EH Bilduk datorren larunbatean egingo du Konferentzia Politikoa, «mehatxu autoritarioa» hizpide hartuta

Gasteizko Europa jauregian egingo dute bilkura. Aurrera begirako erronkak ezarriko dituzte, eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eta koalizioaren kode etikoa ere onartuko dituzte.

EH Bilduren iazko Konferentzia Politikoa, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
EH Bilduk Donostian elkartu zituen militanteak iaz. MAIALEN ANDRES / FOKU
aitor biain
2026ko irailaren 12a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk gaur zortzi, datorren larunbatean, egingo du Konferentzia Politikoa. Bilkura horretan, militantziarekin batera aztertuko dute egungo testuinguru politikoa, eta aurrera begirako erronkak ere ezarriko dira. Batzarra Gasteizen egingo dute, Europa jauregian, Badatorren Euskal Herria lemapean.

EH Bilduk gaur eman du deialdiaren berri, eta azpimarratu du «testuinguru berezian» egingo dutela konferentzia, adierazi baitu Euskal Herria bere osotasunean «mehatxu autoritarioaren pean» dagoela. Sonia Jacinto koalizioaren antolakuntza idazkariak azpimarratu du, ordea, «baikortasunez eta itxaropenez» egingo diotela aurre egoera horri.

Izan ere, gogorarazi du Euskal Herriak beti jakin duela erabaki zuzenak hartzen, baita «garai zailotan» ere. «Prest gaude edozein eszenatokiren aurrean gure onena emateko», nabarmendu du Jacintok. Bada, EH Bilduren komunitateari dei egin dio bilkuran parte hartzeko, «antolakunde indartsu, ahaldundu eta ahalik eta prestatuena izateko mugarri garrantzitsua baita Konferentzia Politikoa».

«EH Bilduk oinarri militante zabala dauka; hori da gure altxorrik preziatuena. Umiltasunaren eta zintzotasunaren eredu dira bilkideak, herri honekiko eta bere jendearekiko maitasunagatik urrats bat aurrera emateko prest daudenak», azpimarratu du, eta erantsi du hasi berri den urte politiko honetan ere «oso garrantzitsua» izango dela militantziaren lana.  

Protokoloak eta arduradunak

Konferentzia politikoan landuko dituzten gaien artean dago indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eguneratzea. «Indarkeria matxistaren deuseztatzea etxe barrutik hasten da. Inor ez dago patriarkatuaren eraginetik salbu. Gizarte feminista eta berdinzalea eraiki nahi badugu, eredugarriak izan behar dugu, etxetik hasita», esan du Jacintok.

Horrez gain, EH Bilduren kode etikoa ere bozkatuko dute, zeinak hautetsi edo kargu publiko izateko konpromisoa hartzen dutenek bete beharreko printzipio eta balioak zehaztuko dituen. Horien artean daude, besteak beste, «interes kolektiboa» lehenstea, «kudeaketan eredugarritasuna» hobestea, eta baliabide publikoen erabileran «garbitasuna»

Azkenik, EH Bilduren komunikazio arduradun berria ere hautatuko dute. Garikoitz Mujikak izan du ardura hori orain arte, baina legebiltzarkide ere bada Eusko Legebiltzarrean, eta aurrerantzean Komunikabideen Politikako idazkari gisa jardungo du. Haren ordezkoa hautatuko dute bilkideek, horrenbestez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA