Ostiral gauean, UPNko Cristina Ibarrolak ohartarazi zuen «alderdi populistek» herritarren sumina profitatzeko arriskuaz, baina Ibarrolaren diskurtsoari kutsu populista antzeman dio EH Bilduk. «Diskurtsoak argi uzten du UPNk Trumpen politika ekarri nahi duela Nafarroara, horrek herritarrengan izango lituzkeen ondorioak axola gabe», gaitzetsi du.
UPNk Kontseilu Politikoa egin zuen herenegun, eta bertan Ibarrola aukeratu zuten hurrengo foru hauteskundeetan lehendakarigai izateko. Mintzaldian, Ibarrolak proposatu zuen zergak orokorki jaistea, Errenta Bermatuaren eredua amaiaraztea, kalean segurtasun neurriak handitzea eta etxebizitza arloan jabego pribatua defenditzea, besteak beste. EH Bilduren arabera, diskurtso horrek agerian uzten du munduan nagusitzen ari den ultraeskuinaren «antz handia» hartzen ari dela UPN.
Halaber, koalizio abertzalearen ustez, argi geratu da ere alderdiaren ezina nafarrei konponbideak eskaintzeko. 11 urte daramatza Nafarroako Gobernutik kanpo, eta, EH Bilduren irudiko, «horrek oso eragin ona du nafarren ongizatean». Gaineratu du «funtsezkoak» izan direla alderdien arteko akordioak, balio izan baitute eskubideetan aurrera egiteko eta «eskuineko indarrei bidea ixteko».
EH Bilduk berretsi du orain arteko bidetik joateko borondate irmoa duela. «Erakutsi dugu EH Bilduk zenbat eta eragin handiagoa izan politika publikoetan, orduan eta gehiago hobetzen direla herritarren bizi baldintzak. Eta, zalantzarik gabe, bide horri jarraituko diogu, eskuindarrek ukatu nahi dituzten eskubide sozialak zabaltzeko lanean».