Espainiako Kongresuan bihar eztabaidatu eta bozkatuko dute alokairuen legediari buruzko bi dekretuen inguruan, eta EAJk iragarri berri du aldeko botoa emango diola lehen etxebizitza dekretuari, baina bigarrenaren aurka bozkatuko duela. Lehen testuak, besteak beste, etxegabetzeen aurkako babesa 2030era arte luzatzen du, eta 2028ko amaiera bitartean kontratua bukatzen zaien maizterrei aukera ematen die bi urteko ezohiko luzapena eskatzeko. Bigarrenak, berriz, ohiko alokairu kontratuak automatikoki luzatzea eta, zenbait kasutan, maizterrari hamabi hilabeteko errentaren pareko kalte ordaina ematea ezartzen du. EAJk horren aurka egingo duela iragarri duenez, bigarren dekretua ez da aurrera aterako.
Jeltzaleek «babes kritikoa» emango diote lehen dekretuari. Alderdiak esan du «adabakia» dela eta «gabezia asko» dituela, eta ez du uste etxebizitzaren arazoari konponbidea emango dionik. Hala ere, EAJren ustez, dekretuak egoera zaurgarrian daudenak babesteko neurriak jasotzen ditu, eta jabe txikien egoera hobetzen du. Horregatik erabaki du alde bozkatzea.
Lehen dekretuak etxegabetzeen aurkako babesa 2030eko abenduaren 31ra arte luzatzen du baldin eta maizterrak egoera zaurgarrian baldin badaude eta administrazioek ez badiete bizitzeko alternatibarik eskaintzen. Era berean, bi urteko ezohiko luzapena aurreikusten du 2026ko urriaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen diren alokairu kontratuetarako, baldintzak betetzen dituzten maizterrentzat.
EAJk jabe txikiak babestearen alde egin du. Jeltzaleen arabera, alokairu merkatuaren %90 inguru jabe txikien esku dago, eta jabe horiek ezin dira inbertsio funtsekin parekatu. Alderdiak adierazi du administrazio publikoen ardura dela egoeran zaurgarrian daudenei arreta ematea eta bizitzeko alternatiba bat bermatzea, ez partikularrena.
Horiek horrela, EAJk ez du bigarren dekretuarekin bat egingo. Dekretuak alokairu kontratuen luzapen automatikoa ezartzen du. Kontratua amaituta alokairua ez berritzea erabakitzen duen jabeak kalte ordaina eman beharko dio maizterrari: dekretuaren arabera, hamabi hilabeteko errenta, kontuan izanda zer errenta dagokion ordura arte alokatuta zeukan etxearen ezaugarri bereko etxe bati.
EAJren ustez, araubide horrek kontratu mugagabeak ezartzen ditu «izatez», eta kalte egiten die jabe txikiei. Jeltzaleek ohartarazi dute balitekeela horrek alokairuko etxebizitzen eskaintza murriztea eta, ondorioz, herritarrentzat kaltegarria izatea. Horregatik, aurka bozkatuko du.
Jeltzaleen jarrerak ondorio zuzena du biharko bozketan: EAJk aurka egingo duenez, bigarren dekretua ez da kongresuan aurrera aterako, nahiz eta beste talde batzuek haren aldeko botoa eman. Lehen dekretuari dagokionez, berriz, emaitza oraindik ez dago erabakita, Juntsen botoaren esku baitago hura onartzea. Juntsek gaur iluntzean egingo duen zuzendaritza bileran erabakiko du zer jarrera hartu. Alderdia ez dago pozik gobernuak aurkeztutako testuekin, eta salatu denbora falta izan dela negoziaziorako.
EH Bilduren eskaera EAJriÂ
Jeltzaleek erabakia hartu aurretik, EH Bilduk bi dekretuen alde bozkatzeko eskatu dio EAJri. Nerea Kortajarena EH Bilduko Programa idazkari eta Donostiako alkategaiak esan du etxebizitza larrialdiak «arduraz eta erantzukizunez» jokatzea eskatzen duela, eta «abstentzioa ez dela nahikoa». Koalizio subiranistak bi dekretuak babestuko ditu, nahiz eta neurriak ez dituen irtenbidetzat jotzen.
EH Bilduren arabera, dekretuek tresnak ematen dituzte maizterrak babesteko eta espekulazioari aurre egiteko. Kortajarenak nabarmendu du dekretuek ez dutela jabe txikien aurkako neurririk jasotzen. «Neurri hauek espekulazioari aurre egiteko diseinatu dira. Etxejabe txikiek dagoeneko badituzte babes mekanismoak Jaurlaritzari dagokionez; besteak beste, Bizigune programaren bidez. Hogei urte baino gehiago dira programa hori martxan dagoela, eta etxebizitza alokairuan jartzeko bermeak eskaintzen ditu», gogorarazi du Kortajarenak.
«Milaka herritarrek zailtasun handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko, eta egoera horrek politika publiko ausartak eta erabaki argiak eskatzen ditu», gaineratu du EH Bilduko ordezkariak. Haren ustez, dekretuetan jasotzen diren neurriak arrakastaz erabiltzen ari dira Europako beste hainbat herrialdetan; neurri horietako bat luzera begirako alokairu kontratuen figura da. «Alemanian, Austrian, Suedian eta Herbehereetan aplikatzen ari dira neurri horiek», azaldu du.
