Arratsaldean erreplikarako tartea izan da Eusko Legebiltzarrean, eta oposizioak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesen lehen urtearen balantzea egiteko baliatu du parada. Etxebizitza, osasungintza eta segurtasuna izan dira gehien errepikatu diren auzietako batzuk. Halere, protagonismo nabarmena hartu du autogobernuaren inguruko auziak. Hain zuzen, alor horretan akordioa lortzea ezinbestekotzat jo du EH Bilduko eledun Pello Otxandianok, baina baita beste lau esparrutan ere: hezkuntza, euskara, sistema instituzionalaren modernizazioa eta klima politikak. Horretarako neurri zehatzak proposatu dizkio Pradalesi. Gutxienez bitan, PSE-EE ez da iritzi berekoa, Eneko Andueza idazkari nagusiak azaldu duenez. Izan ere, hark ez du bat egiten EAJk eta EH Bilduk estatus politiko berriaren eta euskarak enplegu publikoan izan beharreko lekuaren inguruan duten diskurtsoarekin.Â

EAJ
Joseba Diez Antxustegiren ustetan, Pradalesek «lidergo sendoa» erakutsi du lehendakari lema hartu duenetik lehen politika orokorreko eztabaidara arte egin duen bidean: «Gure herria aurrera doa, eta bitartean PP galduta dago, eta EH Bildu ezkutatu egiten da benetan parte hartzea eskatzen zaionean».
Ikusi gehiago
Gobernuaren bidea txalotzeaz gain, PP eta EH Bildu kritikatu ditu. «Euskadirentzat» proiekturik ez izatea egotzi dio PPri, baita Madrilgo PPren oihartzuna izatea ere. EH Bilduri, berriz, «anbiguetate estrategikoz» aritzea, «'bai baina ez' dabilen alderdi bat» izatea. Beste alderdiei etxeko lanak jartzea eta gero akordioak egiteko orduan ezkutatzea leporatu die: «Zuek ez duzue akordio bat negoziatu nahi, nahi duzuena da zuen politikak onartzea, eta gu ez gaituzte bozkatu zuen politikak ezar ditzagun».
Gogoeta bat eginda amaitu du Diez Antxustegik: politikaren izen ona berreskuratzeko eskatu du, «erakutsi dugu gai garela gure artean eztabaidatzeko, haserretu gabe, eta kanpoan ikusten direnak ikusita, poztekoa da hemengo giroa». Bestetik, ausardia eskatu du: «kaleari ezin zaio bizkar eman».
Gaztelania nagusitu da Diez Antxustegiren hitzaldian, euskararen gainetik. Hitzaldia hasi duen modu berean amaitu du. Izan ere, hasieran esan du Gasteizko ganberan egiten ari diren eztabaida garrantzitsua izan arren herritarren gehiengoak ez duela hor gertatzen ari denaren berri, eta hori ekarri du berriz hizpidera bere hitzaldia amaitzean. «Mundu paralelo bat dago kalearen eta hedabide, alderdi eta erakundeen artean». Kalera gerturatu eta entzutera deituz amaitu du hitzaldia.

Â
EH Bildu
Â
EH Bilduko eledun Pello Otxandianok bat egin du Pradalesen diagnostikoaren parte handi batekin, eta uste du hark emandako mezu politiko nagusia eskuin muturraren gorakadari erantzun beharraren ingurukoa izan dela. Horri lotuta, EH Bilduko eledunak Pradalesi adierazi dio «ezkerreko subiranismoaren konpromiso osoa» duela koiuntura horri aurre egiteko bidelagun izateko. Horrek, baina, «ezohiko neurriak» hartzea eskatzen du ezinbestean: «Hau horrela baldin bada, mehatxu kasik existentzial baten aurrean bagaude, hemen gauzek ezin dezakete bere horretan jarraitu». Hau da, uste du politika neoliberalak baztertu egin behar direla.
Hori guztia autogobernua berritzearekin lotu du Otxandianok, eta iruditzen zaio Pradalesek «asmatu» egin duela horretan politikoki. Ez du bat egin lehendakariak bere buruari egotzi dion rolarekin, ordea, eta esan dio «lidergo politiko bat» hartu behar duela auzi horretan ere: «Ezin zara bazter gelditu».
Hain zuzen, estatus politiko berriaren ingurukoa da Otxandianok proposatutako lau erreiko bidearen oinarri nagusietako bat, uste baitu egungo «aukera leihoa» baliatu beharra dagoela «tradizio politiko ezberdinen arteko akordio» baten bidez. «XXI. mendeko euskal gizartearen eta nazioaren garapena pentsatzeko oinarri politiko berri bat definitzen ariko ginateke», azaldu du, eta gehitu horrek «ortzi muga komunitario bat» ezarriko liokeela euskal gizarteari: «Termino politikoetan egin dezakegun inbertsiorik onena da». Hark izan beharreko oinarri juridikoez, berriz, zehaztu du estatuarekiko beste harreman eredu bat eraikitzea eta hura blindatzea beharrezkoak direla.
