EH Bilduk Ima Garrastatxu proposatu du Bizkaiko zerrendaburu izateko

Koalizio subiranistan bihar arte aurkezten ahalko dituzte zerrendak osatzeko izenak, eta horiek berresteko bozketak hilaren 15etik 17ra bitarte izanen dira.

Ima Garrastatxu Durangoko alkatetza utzi zuen egunean. MIGUEL TOÑA / EFE
Ima Garrastatxu Durangoko alkatetza utzi zuen egunean. MIGUEL TOÑA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 5a
11:20
Entzun

Ima Garrastatxu izanen da EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, alderdiaren oinarriek onartzen badute. Durangoko (Bizkaia) alkate ohia da, eta egun zinegotzia da udalerri hartan. Informazio Zientzietan lizentziatu zen, eta SOT publizitate agentziaren sortzaileetako bat da. Zerrendak osatzeko izenak bihar arte proposatu daitezke, eta horiek berresteko bozketak hilaren 15etik 17ra bitarte izanen dira.

Pello Otxandiano alderdiaren lehendakarigaia izanen da Arabako zerrendaburua, eta Nerea Kortajarena, berriz, Gipuzkoakoa. Hala, lehenbiziko aldia izanen da EH Bilduren lehendakarigaia Arabako zerrendaburu izanen dela. Izan ere, izendapen horrekin, alderdiak «bultzada» eman nahi dio Arabako «ziklo politikoaren aldaketari». Kortajarena alderdiaren koordinatzaile politikoa eta eleduna da Eusko Legebiltzarrean, eta EH Bilduko Mahai Politikoko kidea ere bai.

EH Bilduk ez ezik, PSE-EEk ere lurraldeetako zerrendaburuen berri eman du dagoeneko: Denis Itxaso izanen da Gipuzkoakoa, Eneko Andueza Bizkaikoa –lehendakarigaia ere bada–, eta Aroa Jilete Arabakoa. Alderdiak nabarmen berritu ditu zerrendak datozen hauteskundeetarako. Horietan ikusiko ez diren kiderik nabarmenenen artean daude Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioko sailburua.

EAJk, berriz, urtarril bukaeran hautatu zituen zerrendaburuak: Joseba Diez Antxustegi izanen da Arabakoa, Imanol Pradales lehendakarigaia Bizkaikoa, eta Bakartxo Tejeria Gipuzkoakoa, egun Eusko Legebiltzarreko presidente dena.

Bien bitartean, Sumarrek Alba Garcia aurkeztuko du Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan lehendakari izateko, Ezker Anitza-IUrekin eta Equo Berdeekin akordioa eginda. Ahal Dugu-k ostiralean amaitu zuen primarioetako prozesua, eta Miren Gorrotxategi berretsi du lehendakarigai. Hala ere, oraindik ez dute baieztatu banatuta edo elkarrekin aurkeztuko diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.