Podemosek ere bi dekretuen alde bozkatuko duela baieztatu du. Hala ere, alderdiak adierazi du neurriak ez direla nahikoa etxebizitzaren arazoari erantzuteko.
«Milaka herritarrek zailtasun handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko, eta egoera horrek politika publiko ausartak eta erabaki argiak eskatzen ditu»
NEREA KORTAJARENAEH Bilduko Programa idazkaria
LAB sindikatuak ere «norabidea aldatzeko» eta bi dekretuen alde bozkatzeko eskatu dio EAJri. Endika Perez sindikatuko Gizarte Ekintzako arduradunaren arabera, jeltzaleen etxebizitza politikek «etxejabeen aldeko negozio eredu bat» elikatzen dute. Halaber, kritikatu egin du jeltzaleek EAEko erakundeetan bultzatutako politika, eta salatu du eraikuntza sustatzeko eta etxea erosten laguntzeko neurriek bankuen negozioa indartzen dutela. Horren ordez «egiturazko neurriak» behar direla adierazi du.Â
Podemosek, baiezkoa
Bestalde, Podemosek baieztatu du dekretuen alde egingo duela. Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak goizean iragarri du bere alderdiak etxebizitzari buruzko bi dekretuak babestuko dituela biharko bozketan. Belarrak TVE Espainiako telebista katean egindako elkarrizketa batean azaldu du Maizterren Sindikatuen Konfederazioak eskatutakoa kontuan hartuta erabaki dutela alde bozkatzea. Gaur goizean bildu dira bi aldeak, eta sindikatuek dekretuen alde bozkatzeko eskatu diote Podemosi.
Hala ere, Podemoseko buruzagiaren iritziz, Espainiako Gobernuak onartutako neurriak ez dira aski. Haren esanetan, «ezer ez egitea baino hobe da dekretuek dakartzaten apurrak izatea», baina «apurrekin ezin da alokairua ordaindu».Â
«Ezer ez egitea baino hobe da dekretuek dakartzaten apurrak izatea, baina apurrekin ezin da alokairua ordaindu»
IONE BELARRAPodemoseko idazkari nagusia
Belarrak nabarmendu du Podemos «maizterren sindikatuen esku dagoen tresna bat» dela, eta, horregatik, mugimendu horrek egindako eskaerei erantzungo dietela. Hala ere, ohartarazi du neurriak indarrean jarri eta hilabetera alokairuen prezioak oso altuak izango direla oraindik ere, jendea etxetik kaleratzen jarraituko dutela, eta etxebizitzaren negozioak «oso oparoa» izaten segituko duela, besteak beste putre funtsek inbertitzen jarraituko dutelako.
Kontratuak luzatzeko aukera
Kaleratzeak Stop plataformak bi dekretuen alde egiteko eskatu die Hego Euskal Herriko alderdi politikoei, eta nabarmendu du «gutxieneko» neurri multzoak izanagatik ere «irtenbideak» ematen dizkiola etxebizitzaren arazoari. Bereziki, kontratua amaitzen zaien maizterrentzat aurreikusitako luzapenei erreparatu die. Neurri horren arabera, 2026ko urriaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitartean kontratua amaitzen zaien maizterrek bi urteko luzapen berezia eskatu ahal izango dute, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Dekretuek aldi baterako kontratuak eta logela kontratuak ere arautzen dituzte. Kaleratzeak Stop-ek azpimarratu du tentsio handiko eremuetan alokairuen prezioei ezarritako mugak saihesteko erabili izan direla maiz kontratu mota horiek. Araudi berriak, besteak beste, mugatu egiten du halako kontratuak egitea etxea ohiko bizileku gisa erabiltzeko.
Bestalde, dekretuek babes handiagoa ematen diete egoera zaurgarrian dauden eta etxegabetze prozedurei aurre egin behar dieten maizterrei. Egoera jakin batzuetan, prozedurak 2030eko abenduaren 31ra arte etetea aurreikusten dute, baldin eta administrazioek ez badiete kaltetuei bizitzeko alternatibarik eskaintzen. Kaleratzeak Stop-ek azaldu duenez, kolektibo horretan ugari dira seme-alaba adingabeak dituzten guraso bakarreko familiak, adingabeak dituzten bikoteak eta adinekoak.
Tentsio handiko eremuak
Bestalde, EH Bilduk iragarri du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osorik tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu diola Eusko Jaurlaritzari. Kortajarenaren arabera, beharrezko tramite guztiak abiatu beharko lituzke Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak egin duen bideari jarraituz. Izan ere, tentsio handiko eremuek aukera ematen dute alokairuen prezioak mugatzeko eta kontratuen luzapen bereziak aplikatzeko, besteak beste.
Bihar eztabaidatuko diren dekretuetako batek jasotzen duenez, tentsio handiko eremu izendatutako udalerrietan aukera egongo da hiru urteko luzapen berezia eskatzeko, baldin eta kontratua 2026ko urriaren 1ean indarrean bazegoen. Kaleratzeak Stop-en arabera, berebiziko garrantzia du horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurten 26.000 alokairu kontratu inguru amaituko baitira. Dekretua indarrean sartuz gero kontratua amaitu zaien eta etxebizitza alternatibarik ez duten maizterren egoera arinduko litzatekeela iritzi dio elkarteak.