EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio jar ditzala martxan poliobirusaren konpentsazio neurriak

Legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, neurriak exijitzeko. Poliomielitisa garatu zutenek jasandako «abandonua eta sufrimendu bidegabea» aitortzea ere eskatu dio.

Maria Jesus San Jose, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maria Jesus San Jose, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko uztailaren 4a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko publikoki aitor dezala frankismoan poliomielitisa garatu zutenek jasandako «abandonua eta sufrimendu bidegabea», eta jar ditzala abian legeetan jasota dauden konpentsazio neurriak, haien bizi kalitatea hobetzeko. Era berean, eskaera baliatu du exijitzeko azter ditzala «estatuak bere gain hartu beharreko erantzukizunei bide emateko aukerak», diktadura frankistak eragindako mina aitortzeko eta erreparatzeko.

Koalizio subiranistak salatu du haien gaitza aitortua den arren gaur-gaurkoz ez dela horiei aurre egiteko neurrik hartu: «Ez da inolako laguntza keinurik egin». Eta salatu du gaixo bakoitzak bere kasa egin behar diela aurre gaitzak dakartzan ondorio guztiei, kaltea arintzeko behar diren baliabiderik gabe. «Diktadura frankistak ez zuen ahalbidetu txertoa iristea jada beste herrialde batzuetan eraginkorra zenean. Eta horren ondorioak ez dituzte onartu diktaduraren ondorengo gobernu denek», gogorarazi du.

Hain zuzen ere, poliobirusak erasandakoek urteetan salatu izan dute hori bera, bakarrik sentitzen zirela, alegia. Eta luzaz jardun dute haien egoera ezagutarazten eta erreparazioa eskatzen, harik eta 2022an Espainiako Gobernuak lehenik, eta 2023an Eusko Jaurlaritzak ondoren, aitortuak izatea lortu zuten arte; Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean eta Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean jaso baitzen haien kasua.

Harrezkero, baina, ez dituzte eskuratu lege horietan jasota dauden baliabideak. Hala gogorarazi du koalizio subiranistak, legez besteko proposamenean: «Aitorpen horrek ez du ekarri ez inolako aitorpen publikorik ez bizi kalitate hobea izateko modua emango duen osasun eta gizarte arloko neurri gehigarririk». Bada, horiei ahal bezain azkar heltzeko eskea egingo dio Jaurlaritzari, beste behin.

Izan ere, gogorarazi du «frogatutako egia» dela Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Estatuan poliobirusaren epidemiaren hedapena «zenbait arduragabekeriazko erabaki politikok eta praktika mediko jakin batzuk eragin zutela». Eta hala dago jasota Gogora institutuaren txostenetan ere. Poliobirusak 1950eko eta 1960ko hamarkadetan jaiotako haurrei erasan zien bereziki. Gaur egun Euskal Herrian oso kontrolatua baldin badago ere, garai batean asko zabaldu zen.

Jaurlaritzaren diru saila

Ez da gai honi buruz EH Bilduk Jaurlaritzari egiten dion lehen eskea. Duela gutxi gai horren inguruko galdera bat helarazi zion Ayem Oskoz EH Bilduko legebiltzarkideak Maria Jesus San Jose Justizia sailburuari, idatziz. Galdera horri erantzunez, sailburuak erantzun zuen 2026ko aurrekontuetarako diru sail bat jasoko dutela «Euskadin eragina izan zuen poliomielitisaren epidemiaren hedapenari buruzkoak argitzea xede duten ikerketa eta azterlanak sustatzeko».

Halaber, jakinarazi zuen Jaurlaritza aztertzen ari dela gaitzak erasandako pertsona horien sufrimendua aitortzeko modurik egokiena zein den, eta «ikerketa eta azterketa egokiak egin ondoren» zehaztuko dutela hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.