Mundua nahasian dabil, eta panorama ez da batere itxaropentsua: garai «ilunak eta zailak» etor daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua ez ezik nortasuna eta erakundeak ere «zalantzan» jar ditzaketenak. Diagnostiko ezkor hori egin du Imanol Pradalesek Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko bilkuran, eta aldarrikatu horri erantzuteko ezinbestekoa dela 1979ko Gernikako Estatutua eguneratzea. Azpimarratu du orain dela garaia, eta baliatu egin behar dela. Bada, alderdiei ekainera arteko epea eman die negoziatzeko. Ekainean alderdiekin beste bilera sorta bat egingo duela esan du: «Autogobernua berritzeko epea ezin da mugarik gabe luzatu».
Urte politikoari hasiera emateko eztabaidan, autogobernua izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiaren ardatz nagusietako bat. Mezu nagusia etxera begirakoa izan da, baina hasi, Ekialde Hurbilera begira hasi da Pradales. «Aski da!» esan dio Israelgo gobernuari, eta Gazako «genozidioa» gelditzeko exijitu. Pradalesek bilkura eten du minutu bateko isilunea egiteko, zerrendan hildakoak oroitzeko eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Edonola ere, palestinarren sufrimendua «demagogia egiteko ez erabiltzeko» eskatu du: «Kontuz EHU, enpresak edo erakundeak seinalatzearekin, ez baitira egora horren erantzule». Eta iragarri du Jaurlaritzak ezohiko diru laguntza bat emango diola Nazio Batuen Erakundearen UNRWA erakundeari.
Hain zuzen ere, munduan ez ezik Espainian ere jokalekua gero eta ziurgabeagoa dagoela iritzi dio lehendakariak; «autoritarismoaz» eta joera «birzentralizatzaileaz» ohartarazi du, eta esan du horrek ezinbestean eskatzen duela tresna berriez jabetzea, «Euskadiren» gaitasun eta ahalmenak indartzeko: «Gure ardura da, gaur, historian zehar egin dugun bezala, gure nazioa eraikitzearen aldeko aukerak aprobetxatzea».
Premia badago, baina denbora amaitzen ari da, Pradalesen hitzetan: «Epeak jarri behar ditugu». Onartu du orain alderdiei dagokiela estatutu berriaz negoziatzea, baina ohar egin du elkarrizketa horiek ezin dutela luzaroan iraun. Ekainera arteko epea eman die testuaren oinarriak negoziatzeko. Bilera sorta batera deituko du orduan, «egindako ibilbidea aztertu, ebaluatu eta urratsak egiteko».
Mezua PSE-EEri
Pradalesek ez du zehaztu ekainetik aurrera zer egingo duen, baina Alderdi Sozialistari gogorarazi dio jeltzaleek eta sozialistek hitzartu zuten gobernu programan jasota dagoela autogobernua «zabaldu eta hobetzeko» konpromisoa. PSE-EEren idazkari nagusiak behin eta berriro gogorarazi izan dio ardura alderdiena dela, baina Pradalesek aurrera egiteko nahia erakutsi du. Bada, gaia alderdien intereserako erabiltzeari utzi eta «zintzo jokatzea» galdegin dio: «Autogobernu berriak eskuzabal jokatzea eta arriskuak hartzea eskatzen digu, nahiz eta batzuen eta besteen etxeak pixka bat harrotu».

EH Bilduri ere autogobernuaren gaia interes alderdikoietarako ez erabiltzeko eskatu dio, gogorarazita orain herritarrentzako tresna baliagarria den hori gutxietsi egiten zutela duela ez asko. Bada, Gernikako Estatutua adostu zutenen «maila» emateko eskatu die legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei, oinarriak abiatu berri den urte politiko honetan onartzeko: «Autogobernuaren etorkizuna gai serioegia da instrumentalizatzeko eta jolasean ibiltzeko».
«Autogobernu berriak eskuzabal jokatzea eta arriskuak hartzea eskatzen digu, nahiz eta batzuen eta besteen etxeak pixka bat harrotu»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Bien bitartean, lehendakariak adierazi du Gernikako Estatutua osatzea izango dela bere gobernuaren lehentasuna. Bide horretan urratsak egin dituela azpimarratu du, eta adibide gisa jarri du atzo langabezia sariaren kudeaketari buruz lortutako akordioa. Sanchezi adierazi dio, hala ere, denborak estutu arren ez duela «edozer gauza» sinatuko, eta gogorarazi eskumen guztiek eskualdatuta behar dutela urtea amaitu aurretik: «Espainiako Gobernuak badaki udazken honetan egiten duenaren araberakoa izango dela urte amaierako ebaluazioa».
Buru osasuna lehentasun
Pradalesek bere hitzaldiaren azkenerako utzi du autogobernuaren gaia. Aurrez, luze-zabal aritu da egoera sozioekonomikoari eta globalari buruz —hitzaldiaren tarterik handiena hartu du gai horrek—. Hizpide izan ditu Ukrainako gerra, Europako Batasuna, Venezuela eta, nola ez, Amerikako Estatu Batuak eta hango presidente Donald Trump. Eta argi utzi du beste behin «aro aldaketa» martxan dela: «Eraldaketa sozial eta ekonomiko batean murgilduta gaude».
Bada, jokaleku horretan «euskal agenda» defendatu behar duela aldarrikatu du. Hain zuzen, bere gobernuak agintaldiko lehen urtean martxan jarritako neurriak zerrendatu ditu jarraian. Ekonomiari heldu dio lehendabizi, eta gogorarazi du mehatxuak mehatxu datuak onak direla gaur-gaurkoz, ekonomia hazten ari delako eta enplegua sortzen. Ongizate estatuari eustea dauka erronkatzat Pradalesek, zerbitzu publikoak indartzearekin batera. Hala ere, ongizatearen mugak arlo ekonomikotik harago zabaltzeko beharra ere aldarrikatu du: «Kontratu sozial berri bat behar dugu, dimentsio emozionalaren eta komunitarioaren begirada txertatuko duena».
4
Zenbat urtera luzatuko duten haur bat izateagatik ematen duten laguntza. Berrehun euroko laguntza hiru urtera arte ematen dute orain. Familia bakarrekoetan, zazpi urtera luzatuko dute.
Buru osasunean egin du azpimarra lehendakariak, eta iragarri du Jaurlaritzak indar berezia egingo duela herritarren ongizate emozionala hobetzeko. Lau egitasmo jarriko ditu martxan horretarako: Lehen Arretan psikologoak jarriko dira; nerabeei ongizate emozionalaren jarraipena egingo zaie, programa pilotu baten bidez; pantailen erabilerari buruzko plan bat onduko da; eta jarduera fisikoa eta kirola sustatuko dira.
Hurrengo hilabeteetan martxan jarriko dituen beste neurri hauek ere iragarri ditu, besteak beste: haur bat izateagatik ematen den 200 euroko diru laguntza lau urtera arte luzatzea eta familia ugarien edo guraso bakarrekoen 100 euroko laguntza, berriz, zazpi urtera. Osakidetzari dagokionez, esan du Osasun Itunean adostutako 24 lan ildo estrategikoak garatuko dituztela, eta 4.000 lanpostu egonkortuko dituztela.
Konpromisoen %61 beteta
Industriari dagokionez, esan du «bide azkarragoak» zabalduko dituztela proiektu inbertsio estrategikoak garatzeko. Inbertsio berriak onartzeko eta enpresa txiki eta ertainek digitalizaziorako eta trantsizio energetikorako diru laguntzak eskuratzeko epeak ere murriztuko dituzte. Bide beretik, etxebizitzak eraikitzeko tramiteak ere azkartuko dituzte, eta azpiegiturei ere bultzada emango diote. Enpresei bakarrik ez, herritarrei ere burokrazia arintzeko neurriak hartuko dituztela iragarri du: DENA izeneko leihatila bakarra jarriko du martxan.
Energiari dagokionez, bestalde, iragarri du Jaurlaritzak baimena emango duela beste bi parke eoliko eraikitzeko. Ez du zehaztu, ordea, non ezarriko dituzten. Gisa berean, beste hainbat iragarpen egin ditu lehendakariak, lehen sektoreari edo onartu asmo dituzten lege proiektuei buruzkoak. Baina, oro har, zehaztasun gutxi eman ditu lehendakariak. Euskararen etorkizunari dagokionez ere, ohartarazi du «bultzada berri baten premian» dagoela, eta adierazi du bide horretan doala 2027rako iragarritako Jauzia Gara egitasmoa. Baina ez du haren inguruko xehetasunik eman. «Elkarrekin egin behar dugu bidea. Euskara biziberritzeko, ez da nahikoa bakoitza bere aldetik joatea».
«Kontratu sozial berri bat behar dugu, dimentsio emozionalaren eta komunitarioaren begirada txertatuko duena»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Gobernuaren batasuna defendatu du Pradalesek —«gobernu bakarra gara»—, eta hark orain arte egindakoa nabarmendu: adierazi du programan jasotako konpromisoen %61 bete dituela jada. Aitortu du, hala ere, ez duela denean asmatu. Autokritika txiki bat eginez, esan du gehiago egin zezakeela besteak beste burokrazia arintzeko eta herritarren arteko desberdintasunak gutxitzeko. Era berean, oposizioko taldeei eskatu die jarrera «kritiko eta arduratsua» izateko, erronkei hobeto erantzuteko.
Lankidetzarik ez
Arratsaldeko txandan, lehendakariak zalantzan jarri du proposamenetan zehaztasun falta izan duenik; are gehiago, alderdiei egotzi die proposamenik ez aurkeztea: «Herri proiektuari buruzko goi mailako eztabaida baten falta sumatu dut». Hala ere, talde politikoei erabilitako tonua eskertu die, salbuespenak salbuespen. Izan ere, Pradalesek bereziki gogor erantzun die Voxi eta PPri. «Euskal nazioak lehendakari bat izango du beti, ez kantziler bat, eta are gutxiago kaudillo bat», esan dio eskuin muturreko alderdiari. Eta ekarpenak eta proposamenak egiteko eskatu die popularrei: «Elkarlanerako atea zabalik duzue». Sumarri, berriz, egotzi dio osoko zuzenketa bat aurkeztea eta Gazako sarraskia geldiarazteko Madrilen hartzen ez dituen neurriak Gasteizen eskatzea.
EH Bilduri ere zuzendu zaio Pradales. Otxandianori aurpegiratu dio oraingoz eskainitako lankidetzarik ez duela ikusten; are, egotzi dio Eusko Legebiltzarrean borondate ona agertu arren gero akordioei muzin egiten diela. Osasun Ituna jarri du horren adibide moduan, hain zuzen ere. «Hemen belarriak goxatu, eta gero kalea aztoratu. Hemen eztia, eta gero ozpina», esan dio. Hala ere, legealdiko lehen urtean jeltzaleen tonura «hurbildu» dela iritzita, bide horri eutsi eta urratsa egiteko eskatu dio: «Letra txikira bazatozte, elkarrekin atal garrantzitsuak idatz ditzakegu gure herriko historiaren liburuan».