EH Bilduk salatu du isiltasuna nagusitu dela NBEk tortura agerian jarri duen arren

Koalizioaren arabera, «ez da txintik ere esan» tortura sistematikoa eta inpunitatean oinarritua izan dela azaltzen duen txostenari buruz. Tortura kasuak ezkutatzen jarraitzeko nahia leporatu die EH Bilduk komunikabide eta arduradun politiko batzuei.

Arkaitz Rodriguez NBEko Batzordearen txostena eskuan duela, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Arkaitz Rodriguez NBEko Batzordearen txostena eskuan duela, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko uztailaren 21a
15:19
Entzun 00:00:0000:00:00

NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak egindako txostenaren aurrean klase politikoa eta komunikabide gehienak isilik egon direla salatu du EH Bilduk. NBEk txostenean Espainiako Gobernuari eskatzen dio, besteak beste, tortura ahalbidetu dezaketen mekanismoak debekatu eta tortura salaketak ikertzeko. Eta albiste horren gaineko isiltasunak frogatzen du nolako «erantzukizuna» duten alderdi eta komunikabide batzuek torturaren inguruan, Arkaitz Rodriguez EH Bilduko ekintza politikoko idazkariak adierazi duenez, gaur goizean egindako agerraldian.

Rodriguezek azaldu duenez, txostenak frogatzen du Espainiako Estatuak tortura «sistematikoki» erabili duela, izan herritarren aurka, izan independentziaren aldeko borrokaren aurka, eta «inpunitate osoz» jardun duela orain arte. Gehitu du azken egunetan txostenaren inguruan hitz egin ez izanak agerian uzten dituela torturetan zuzenean edo zeharka parte hartu dutenak eta orain ezkutuan gelditu nahi dutenak. «5.349 tortura kasu izan badira [Hego Euskal Herrian], poliziek, auzi medikuek, epaileek, komunikabide batzuek eta hainbat arduradun politikok ahalbidetu dutelako izan dira. Torturatuak izan badira, torturatzaileak egon direlako izan dira», esan du Rodriguezek.

«5.349 tortura kasu izan badira, poliziek, auzi medikuek, epaileek, komunikabide batzuek eta hainbat arduradun politikok ahalbidetu dutelako izan dira. Torturatuak izan badira, torturatzaileak egon direlako izan dira»

ARKAITZ RODRIGUEZ EH Bilduko ekintza politikoko idazkaria

Rodriguezen arabera, txostenak ukatu egiten du orain arte gatazka politikoaren inguruan zegoen kontakizuna, zeinak esaten baitu indarkeria bakarra ETArena izan zela: «Torturaren errealitateak goitik behera jarri du bakar batzuen kontakizuna».

Haren hitzetan, Europako gainerako herrialdeetan horrelako txosten batek «aztoramena» eragingo luke, baina  Espainian isiltasuna nagusitu da. Isiltasunak inpunitatea elikatzen duela adierazi du. «Inpunitate hori gainditu ezean, hau da, torturaren biktimentzat justizia, egia eta erreparazioa ez dagoen bitartean, ezin da eraiki bizikidetza demokratiko bat». Demokrazian oinarritutako gizarte bat izateko «nork bere ardurak hartzea» ezinbestekoa dela azaldu du, «ezker abertzaleak egin zuen bezala».

Horrelako txosten bat oharkabean pasatu izana eta, aldiz, asteburuko Azpeitiko (Gipuzkoa) gertakariak komunikabideetan toki asko hartu izana «eskandalagarria» da, Rodriguezen arabera. Igande goizaldean istiluak gertatu ziren Azpeitian, errotuladore batez pintaketa bat egiten ari zen gazte bati ertzainek isun bat jarri ostean. Rodriguezen ustez, ulertezina da kezka nagusia istilu hori izatea, eta ez NBEren txostenak agerian uzten dituen tortura salaketen ezikusia. «Txostena ezkutatu nahi duten arduradunak horrekin zerikusia dutelako da», argudiatu du. 

Gizarte demokratiko batetik gertuago

NBEk argitaratutako txostena «historikoa» da, eta Espainiako Gobernuarentzat «sekulako kolpea», Rodriguezek esan duenez; izan ere, berretsi egin du ezker abertzaleak aspaldi luzean salatzen duena: Espainiako Estatuak «Euskal Herriaren aurka» erabilitako tortura «sistematikoa» izan da, eta «inpunitatean» oinarritu da. NBErentzat berarentzat ere «harrigarria» da Espainiako Estatuak tortura salaketen aurrean erakutsitako inpunitatea eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dokumentatutako 5.000 tortura kasu baino gehiago izan arren ez ikertu izana. 

Frankismoaren amaieraz eta trantsizioaz ere mintzatu da. Haren ustez, garai hartan dago arazo horien iturburua. «Bizikidetza demokratikoak eskatzen du sustraietara jotzea». Izan ere, haren ustez, «trantsizioa ez, transakzioa izan zen. Frankismoak gotortuta iraun du estatu aparatuetan». 

Gizarte demokratiko batean bizitzeko frankismoa amaitzea ezinbestekoa dela esan du, eta gehitu du Espainiako Gobernuak biktima guztiak aitortu behar dituela hori egiteko, salbuespenik gabe. Horregatik, tortura salaketak ikertu eta biktimei aitortza egin behar diela azaldu du. 

Arazoen erroetara jo, eta frankismoarekin «behin betiko apurtzeko» eskatu du Rodriguezek. «Estatuak onartu behar du behingoz estatu plurinazionala dela, eta, ondorioz, herritarren eskubide nazionalak aitortu behar ditu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.