Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpenaren 50. urteurrenean, EH Bilduk eskatu du azaleratzeko «kasua argitzeko eta egia ezagutzeko oztopo diren sekretuak». Koalizioaren esanetan, horrek eman dezake «senideek hainbeste urtez ukatua izan duten egia eta justizia eskuratzeko aukera».
«Perturren desagerpena gure herriaren memoria garaikideko zauri irekietako bat da», nabarmendu du koalizio subiranistak ohar batean. Izan ere, 50 urtean Perturren desagerpenaren inguruko lan ugari egin dira, baina horietako bakar bat ere ez da gai izan jazotakoak modu argian frogatzeko.
Ikusi gehiago
Egoera ikusita, koalizioak adierazi du ezin dela auzia «ahanzturaren esku utzi», eta sekretupean dauden dokumentuak argitaratzeko eskatu du, baita egia ezagutzeko beharrezko mekanismo guztiak martxan jartzeko ere. «Egia jakitea ez da iraganari begira geratzea; etorkizun demokratiko sendoago bat eraikitzeko ezinbesteko baldintza da».
EH Bilduk adierazi du Moreno Bergaretxe familiak eta, oro har, euskal gizarteak horretarako eskubidea dutela, eta kontrakoak agerian uzten duela indarkeria politikoaren biktima guztiei ez zaizkiela bermatzen egia, justizia, aitortza eta erreparaziorako eskubideak. «Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekoa da biktima guztiei eskubideak berdintasunez aitortzea, eragilea edozein izanda ere, eta oraindik argitu gabe dauden kasu guztiak ikertzeko benetako borondate instituzionala izatea», zehaztu dute, eta biktimen arteko mailaketak egitea arbuiatu.
Hala, memoria «inklusibo» baten alde egin du koalizio subiranistak, eta nabarmendu horrek berarekin dakarrela «pertsona guztien eskubideak eta sufrimendu guztiak aitortzea». Izan ere, koalizioaren esanetan, helburua ez da «mendekua hartzea», «demokrazia sendotzea» baizik: «Eta demokrazia sendo batek ezin lituzke desagerpen behartuak, zigorgabetasuna edo egia jakiteko eskubidearen ukazioa onartu beharko».