PSOEk eta Sumarrek etxegabetzeak 2030. urtera arte debekatzea adostu dute

Etxebizitza krisiari aurre egiteko neurri guztiak dekretu batean bildu dituzte, bat izan ezik: errenta ordaintzen duten maizterren alokairu kontratuak automatikoki berritzekoa. Ostiralean egingo dute bi dekretuen gaineko bozketa Espainiako Kongresuan.

Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia, gaur, Madrilgo Sol plazan. FERNANDO VILLAR / EFE
Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia, gaur, Madrilgo Sol plazan. FERNANDO VILLAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 29a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negoziazio gogorren ostean, iritsi da akordioa. Espainiako Gobernuak «herritarren eskariei erantzuteko eta eskubideetan aurrera egiteko» bi etxebizitza dekretu onartu ditu gaurko Ministroen Kontseiluan. Batean, eztabaidagai izan dituzten neurriak jaso dituzte; esaterako, etxegabetzeak 2030. urtera arte eragoztea, «putre funtsei» 2028ra arte etxeak erostea debekatzea eta aldi baterako eta logelakako alokairuak erregulatzea. Bestean, berriz, bakarra: alokairu kontratuak automatikoki berritzea. Zatiketa horrek oposizioko alderdien eta etxebizitza sindikatuen kritikak eragin ditu, bigarren dekretuak ez baitu onartua izateko itxurarik.

Ministroek gau osoa eman dute eztabaidan, eta Madrilek, «neurrien garrantzia dela eta», ostiralean Espainiako Kongresuan ezohiko osoko bilkura bat egiteko eskatu du, dekretuen gaineko bozketa lehenbailehen egiteko. Oraindik ez dago argi, ordea, zer bozkatuko duten Podemosek, JxCk eta EAJk, besteak beste.

ESPAINIAKO GOBERNUAK ONARTUTAKO NEURRI NAGUSIAK

  • Babesa etxegabetzeen aurka. Alternatibarik ez duten pertsona zaurgarriak ezingo dira etxegabetu 2030. urtera arte.
  • Alokairu kontratuen luzamendua. Maizterrek bi urtez luzatu ahal izango dituzte 2028ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen diren alokairu kontratuak.
  • Aldi baterako eta logelakako alokairuen erregulazioa.
  • Etxeak erosteko debekua putre funtsentzat. Zehazki, 2028. urtera arte etxeak merkatuko prezioaren azpitik edo paketeetan erostea debekatuko da, helburu bakarra dirua azkar irabaztea den kasuetan.
  • Interesik gabeko kredituak. Lehen etxebizitza erosteko interesik gabeko kredituak emango ditu Madrilek, gehienez ere 50.000 eurokoak.

  • Hobari fiskalak maizterrei eta «etxejabe onei». Urtean 33.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten maizterrek hobariak izango dituzte, eta zerga gutxiago ordaindu beharko dituzte «espekulatu nahi ez duten» eta alokairuak merkatuko prezioa baino merkeago eskaintzen dituzten etxejabeek ere.

  • Zergak etxe turistikoei. Etxe turistikoei %10eko BEZa ezarriko diete, negozio bat balira bezala ordaindu ditzaten zergak.

  • Alokairu kontratu mugagabeak. Bigarren dekretuan jasotako neurri bakarra da. Horren bidez, alokairua ordaintzen duten maizterren kontratuak automatikoki berrituko dira amaitzen direnean.

Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian eman ditu azalpenak, eta dekretuetan jasotako neurriak xehatu ditu. Azaldu du gaur egindakoa «garrantzi politiko handiko akordioa» dela, «Espainiako gizartearen gehiengoari zerbitzu ematen dion gehiengoa berreraikiko baitu parlamentuan». Akordio politikoa «berandu» heldu dela aitortu du, baina PSOEk eta Sumarrek «kongresuko talde gehienak ordezkatu ditzakeen testu bat» osatu dutela nabarmendu, eta «eskuzabaltasuna» eskatu die gainontzeko alderdiei.

Dekretua zatituta onartu dute; ministroak onartu du bigarren dekretua ezin izan dutela nahi bezainbeste landu gainontzeko talde politikoekin, eta hori izan dela alokairu kontratu mugagabeen neurria bereizita jaso izanaren arrazoia, eta ez du ezkutatu zailagoa izango dela dekretu horrek kongresuaren oniritzia izatea. Sumarren eta Maizterren Sindikatuaren eskari nagusietako bat da testu horretan jasotakoa: errenta ordaintzen duten maizterren alokairu kontratuak automatikoki berritzea; hau da, alokairu kontratuak mugagabeak izatea, Europako beste hainbat herrialdetan bezala.

Isabel Rodriguez, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Isabel Rodriguez, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. RODRIGO JIMENEZ / EFE

Sumarreko bost ministroek egin duten prentsaurrekoan, Pablo Bustinduy Kontsumo ministroak argi utzi du ez daudela ados onartu diren hainbat neurrirekin, hala nola «hainbat hobari fiskalekin, ezta neurri batzuk aldi baterako izatearekin ere, salerosketa espekulatiboena eta etxegabetzeena, esaterako». Kontratu mugagabeena, berriz, «manifestariek mahai gainean jarri duten azken eskaria», lehen dekretuan jasotzea nahi zuten. «Hori izan da azken oztopoetako bat», kontatu du. Dena den, Bustinduyk esan du kontzesio horiek ezinbestekoak zirela akordio bat erdiesteko, eta iritzi dio dekretuak lehen pausoa direla «gure konstituzioak etxebizitzaz dioena bete dadin».

«PSOEren aurrean, Sumarrek hasi eta buka defendatu du dekretu horrek ezin duela erdizkako neurririk edo neurri deskafeinaturik bildu. Halakoek ez lukete konponduko gaur egun Espainian dugun krisi sozial nagusia, etxebizitzarena», azaldu du alderdiak, eta gehitu du azken ordura arte negoziatu dutela, PSOEk amore eman duen arte: «Hori guztia herritar antolatuei, etxebizitza mugimenduei eta kanpaldiari esker lortu da».

PSOEk, ordea, EAJ eta JxC izan ditu telefonoaren beste aldean. Haien babesa ere beharrezkoa da dekretua onartzeko, eta JxCk, esaterako, ez du argitu dekretuak babestuko dituen ala ez: «Azken testuak izan arte ez dugu baloraziorik egingo, azalpenak eman dituzten arren oraindik testuak itxi gabe dituztela baitakigu». Goizean, Miriam Nogueras bozeramaileak Sumarri aurpegiratu dio jabe txikiak «estalperik gabe» utzi izana: «Beto bat jartzen ari dira jabe txikien babesa ez onartzeko. Ez da gauza bera bi etxe izatea edo eraikin oso bat izatea. Denak zaku berean sartu nahi dituzte».

Ildo beretik jo du Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramaileak. Argi esan du jeltzaleek ez dituztela dekretuak babestuko «funts putreak eta jabe txikiak maila berean jartzen badituzte». Gogorarazi du euren helburua jabe txikiak babestea izan dela hasieratik, eta haiei «segurtasun juridikoa» ematea.

Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiaren iritziz, berriz, «tranpa bat» da neurriak bi dekretutan banatzea. Ez du argitu ostiraleko bozketan zer egingo duten, eta azpimarratu du Ministroen Kontseiluak onartutakoaren helburua «gobernuari aurpegia garbitzea eta mobilizazioak baretzea» dela. Gainera, kritikatu egin du kontratu mugagabeak ahalbidetuko lituzkeen neurria —«zertxobait egiturazkoa izan daitekeen neurri bakarra»— aparteko dekretu batean jaso izana: «PSOEk, pribatuan, erori egingo dela aitortzen du».

Maizterren sindikatua, mesfidati

Bitartean, ehunka lagun Madrilgo Sol plazan kanpatuta daude oraindik —ez dago argi noiz arte segituko duten han—, eta protestak herrialdeko beste hainbat hiriburutara hedatu dira, baita Kataluniara eta Euskal Herrira ere; zehazki, Bilbora.

Madrilen, Maizterren Sindikatuak ere dekretua banatu izana kritikatu du. «Dekretua zatitan egitea apurrak soilik emateko taktika bat da, hauteskunde kanpaina egiteko modu bat, erabat lotsagarria», esan du Valeria Racu bozeramaileak: «Neurriak bi dekretutan banatzea onartzen badugu, berriz ere huts egingo digute». Horregatik, protestan segitzeko eskatu du, Maricarmen dekretua «koma bat bera ere aldatu gabe» onartu dadin.

MARICARMEN ABASCAL ETXERA ITZULIKO DA

Etxebizitza eskubidearen aldeko protestak piztu zituen joan den asteazkenean Maricarmen Abascalen kasuak, Madrilen etxegabetu zuten 87 urteko andrearenak. Atzo iluntzean, ordea, emakumea etxegabetu zuen enpresak, Urbagestion SMk, jakinarazi zuen akordio bat erdietsi duela Abascalen ordezkariekin, emakumea bere etxera itzul dadin lehen zeukan errentaren antzeko baten truke, 500 euro inguru ordainduta. 

Etxegabetu zutenetik ospitaleratuta dago Abascal; akordioari oniritzia eman dio, eta medikuen baimena jasotakoan itzuliko da etxera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA