EH Bilduk bilkura monografiko bat eskatu du Eusko Legebiltzarrean krisiari buruz hitz egiteko

Ekialde Hurbileko gerraren ondorioak arintzeko neurriez eztabaidatu nahi du koalizio subiranistak. Pello Otxandianok esan du industriaren aldeko neurriak ez ezik herritarrak babestekoak ere hartu behar direla.

Pello Otxandiano EH Bilduren eleduna, gaurko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduren eleduna, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2026ko martxoaren 26a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk osoko bilkura monografiko bat egiteko eskaria erregistratu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Ekialde Hurbileko gerraren ondorioei aurre egiteko neurriei buruz hitz egin nahi du koalizio subiranistak, adosteko herritarren «bizi segurtasuna nola bermatu» egungo egoera ekonomiko nahasian. Izan ere, salatu du Eusko Jaurlaritzak enpresentzako aringarriak soilik onartu dituela. Saioa uda aurretik egin nahiko luke.

Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak adierazi du beharrezkoa dela «ariketa sakon bat» egitea, gerraren ondorioak jada agerikoak direlako. Eta iritzi dio legebiltzarra dela horretaz eztabaidatzeko lekua. Bereziki hiru dira landu beharreko gaiak, haren hitzetan. Lehena, bizitzaren garestitzea: «Beste inflazio ziklo bat izatea aurreikusten da, eta erabaki behar da horren ondorio kaltegarriei aurre egiteko zer politika jar dezakegun martxan».

Zerbitzu publikoen kalitateari nola eutsi, horixe da hizpidera ekarri nahi duten bigarren gaia, Otxandianoren arabera horrek bermatuko baitu herritarren segurtasuna hurrengo urteetan. Hirugarren puntua, berriz, etxebizitza eta zaintza krisiei erantzuteko neurriei buruzkoa da. Otxandianok adierazi du industria babesteko neurriei buruz ere eztabaidatu beharko litzatekeela saio horretan. Izan ere, salatu du hedabideen bitartez jakin duela Eusko Jaurlaritzak onartutako «ezkutu industrialaren» berri.

EH Bilduko eledunak deitoratu egin  du, halaber, aurrez martxan jarritako neurri ugari bildu izana Jaurlaritzak onartutako planean. Zehaztu duenez, iragarri duten 1.047 milioi euroko planean «gehienez ere 250 milioi eurorenak» dira diru sail berriak. «Industria babesteko neurriak hartu behar dira, baina, horrez gain, pentsatu behar dugu familien ekonomia nola babestuko dugun», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!