Hortik aurrera, EH Bilduko eledunak hiru esparrutan banatu ditu agenda politikoan dauden gaiak. Batetik, akordioa lortzea zail dirudien gaiak leudeke, Otxandianoren esanetan. Eta adibide gisa jarri du etxebizitza. Bestetik, «adostasun partzialak» lortu daitezkeen gaiak; hala nola, Osakidetzari, segurtasunari eta industria politikari lotutakoak.
Azken multzo batean, berriz, «herri akordioak» eskatzen dituztenak daude: hezkuntza, euskara, sistema instituzionalaren modernizazioa eta klima politikak. Otxandianoren esanetan, «nazio gisa» sendotzeko esparruak dira, «konplexuak», baina «ageriko» dira adostasunerako eremuak dituztenak. Horietarako zenbait proposamen zehatz egin ditu Otxandianok, eta gobernuari eskatu dio erantzun bat emateko. Proposamenen artean dira Eskola bikaina denontzat programa EH Bilduk, EAJk eta PSEk gobernatutako udalerri banatan martxan jartzea; Enplegu Publikoaren Legearen erreforma adostea, euskara indartzeko; sistema instituzionalaren kanpo ikuskaritza bat egitea; eta Urdaibaiko Guggenheimen inguruko partaidetza prozesua klima politikak garatzeko baliatzea. «Herri akordioen inguruko diskurtsoa garbira pasatzeko momentua da. Ikasturte hau gakoa da», gehitu du.
Bigarren hitzartzean ere herri akordio horietan egin du indar EH Bilduko kideak. «Hamar urte daramatzagu batzuk eta besteak herri akordioez hitz egiten», esan du, eta gehitu horiek praktikara eramateko garaia dela. Hala, defendatu du EH Bilduk baduela «sinesgarritasuna» akordio horiei «zintzotasunez» helduko diela dioenean, eta erantzun bat eskatu dio lehendakariari: «Bai edo ez. Eta, ezezkoa bada, zergatik».

PSE-EE
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak Eusko Jaurlaritzak bere lehen urtean egindako bidea defendatu du. Batez ere, sailburu sozialisten lana goraipatu du, baina baita Ertzaintzari, Hezkuntzari eta Osasunari lotutakoak ere. Azken horren inguruan, esan du Osakidetza «eraldatzeko oinarriak» ezarri direla. Halere, topatu ditu Pradalesen eta EAJren hitzartzeetatik bereizteko elementuak ere: esaterako, autogobernua eta euskara.
Hitzartzearen hasieran, EAJtik zein EH Bildutik azken asteetan euskal politikagintza Espainiako politikatik urruntzeko egindako adierazpenei erantzunez, Anduezak eskatu du zaku berean ez sartzeko Alderdi Sozialista eta Espainiako eskuina: «Ez dute suntsitzea beste helbururik». Eta gogorarazi du Alderdi Sozialistari esker funtzionatzen dutela Espainiak eta «Euskadik»: «Alderdi Sozialista da gobernuaren gehiengoa batu dezakeen bakarra. Munduan ziurgabetasuna nagusi den honetan, Euskadin egonkortasuna berma dezakeen bakarra».
Bi alderdi horiei egin die erreferentzia beste zenbait gaietan ere; esaterako, hizkuntza politikei dagokienean. Anduezaren esanetan, «EAJren akats bat» izan da jeltzaleek sozialistekin adostasunik lortu gabe aurkeztea Enplegu Publikoaren Legearen proposamen bat: «Bakoitzak bere aldetik, EAJk eta EH Bilduk proposatzen digutenak, segurtasun juridikoa ematetik urrun, LEPetan errekurtso gehiago egotea eragingo du». Hala, defendatu du eurek eskaera linguistiko «malgu, zentzudun eta bermedunak» nahi dituztela.
Hain zuzen, abagune hori baliatu du salatzeko alderdi abertzaleek independentzia eta subiranotasuna baliatzen dituztela arazoen konponbide gisa: «Independentziak ez du erronka demografikoa konponduko. Subiranotasunaren irtenbide magikoak ez ditu hobetuko gure ikasleek eskola publikoan dituzten emaitzak».
Gerora, ildo berari jarraitu dio autogobernuaren inguruan aritu denean ere. Batetik, ukatu egin du autogobernua «higatuta» dagoela, eta esan du ez duela zalantzarik Gernikako Estatutua bete egingo dela, Espainiako Gobernuaren «borondate politikoari» esker.
Estatus politiko berriaren inguruko eztabaidaz, berriz, esan du autogobernua eguneratzeko bidearen zati handiena duela bi legealdi egin zela, eta orduko eztabaida gogoratu du: «Autodeterminazio eskubidea txertatzeko temak zapuztu egin zuen». Haren hitzetan, gai hori jada ez dago euskal herritarren agendan. Hala, esan du pilota EAJren eta EH Bilduren teilatuan dagoela, sozialistek, behintzat, ez dietelako bide emango alderdi abertzaleen «aspirazio independentistei».
PP
EAEko PPko presidente Javier de Andresek Pradalesek Espainiako politikagintzaren orainaz eta geroaz esandakoak kritikatuz abiatu du bere hitzartzea. Haren esanetan, ez dira PP eta Vox kezkarako arrazoia, PSOE eta haren aliantzak baizik, tartean EAJrekin eta EH Bildurekin dituenak. Are gehiago, Pradalesi erantzun dio Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Herriko politikagintzari lotutakoek eragiten dutela «Espainiako tentsio politikoa»; besteak beste, Cerdan auziari lotutakoek, Vueltako protestek eta euskal presoei aplikatutako espetxe politikari dagozkionek. «Eskandalu bat da Espainia osoan», esan du, azken horri erreferentzia eginda.
Hortik aurrera, alor ekonomikoari, etxebizitzari —eta okupazioei—, Osakidetzari eta segurtasunari erreparatu die. Azken auzi hori aipatu du Segurtasun Sailaren kudeaketa kritikatzeko, esanez delinkuentzia goranzko bidean dela, eta ez dela horri aurre egiteko neurririk hartzen. Era berean, Pradalesi berari ertzainak ez babestea egotzi dio, udako jaietako auziak gogora ekarrita: «Jazarpen handi bat jasaten ari dira. Ordu erdi geratu zaio soberan lehendakariari, eta ez dio aipamenik ere egin talde horri».
Hala, agerian geratu da egun EAJren eta PPren arteko distantzia «ikaragarria» dela, De Andresek berak aitortu duenez. Horren atzean ez dago autogobernuaren inguruan izan ditzaketen iritzi ezberdinak, PPkoaren hitzetan, baizik eta jeltzaleek «ezkerrerantz» egin izana: «Amore eman du ezkerraren presioaren aurrean, Bilduren eta PSOEren aurrean, eta badakit ez direla hortik aterako, boterea galtzea eragingo liekeelako».
Sumar
Sumarreko Jon Hernandezek adierazi du koalizio hark Eusko Jaurlaritzatik gero eta urrunago ikusten duela bere burua, eta gaurko agerraldia «autobonborako» erabili izana kritikatu dio Pradalesi: «Ditugun arazoak ahaztea nahi duzu». Eta azaldu du ez duela bat egiten etxebizitza, osasungintza eta etxebizitza alorretan gobernuak ezarri duen norabidearekin. Etxebizitzari dagokionez, zehazki, salatu du Jaurlaritzak ez duela hura «merkatu logikatik» atera eta haren «helburu soziala» bermatu nahi. Osakidetzaren inguruan, berriz, «lankidetza publiko-pribatuarekin» gutxi batzuen onura bilatzea egotzi dio.
Autogobernuari erreparatzean ere, arlo sozialean egin du indar Hernandezek. Azaldu du eurek argi dutela estatutu berri baten inguruko eztabaidaren muina «arlo publikoa indartzea eta eskubideak zabaltzea» izan behar dela: «Duintasunez erantzuteko klima krisiari, prekaritateari, ezberdintasun sozialei eta etxebizitzaren auziari. Hori da gure konpromisoa estatutuaren eztabaidari heltzeko».
Nazioarteko egoeraren inguruko errepasoa egitean, berriz, Pradalesi gogoratu dio «nazioarteko multilateralismoaren hausturaren» arduradun nagusia AEBak direla, eta Pradalesi eskatu dio ez babesteko Europako Batasunak defentsa alorra indartzeko egindako apustua; zehazki, NATOren eta arma industria indartzearen kontra hitz egin du.
Vox
Voxeko Amaia Martinezek hasieratik egin dio eraso Pradalesi. Haren hitzetan, gobernuaren lehen urtea «propaganda eta sektarismo gaindosiak» definitzen dute. Argudio gisa euskara erabili du. Erkidegoetako presidenteen arteko bileran euskaraz hitz egin izana txarretsi dio lehendakariari, eta Osakidetzako lanpostuetan euskararen erabilera sustatzearen kontra egin du.
Halere, migrazioa izan da haren hitzartzearen oinarri nagusia. Termino hori aipatzearekin batera, «herritarren segurtasuna» eta «delinkuentzia» hartu ditu hizpide, azken horren gorakada «migrazio masibo eta kontrolgabearekin» lotu baitu. Gaiaz aldatu gabe, eskuin muturrak nazioartean bereganatu duen ordezkatze handiaren teoria ere bere egin du, esanez «kuskusak txistorra» ordezkatuko duela norabidea aldatu ezean.