Cristina Ibarrolak aise irabazi du lehia, eta hura izango da UPNko lehendakarigaia hurrengo bozetan

Ibarrolak 150 boto eskuratu ditu, eta lehiara aurkeztu diren beste bi militanteek, Juan Angel Garciak eta Diego Calderonek, lau boto baizik ez. Ibarrolak iragarri du ziklo aldaketa datorrela Nafarroara, eta UPN dela «alternatiba bakarra».

Cristina Ibarrola
Cristina Ibarrola, gaurko Kontseilu Politikoan, Gorraitzen. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Gorraitz
2026ko otsailaren 13a
20:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zuten ezer egiterik, eta UPNko Kontseilu Politikoak hori baieztatu besterik ez du egin. Alderdiko bi militante ezezagunek, Juan Angel Garciak eta Diego Calderonek, aurre egin nahi izan diote Cristina Ibarrolari, eta hurrengo foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztu dute. Lehia desorekatua izan da, baina. Alderdia ez da soilik ideologikoki kontserbadorea, apustu eroak ere ez ditu gustuko. Horregatik, gaur arratsaldean Eguesibarko Castillo de Gorraiz hotelean egindako Kontseilu Politikoan, UPNko ordezkariek euren buruzagi gorenaren alde bozkatu dute masiboki.

Aise irabazi du. Zehazki, Ibarrolak ordezkarien %85en babesa jaso du (150 boto jaso ditu). Kontrara, euren lehiakideek lau boto baino ez dituzte lortu: Garciak bere buruari bozkatu dio, eta Calderonek hiru boz baizik ez ditu lortu. Era berean, 23 boto baliogabe zenbatu dituzte. Hotelaren kanpoaldean euri zaparrada ari zen, eta Ibarrolak txalo zaparrada jaso du garaipenaren emaitza baieztatutakoan. 

UPNk lau urtean behin egiten du Kongresua, eta garai horretarako organo gorena da Kontseilu Politikoa. Bertan, herrietako eta auzoetako militanteen ordezkariek parte hartzen dute. Lehen lerroan bertan ziren UPNko ordezkari gorenak, eta ezker eskuin txaloka hartu dute Javier Esparza aurreko bi hauteskundeetako lehendakarigaiak eta Alejandro Toquerok, UPNko presidenteorde eta Ibarrolaren arerio nagusiak.

Ibarrolaren diskurtsoa

Berez alfonbra gorria ezarri dio alderdiak Ibarrolari, eta, behin lehendakarigaia izango dela jakinda, Ibarrolak iragarri du hamabost hilabete falta zaizkiela Nafarroako Gobernura heltzeko. Izan ere, haren hitzetan, «ziklo aldaketa dator Nafarroara ere», alderdi sozialista gainbeheran dagoelako, eta horri aurre egiteko «alternatiba bakarra» UPN dela deritzo. Haren diskurtsoan, aditzera eman du Nafarroako Gobernua ustelkeriaren susmopean dagoela. Haren esanetan, herritarrak «nazkatuta eta haserre daude», zergak igotzen zaizkien bitartean zerbitzu publikoak okertzen ari direlako, eta kalean «indarkeriak gora egin duelako».

Haren ustez, Espainian bezala, Nafarroan ere «aldaketaren olatua geraezina» dela, baina ohartarazi du egungo egoerak ere arriskuak dituela: «Beste lurraldeetan ikusten ari gara PSOE zigortzen ari direla, baina aitortu behar da haserrearen eta atsekabearen botoaren zati bat alderdi populistetara doala». Mintzaldian ez du Vox edo eskuin muturra aipatu, eta kezka azaldu du botoak eskuratu ditzaketelako. «Nafarren arazoei konponbide zehatzak eskaini behar dizkiegu, eta konfiantza sortu herritarren atsekabe hori ez dezaten alderdi populistek bildu. Euren interesa ez da arazoak konpontzea, ezta Nafarroa ere».

Haren esanetan, Pedro Sanchezen gainbeheraren aurrean, «irla bat» izan behar du UPNk. Ohiko proposamenak egin ditu, populismoz beteak. Haren errezeta nagusietako bat zera da, errenta zerga jaistea «sendiei eta enpresei». Aldi berean iragarri du inbertsio publikoa indartuko duela, azpiegitura gehiago egin eta zerbitzu publikoak hobetu.

Etxebizitzari dagokionez, «etxebizitza gehiago» eraiki behar direla azpimarratu du, eta tentsio handiko eremuak «kentzeko» borondatea adierazi du, haren esanetan alokairu kopuruak behera egin duelako: «Jabego pribatuan sinesten dugu; bakoitzak bere esfortzuarekin irabazi duena ez diezagutela kendu. Nahikoa dugu politika komunista hauekin».

Osasungintzako itxarote zerrenden auzia «kudeaketa kontua» dela aipatu du, eta Errenta Bermatuaren erreforma ere iragarri du, lan eskaintzari uko egiten diotenak zigortzeko asmoa dutela iragarriz: «Elkartasunaren eta erraztasunen alde gaude, baina gehiegikerien kontra gaude», gaineratu du. Amaieran, pozarren, iragarri du hamabost hilabete geratzen direla aldaketarako: «UPNren garaia heldu da». 

Diskurtsoa amaituta, Kontseilu Politikoa bukatutzat jo dute. Bederatziak puntuan, baten batek «galderarik edo zalantzarik» geratzen ote zen itaundu du. Amaitzeko gogoa zegoen, eguraldi txarra baitzen kanpoan, eta Osasunaren eta Elxeren arteko partida hastear.

Lehia desorekatua

Asteartean jakinarazi zuen UPNk bi militante aurkeztu zirela lehia horretara. Gaur egun ez da beharrezko bermeak aurkeztea, eta Lizarrako Garciak eta Altsasuko Calderonek euren aukera baliatu dute. Ez batak ez besteak ez dute kargu publikorik, eta astelehenera arte oso jende gutxik ezagutzen zituen alderdi barruan. Are gutxiago alderditik kanpo.

Haien ausarkeria falta izan zaio Toquerori. Tuterako alkate eta UPNko presidenteordeak ez zuen babes nahikorik Ibarrolari aurre egiteko, eta albo batera geratzea erabaki du. Ez ditu une politiko onak bizi, gainera. Berriki jakin da Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa (OANA) Tuterako Udalaren bi ekinbide ikertzen ari dela: abokatu bulego bati egindako kontratua eta Tudelano futbol taldeari emandako diru laguntza.

2024ko apirilean egindako kongresuari begira, alderdiaren erabaki organoak elkarren artean banatzeko akordioa lortu zuten Ibarrolak eta Toquerok. 2023ko abenduaren 28ko zentsura mozioaren ondorioz, Iruñeko alkatetza galdu zuen Ibarrolak, eta hiriburuko aginte makila berriz berreskuratzeko promes egin zuen. Bi urte geroago, promes hura haizeak eraman du, eta Toquero esku hutsik geratu da, alderdi barruan Ibarrolari aurre egiteko ahalmenik gabe. Toquerok batik bat Erriberan ardaztu du bere ekinbidea; Ibarrolak, aldiz, alderdi barruko erabaki organoetan gehiengoa du, eta gaurko emaitza horren isla izan da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA