EH Bilduk eta EAJk ontzat jo dute AEBen eta Iranen arteko su etena, baina ez dira fio Trumpez

Pradalesen ustez, «itxaropen leiho bat» ireki da. EH Bilduk eskatu du su etena eskualde osora zabaltzeko, Libano eta Palestina barne. EAJk uste du «mundu mailako arriskua» dakarrela AEBetako presidenteak.

AEBen eta Israelen erasoek Teheranen suntsitutako eraikin bat. JAIME LEON / EFE
AEBen eta Israelen erasoek Teheranen suntsitutako eraikin bat. JAIME LEON / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko apirilaren 8a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek uste du bakea eskuratzeko «itxaropen leiho bat» ireki dela AEBek eta Iranek adostutako su etenaren bidez. EH Bilduk eta EAJk ere ontzat jo dute, baina tentuz erreparatzen diote egoerari, ez baitira fio AEBetako presidente Donald Trumpen jarreraz. Adostutakoaren arabera, meniak bi aste iraungo du, eta Iranek Ormuzko itsasartea irekiko du. Su etenaren eragina, baina, ez da zabalduko eskualde osora, Israelek Libanori erasotzen jarraitzeko asmoa azaldu baitu. Hain zuzen, EH Bilduk gaitzetsi egin du jarrera hori, baita Gernika-Palestina plataformak ere.

«Giza eskubideen errespetuan eta nazioarteko legedian oinarritutako bake justu eta iraunkorra lortzeko lehen urratsa izan behar du», adierazi du Pradalesek, sare sozialen bitartez. Bakearekin batera, «egonkortasuna» aipatu du, eta horretarako urratsak eskatu ditu. «Ormuzko itsasartea berriz ireki eta, horrela, lotura energetikoak eta merkataritza bide globalak berrezartzen lagunduko duen egonkortasuna lortu behar da, mundu mailako krisi ekonomiko handi bat izatea eragozteko», esan du.

Hedabideei helarazitako ohar batean, EH Bilduk ere adierazi du «diplomaziaren eta negoziazioaren» alde egin behar dela gatazken konponbiderako. Ondorioz, uste du «albiste ona» dela Etxe Zuriak eta Teheranek elkarrizketei ekin eta su etena adostu izana. EAJren Espainiako Kongresuko eledun Maribel Vaqueroren esanetan, «lasaitu bat» ekarri du akordioak.

Nolanahi ere, bi taldeak zain daude datozen egunetan zer gertatuko ote den, itunaren eragina aztertu ahal izateko. «Ea zer gertatzen den, eta mehatxuka hasten ote diren berriz», esan du Vaquerok Onda Vascan. Izan ere, ez da fio Trumpen hitzez. Uste du «mundu mailako arriskua» dakarrela AEBetako presidenteak, eta nazioartea «beldurrak airean» daukala: «Ikaragarria da eguna joan eta eguna etorri Donald Trump bezalako agintari batek gizateriaren kontrako krimenak egingo dituela esanez mehatxu egitea, zibilizazio oso bat desagerraraziko duelakoan».

Bide beretik, EH Bilduk esan du nazioartearen etorkizuna ezin dela egon «arma nuklearrekin mehatxu egitera ausartzen den AEBetako administrazio arduragabe eta arriskutsu baten» eskuetan, eta mundu multipolar baten alde egin du. Hori Ekialde Hurbileko gatazkara eramanda, gehitu du Trumpen iragarpenak ez duela «bakerako bermerik» ezartzen, eta nazioarteko komunitatearen babesa beharko duela itunak. Zehazki, Pakistanek eta Txinak izan dezaketen rolari erreparatu dio. Hain zuzen, Islamabad arituko da AEBen eta Iranen arteko bitartekari lanak egiten.

Gainera, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du erabakiak eskualde osoan eragitea: «Palestina eta Libano barne, non Israelgo armadak biztanle zibilei erasotzen jarraitzen duen». Horiek horrela, eta Israelen erantzuna ikusita, koalizioak berretsi egin du Gernika-Palestina plataformak hilaren 25erako deitutako manifestazioan parte hartzeko asmoa.

Libanora eta Palestinara begira

Gernika-Palestinak martxoaren amaieran jakinarazi zuen mobilizazio nazional bat egiteko asmoa, Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez! lelopean. Eta xede horri eusten dio, uste baitu ezen, AEBek eta Iranek negoziazioaren bideari heldu badiote ere, egoera ez dela aldatu Palestinan eta Libanon, Israelek ez baititu eten bi lurralde horien kontrako erasoak: «Erakunde sionistak lehengo zigorgabetasun berarekin jokatzen jarraitzen du».

Plataformak exijitu du eremu horietan instalazio zibilen aurkako erasoak eta biztanleen kanporaketa sistematikoa etetea, baita «giza eskubideen eta herrien errespetua» ziurtatzea ere eskualdearen etorkizuna erabakitzeko orduan.

Horretarako, plataformak nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko eskatu du; zehazki, «hertsatzeko duen ahalmena indartuta». Hala izan dadin, beharrezko ikusten dute herritarrek presio egitea, eta asmo hori du apirilaren 25ean Donostian egingo duten mobilizazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA