Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez! lelopean, manifestazio nazional baterako deia egin du Gernika-Palestinak: apirilaren 25ean izango da, Donostian. Antolatzaileek gaur eman dute mobilizazioaren berri, prentsaurreko baten bidez; Naroa Iturrik eta Ibon Meñikak hartu dute hitza, eta salatu dute egoera «jasanezina» dela bai Palestinan, bai nazioartean.
Bi urte eta erdi beteko dira laster Israelek Gazaren aurkako sarraskiari ekin zionetik, eta behin-behineko tregoak, akordioak eta etorkizunerako erdietsitako planak gorabehera, egoerak berdintsu dirau zerrendan eta Zisjordanian. Hain justu, Gernika-Palestinak deitoratu du ez zaiola gatazkari «konponbide politikorik» ematen ari, «eraso ilegalak» areagotu direla Palestina osoan, eta «laguntza humanitarioaren faltan» dihardutela Gazan. Hala, eskaera labur bezain argia egin dute: Palestina aitortu eta errespetatu dezatela.
Eskualdeko egoerari ere erreparatu diote antolatzaileek. Haien arabera, AEBek «inpunitate osoz» baliatu dituzte «indarkeria eta basakeria», beren «interes geopolitikoak» lehenesteko, eta munduaren egoera «jasanezinaren» erantzuletzat jo dituzte.
Euskal Herritik
Hala, euskal herritarrei mintzatu zaizkie: «Euskal Herria ezin da besoak gurutzaturik geratu»; besteak beste, iritzi baitiote gerraren ondorioak Euskal Herrian ere pairatzen direla, eta azpimarratu dute «ezinbestekoa» dela arlo guztietan Israelekiko harremanak etetea. Hori guztia aldarrikatzeko eguna izango da apirilaren 25a, azaldu dutenez, baita bakea eta justizia lortzeko tresna gisa «elkarrizketa eta negoziazioa» sustatzeko ere. Mobilizazioa Alderdi Ederretik irtengo da, 17:30ean.