EH Bilduk 36ko altxamenduari aurre egin zioten antifaxistak omendu ditu Loiolan

Loiolako kuartelaren errenditzea gogoratu du EH Bilduk. «Herri garaipenaren» urteurrenean, altxamenduari aurre egin zioten antifaxistak omendu ditu koalizioak.

EH Bilduk eguerdian egin duen ekitaldia. ANDONI CANELLADA / FOKU
EH Bilduk eguerdian egin duen ekitaldia. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 28a
15:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egin zuten, egiten dugu eta egingo dugu», adierazi du Juan Karlos Izagirre Donostiako EH Bilduko bozeramaileak. 36ko altxamendu faxistari aurre egin zioten donostiarrak eta gipuzkoarrak gogoratu eta omendu guran batu da koalizioa Urdintzuko zubian, Loiolako kuartel militarraren parean. Zehazki, kuartel militarraren errenditze eguna ospatu dute, eta «herriak lortu izan dituen garaipenak» oroitu dituzte «diskurtso totalitarioak» gailentzen ari diren honetan. 

«1936ko uztailaren 18an, Loiolako kuartela altxamendu frankistaren alde agertu zen, eta 21ean, kalera irten zen Donostia hartu nahian», zinegotziak gogoratu duenez. Kuartelak, ordea, oztopoak aurkitu zituen bidean: «Hainbat miliziano izan zituen aurrean». Haiei esker errenditu ziren Loiolako militarrak, Urdintzuko zubian hamar egunez borrokan aritu ondoren. «Herriaren garaipen» horren ondorioz osatu zuten Gipuzkoako Segurtasunerako Batzordea, bi hilabetez «Errepublikari leial mantendu zitzaiona».

Gertaera horiek «oso ezagunak» ez diren arren, «faxismoaren aurka egin zuen lagun oro» aitortu nahi izan dute, Izagirrek adierazi duenez. Areago, «gaurko egoera iluna» ikusita «herriaren garaipenak» gogoratzeko eta omentzeko beharra azpimarratu dute. Bide horretan, irailaren 13an hirian abiatutako errepresio frankista gogoratzen duten bezalaxe, datozen urteetan, uztailaren 28an «herriaren garaipenak» omendu nahi dituzte, horiek ere agendan tokia izan dezaten. 

Josetxo Otegi historialariak ere hartu du hitza ekitaldian. Otegik ere azpimarratu du lorpen historikoak presente edukitzeko beharra: «Hain gutxi direnez herriaren garaipenak, eta hain ugariak herriaren porrotak, garaipenak ospatu eta omendu beharra dago. Memoria egunero ureztatu beharreko landarea baita». Gaineratu duenez, gertakari horrek erakutsi zuen «herri antolatua gauza handiak egiteko gai» dela, eta «anitzen arteko batasunaz» faxismoa garaitu daitekeela. EH Bilduko bozeramaileak ere horretara deitu du: «Herri gisa, jarrera faxista eta totalitarioei aurre egitera». Ekitaldiari itxiera emateko, loreak bota dituzte errekara, antifaxisten omenez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA