukera izango da bertan». Horren barnean da faxismoari aurre egitea, euskal herritarren bizi baldintzak duintzea eta eskubide sozialak bermatzea, eta euskararen biziberritzea, oldarraldi politiko, mediatiko eta judiziala gorabehera. 

Nazioarteari begira

Nazioarteko egoera ziurgabeari ere erreparatu nahi dio EH Bilduk Aberri Egunean, eta «inperialismoaren sarraskiak salatu». Joseba Asironek azpimarratu du herri guztiek dutela «beren subiranotasuna errespetatua izateko eskubidea». Hala, elkartasuna adieraziko diete erasoa jasaten ari diren herri guztiei. «Ahotsa altxatzeko eta bakea eta eraso inperialisten amaiera exijitzeko garaia da».

Gogora ekarri du 1986an, NATOri buruzko erreferenduma egin zenean, Euskal Herrian gehienek erakunde horretan sartzearen aurka bozkatu zutela. «Aberri Eguna herri gisa ditugun eskubideak aldarrikatzeko, bakea exijitzeko eta gerraren amaiera eskatzeko mobilizazioa izango da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA