EH Bilduk bilera batekin ekin dio urte politikari. Koalizio subiranistako ordezkariek ERCko zuzendaritzako kideak hartu dituzte Donostian, eta Espainiako egoera politikoari erreparatu diote elkarrekin. «Inflexio puntu» betean ikusten dute estatuko politika, eta hartan eragin nahi dute, helburu argi bat betetzeko: «Estatu espainiarrean altxatzen ari den olatu atzerakoiaren harira, bat gatoz nazio gehiago eta nazio eraikuntza gehiago izatea dela konponbidea».
Bi aldeek ohar batean azaldu dutenez, nazioarteko eta Espainiako egoera politiko «zail eta itxaropen gutxikoak» izan dituzte hizpide bileran, eta horiei eman beharreko erantzunak landu. Testuan, baina, bigarrengoan zentratu dira. «Erronka berriak ditu aurrean», adierazi dute, Madrilera begira.
Bi aldeek «nazio eraikuntza» jo dute egoera «konplexu» horri erantzuteko konponbidetzat, eta ondorioz, uste dute egungoa «garai erabakigarria» dela Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat. Hori dela eta, hizketan aritu dira datozen hilabeteetan zer urrats egin, nahiz eta oharrean ez duten ezer aurreratu.
EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik ere bide beretik jo zuen uztailaren hasieran. Azaldu zuen Cerdan auziak eta hark eragindako harrabotsak «beste fase batean» sarrarazi dutela Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidurari bide eman zion blokea. «Egitasmo demokratiko benetan erradikal eta plurinazional bat» aipatu zuen egoera bideratzeko tresna moduan, eta gehitu hartaz hitz egiteko bilera sorta bat abiatuko zuela. Hori dela eta, koalizioa Podemoseko buruzagiekin elkartu zen uztailean, eta ERCkoekin gaur.
Otegirekin batera, Harremanetako idazkari Gorka Elejabarrieta eta Senatuko eledunaren alboko eta Mahai Politikoko kide Idurre Bideguren izan dira EH Bilduren ordezkariak bileran. ERCren izenean, berriz, Oriol Junqueras presidenteak, Elisenda Alamany idazkari nagusiak eta Oriol Lopez haren albokoak parte hartu dute.
Aliantzak
EH Bilduk eta ERCk aliantza estrategiko bat dute elkarrekin, hala nola talde parlamentario beraren parte dira Espainiako Senatuan, eta batera aurkeztu ziren Europako Parlamentuko hauteskundeetara, beste alderdi batzuekin. Hala, azaldu dute bi indarrak «anai-arrebak» direla, «independentistak eta ezkertiarrak», eta aurrerantzean ere elkarrekin lan egingo dutela hala euren proiektu politikoa indartzeko nola Euskal Herria eta Katalunia nazio «justuagoak eta askeagoak» bihurtzeko.
Oharrean, bi aldeek ez diote erreferentziarik egin ERCk Espainiako Kongresuan duen eledun Gabriel Rufianek uztailean egindako proposamenari. Orduan, Esquerrako kideak proposatu zuen ezkerreko alderdien arteko koalizio plurinazional bat egitea, eskuinari aurre egiteko formula moduan. ERCtik bertatik erantzun zuten, baina, auzi hori ez zegoela «mahai gainean», eta besteak beste Sumar kontra azaldu da. «Zaila zait argazkian ERCrekin azaltzea, lan erreforma ez baitzuen sinatu», esan zuen Sumar Mugimenduko idazkari Alba Garciak Radio Euskadin.
EH Bilduk ere egin zuen antzeko proposamen bat bere kongresuaren hirugarren aldian; ordu hartan, Hego Euskal Herriko indarrentzat zen. «Euskal Herriaren gehiengoa ordezkatzeko zerrenda bateratu bat» egitearen alde egin zuten koaliziokideek, esanez proposamen hura Espainiako Gorteetara eta Europako Parlamentura begirakoa litzatekeela. Kasu hartan, Otegiren xedea zen boz horietara «nazio gisa» aurkeztea. Orduan ere, proposamenak EAJren, Sumarren eta Ahal Dugu-ren ezezkoa jaso zuen.