Urte politikoarekin hasitako bilera sortari jarraipena eman dio gaur EH Bilduk, JxCrekin. Bi alderdiek «egungo testuinguruaren konplexutasuna» izan dute hizpide, eta Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko «elkarlanaren beharra» nabarmendu dute. Ohar batean, koalizio subiranistak azaldu du xede horrekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dutela bi aldeek.
Udako etenaren aurretik, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik adierazi zuen beste fase bati ekiteko garaia zela, «egitasmo demokratiko benetan erradikal eta plurinazional bat» oinarri hartuta. Bide horretan, asmoa azaldu zuen zenbait bilera egiteko Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren inbestidura ahalbidetu zuten alderdiekin eta beste indar aurrerakoi batzuekin. Ordutik, Espainiako, Kataluniako eta Galiziako zenbait alderditako ordezkariak hartu dituzte koalizioaren egoitzetan. Denetan xede bera izan dute: egungo egoera politikoaren gaineko analisi komunak plazaratzea.Â
Oraingoan, baina, koalizio subiranistako kideek egin dute bidaia, gonbidatua Euskal Herrian hartu beharrean. Hala, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi eta Harreman Politikoetarako idazkari Gorka Elejabarrieta Waterloon izan dira (Belgika), JxCko presidente eta Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontekin. Izan ere, Amnistia Legea Espainiako justizian izaten ari den bide gorabeheratsua dela medio, Puigdemont Belgikan erbesteratuta dago oraindik.Â
Harekin jorratu dituzte Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako egoera politikoak, baita egoera «konplexuaren» inguruan dituzten iritziak ere. Hain zuzen, JxC eragile nabarmen bat bilakatu da testuinguru mugitu horretan, alderdiak hautsitzat jo baitzuen PSOErekin sinatutako akordioa. «Pedro Sanchezen legealdia blokeatuta geratu da», esan zuen Miriam Noguerak, JxCk Espainiako Kongresuan duen eledunak. Halere, ordutik zenbait akordio egin dituzte bi aldeek.