Gasteizko udal gobernuak eta EH Bilduk bigarrenez lortu dute udal tasen inguruko akordioa

Zergak %2,5 handituko dira oro har, eta kenkariak eta hobariak ere itundu dituzte hainbat alorretan. Datorren astean onartuko dute zerga ordenantza berria, subiranisten aldeko botoei esker. Itunak atea zabaldu die aurrekontuei.

Rocio Vitero EH Bilduren bozeramailea, Gasteizko udaletxean eginiko agerraldian. EH BILDU
Rocio Vitero EH Bilduren bozeramailea, Gasteizko udaletxean eginiko agerraldian. EH BILDU
aitor biain
2025eko urriaren 14a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urtean egin bezala, Gasteizko EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa egin dute aurten ere zerga ordenantzaren inguruan. Akordiorako oinarrian jaso dute udal tasak, oro har, %2,5 handitzea datorren urtean, aurreko urtearekin alderatuta, baina, horrez gain, kenkariak eta hobariak ere itundu dituzte hainbat alorretan. Zerga ordenantza berria datorren ostiralean onartuko dute, subiranisten aldeko botoei esker, gutxiengoan baita sozialisten eta jeltzaleen udal gobernua. Baina itunak esanahi are handiagoa dauka, atea zabaldu baitio beste behin aurrekontuak onartzeari.

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko udalbatzako bozeramaileak eman du akordioaren berri, gaur goizean. Zinegotziak azaldu du zerga ordenantzaren igoera udal gobernuak proposatutakoaren azpitik dagoela, jeltzaleek eta sozialistek %2,7 handitzea nahi zutelako. Subiranistek, ordea, %2,2 handitzea nahi zuten. Viterok nabarmendu du, dena den, akordioari esker tasa jakin batzuetan igoera ez dela udal gobernuak aurreikusitakoa bezain handia izango.

Hori gertatzen da zaborraren tasarekin, hain justu ere; izan ere, udal gobernuak nahi zuen %5,8 handitzea zerga hori. Akordioan jaso dute, halaber, kenkariak eta hobariak ezartzea tasa horri lotuta. Ondasun higiezinen tasan ere, hobariak ezarriko zaizkie gutxieneko soldata baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenei, eta etxebizitza hutsei ezartzen zaien errekargua salbuetsi ahal izango da gutxieneko ur eta elektrizitate kontsumoa justifikatuz gero.

Enpresa txikiek ere %65 arteko hobaria izango dute Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan, baldin eta enplegua sortzen badute. TAO sisteman eta autokarabanen aparkalekuen ordenantzan, berriz, ez da aparteko igoerarik izango tarifetan, baina %2,5 eguneratuko da urte osoko baimenaren tarifa. Eta autoei dagokienez, gehienez zortzi orduz aparkatzeko tarifa berria eskainiko da. Halaber, ez da aparteko igoerarik egongo etxez etxeko laguntza zerbitzuan, gobernu taldeak planteatu bezala, eta ekitaldietan Udaltzaingoa hedatzeagatik tasa bat sortzeko proposamena ere bertan behera geratuko da, nahiz eta ez duten baztertu etorkizunean martxan jartzea.

«Akordio ona»

«Akordio on bat» lortu dutela azpimarratu du Viterok, modua emango duelako zerbitzu publikoei eusteko eta gaur egungo araudia «egokitzeko eta hobetzeko». Halaber, esan du iaz onartutako %4ko igoera aintzat hartu dutela eta are gehiago handitzea eragotzi dutela: «Aurreko urtean herritarrek egindako ahaleginari balioa ematen diogu eta, horregatik, gobernu taldeak proposatzen zituen igoera ezohiko eta justifikaezinak geldiaraztea lortu dugu».

EH Bilduren bozeramailearen ostean hitz egin dute udal gobernuko ordezkariek. Jeltzaleak eta sozialistak pozik azaldu dira itunaren inguruan, eta ezberdinen artean ados jarri izana nabarmendu dute. Beatriz Artolazabal alkateordearekin batera (EAJ) egindako agerraldian, Maider Etxebarria alkateak (PSE-EE) esan du itunari esker udal zerbitzu publikoei eusteko «gutxieneko diru sarrerak bermatuko» direla. EAJren bozeramaileak, berriz, adierazi du akordioa «orekatua eta zentzuzkoa» dela, eta udalaren egonkortasuna indartzeaz gain gasteiztar guztien onerako izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.