AEBek eta Iranek bi asterako su etena adostu dute

Bi aldeak larunbatean dira biltzekoak, Islamabaden. JD Vance izango da AEBetako ordezkaritzako burua. Teheranek esan du Libanoren aurkako erasoak gelditu ezean ez duela Ormuz irekiko.

Su etena dela-eta egindako ospakizun bat, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Su etena dela-eta egindako ospakizun bat, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Nerea Intxausti Castiñeira - Mikel Lizarralde - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko apirilaren 8a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek eta Iranek adostu dute bi astez ez diotela elkarri eraso egingo. Negoziatzeko hartuko dute tarte hori, Pakistan bitartekari dela. Larunbaterako jarri dute lehen hitzordua, Pakistanen, eta AEBek jada iragarri dute elkarrizketetan parte hartuko dutela, eta JD Vance presidenteordea bidaliko dutela hara. Goizaldeko 02:00etan —astearteko 20:00etan Washingtonen— bukatzen zen Donald Trump AEBetako presidenteak Teherani ezarritako ultimatuma, eta epemuga amaitu baino ordu eta erdi lehenago iragarri dute ados jarri direla. «Islamiar Errepublikak Ormuzko itsasartea berehala, osorik eta segurtasunez irekitzea onartuta, prest nago bi astez Iran bonbardatzeari uzteko», idatzi du Trumpek Truth Social bere sare sozialean.

Menia kolokan da hasi eta berehala, ordea. Izan ere, Israelek ez ditu eten Libanoren aurkako erasoak —orain arteko eraso olde gogorrena izan da gaurkoa—, eta ohartarazi du berdin jarraituko duela. Erabakiak AEBen babesa du, eta horrek Iran haserrearazi du. Hala, Teheranek iragarri du Ormuzko itsasartea ez duela zabalduko Libanoren aurkako erasoaldia eten ezean.

Erantzuna berehala heldu da. Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek ziurtatu du Ormuzko pasabidea zabaldu ezean bertan behera geratuko dela su etena.

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak aurrez adierazi du menia onartzeko prest daudela: «Iranen aurkako erasoak eteten badituzte, gure armada indartsuaren defentsa operazioak ere geldituko ditugu». Israel ere prest agertu da Iranen aurkako erasoak eteteko: «Israelek Trump presidentearen erabakia onartzen du. Bi astez etengo ditugu Iranen aurkako erasoak baldin eta itsasartea berehala irekitzen badute eta AEBen, Israelen eta eskualdeko herrialde guztien aurkako erasoak eteten badituzte».

Trumpen orain arteko mehatxu gogorrenaren ostean heldu da su etena; zehazki, AEBetako presidenteak adierazi zuen asteartean Teherango gobernuak amore ematen ez bazuen «zibilizazio oso bat» hilko zela. Baina gaur zabaldutako mezuan atzera egin du, eta iragarri ez dituela bidaliko «indar suntsitzaileak» Iranera, Pakistanek —bitartekari ari da— hala eskatu diolako.

Su etenerako akordioa lortuta, Teherango eta Washingtongo ordezkaritzak larunbatean Islamabaden elkartzera deitu ditu Sharifek, gatazka amaiaraziko lukeen behin-behineko akordioa negoziatzera. Iranek ere elkarrizketa horietan parte hartuko duela ziurtatu du Pakistango lehen ministroak, Masud Pezexkian Irango presidentearekin hitz egin ostean. Islamabaden gatazkari behin betiko soluzioa topatzen saiatuko direla gehitu du.

Horren harira, Irango Gobernuak zehaztu du meniak ez duela gerra amaituko. Halere, akordioa garaipen gisa aurkeztu du. Pezexkianen ustez, su etena bat dator Teheranen eskakizunekin. Herrialdeko presidenteak eskerrak eman dizkie irandarrei AEBen eta Israelen erasoaldian izan duten jarreragatik, eta ziurtatu du Iran bat eginda egongo dela aurrerantzean ere.

Herrialdeko Segurtasun Nazionaleko Biltzar Nagusiak agiri bat zabaldu zuen hitzarmenaren berri emateko, eta azaldu «gatazka amaitzeko» beharrezkoa izango dela Washingtonek ontzat jotzea Iranek proposatutako hamar puntuko plana. Trumpek berak ere adierazi du Irango Gobernuaren hamar puntuko proposamen hori «oinarri bideragarri bat» dela negoziatzeko. Baina arratsaldean argitu du AEBek «puntu batzuk» baino ez dituela ontzat jo, eta puntu horien gainean negoziatuko dutela datozen bi asteetan. 

Hain zuzen ere, Iranen proposameneko puntuetako bat da Libanoren aurkako erasoak amaitzea, eta Israelek eta AEBek, oraingoz, baztertu egin dute aukera hori. Leavittek berak nabarmendu zuen Teheranek «proposamen zentzuzkoago bat» jarri beharko duela mahai gainean, elkarrizketek oinarririk izango badute. 

Teheranen eskaeren artean sartzen dira, adibidez, AEBek Irani kalte ordainak ematea, gerrak orain arte eragindako kalteei aurre egiteko, eta Iranek uranioa aberasteko modua izatea. Halere, Teheranek esana du ez duela arma nuklearrik ekoizteko asmorik, eta horretarako konpromisoa hartzeko prest dago. 

Eskakizunen artean daude beste hauek ere: AEBetako armada Ekialde Hurbiletik ateratzea, eskualdean Iranen aliatuak diren milizia guztien aurkako operazioak etetea, Ormuzko itsasarteko nabigazioa Irango armadaren kontrolpean egotea, eta Teheranen aurkako zigor guztiak bertan behera uztea. Nazioarteko hedabideek hamar puntuko planaren hainbat zirriborro kaleratu dituzte, eta hainbat desberdintasun daude batzuen eta besteen artean.

Bi aldeentzat, «garaipena»

Trumpek, baina, ez du baieztatu baldintza horiek onartzeko prest dagoen. Are gehiago, ziurtatu du Iranek ez duela uranioa aberasten jarraituko. Halere, Teherani ezarritako zigorren inguruan negoziatzen ari dela aitortu du. AFP France-Press berri agentziari emandako elkarrizketa batean gaineratu du elkarrizketak izateko asmoa dutela behin betiko akordio bat adosteko eta, hala, Ekialde Hurbilean «bakea» lortzeko. Iranek akordioa AEBen porrot gisa hartu badu ere, Trumpen ustez «garaipen bat» da, «guztiz».

Iritzi berekoa da AEBetako presidenteorde JD Vance, eta esan du Iran «gezurretan» ari dela: «Ezkutatu egin nahi dituzte gure lorpen militarrak». Horregatik uste du adostutako su etena «ahula» dela. Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariaren arabera, berriz, Iranek «erregutu» die AEBei su eten bat onartzeko. Akordioaren inguruko azalpenak emateko prentsaurrekoa egin du gaur, eta argitu du AEBak su etena onartzeko moduan zeudela: Irango misilen programa «suntsituta» geratu dela esan du, Irango itsas armada «itsas hondoan» dagoela, eta Irango zerua AEBek kontrolatzen dutela.

Behin su etena indarrean sartu ostean, Teheranek salatu du Lavan uharteko petrolio findegi bati eraso egin diotela, Persiar golkoan. Gainera, goizaldean Israelgo armadak jakinarazi zuen Iranen hainbat misil jaurtigailu bonbardatu zituztela. Arabiar Emirerri Batuek eta Kuwaitek ere salatu zuten su etena indarrean sartu ondoren Iranek eraso egin ziela. 

iranen hamar puntuko bake proposamena

 

Irango Tasnim berri agentziaren arabera, behin betiko akordio bat onartzekotan, baldintza hauek bete beharko lirateke:

  1. AEBek konpromisoa hartu beharko lukete Irani erasorik ez egiteko.

  2. Iranen esku gelditu beharko luke Ormuzko itsasartearen kontrol jarraituak.

  3. Onartu egin beharko litzateke Iranek uranioa aberasteko eskubidea izatea.

  4. Lehen mailako zigor guztiak kendu beharko lirateke.

  5. Bigarren mailako guztiak ere bai.

  6. Bertan behera utzi beharko lirateke NBEren Segurtasun Kontseiluak Iranen aurka emandako ebazpen guztiak.

  7. Beste horrenbeste egin behar litzateke IAEAko Gobernadoreen Kontseiluaren ebazpenekin.

  8. Kalte ordainak pagatu beharko lirateke Iranen eragindako kalteengatik.

  9. AEBetako borroka indarrak eskualdetik atera beharko lirateke.

  10. Gerra eten egin beharko litzateke fronte guztietan, baita «Libanoko islamiar erresistentzia heroikoaren» aurkakoan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA