Istiluak izan dira Azpeitian, eta elkarretaratzea egin dute «Ertzaintzaren gehiegikeria» salatzeko

Errotuladore batekin pintaketa bat egiten ari zen gazte bati isuna jarri dio Poliziak, eta horren ondorioz istiluak izan dira goizaldean. Lagun bat atxiki dute, eta Ertzaintzak dio bi agente zauritu dituztela.

Azpeitiko Gaztetxeak deitutako elkarretaratzea, gaur, Azpeitian. NEREA URANGA / GUKA
Azpeitiko Gaztetxeak deitutako elkarretaratzea, gaur, Azpeitian. NEREA URANGA / GUKA
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 20a
20:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzaren eta herriko zenbait gazteren artean istiluak izan dira goizaldean Azpeitian (Gipuzkoa): Ertzaintzak isuna jarri dio pintaketa bat egiten ari zen gazte bati; horren ostean, zenbait lagun azalpenak eskatzera joan dira Udaltzaingoaren komisariara, Ertzainak bertaratu dira, eta liskarrak izan dira bertan. Ertzaintzak salatu du bi agente zauritu dituztela, eta Azpeitiko Gaztetxeak, berriz, gehiegikeriaz jokatu duela Poliziak, baita gazte bat atxilo hartu duela ere. Hura aske utzitakoan amaitu dira liskarrak. Udalak babesa helarazi die une horretan Udaltzaingoaren komisarian zeuden agenteei, baina aldi berean salatu du gehiegizkoa izan dela Ertzaintzaren esku hartzea. 

Gertakariak igande goizaldeko 4:00ak aldera gertatu dira Urola kalean, gaztetxearen ondoan. Ertzaintzak isuna jarri dio gazte bati pintaketa bat egiteagatik. Gaztetxeak zabaldutako oharrean dioenez, pertsona horrek «errotuladore batekin ACAB —All Cops Are Bastards ingelesez, 'polizia guztiak sasikumeak dira' euskaraz— idatzi du pilen edukiontzi batean». Orduan, gaztetxeko kideen arabera, hainbat gazte «euren desadostasuna erakustera» gerturatu dira ertzainengana. Erantzuna: beste lau patruila bertaratzea Urola kalera, eta kalea moztea. «Tentsio uneak izan dira, eta, Ertzaintzak salaketa jarri ostean, gazteek alde egin dute Urola kaletik». 

Horren ostean, Udaltzaingoaren egoitzara jo dute zenbait gaztek. Ertzaintzaren arabera, indarrez sartu dira bertara, eta poliziei agiraka egin diete. Gaztetxeko kideek, ordea, esan dute ez dutela jarrera oldarkorrik izan, «ezta atea indarrez bota ere, zenbait hedabidek zabaldu duten moduan».

Jarraian, horra ere errefortzuak bidali ditu Ertzaintzak. Sei patruila eta bi furgoneta, gaztetxeko kideen hitzetan. «Une horretatik aurrera, gazte ugari bertaratu da Plaza Txikira, sortutako iskanbilak erakarrita. Tentsio uneak izan dira, eta orduan hasi da polizien eta han elkartutakoen arteko liskarra; orduan kargatu dute gazteen aurka munizipalek eta ertzainek, eta pertsona bat atxiki dute». Salatu dute indarkeria handiz atxilotu dutela, eta auto batera sartu. «Hogei minutuz autoan eduki ostean, Udaltzaingoaren egoitzara eraman dute, eta han identifikatu».

Azkenean, gaztea askatzeko baldintzapean, ados jarri dira, eta orduan amaitu dira liskarrak. Zenbait hedabideren arabera, Azpeitiko Udaleko zinegotzi batek egin ditu bitartekari lanak.

Udaltzainak, babesgabe

Udalak arratsaldean argitaratu du gertatutakoaren inguruko oharra. Baieztatu du Poliziak gazte bat identifikatu duela, eta zenbait lagunek Udaltzaingoaren egoitzara jo dutela egoeraren berri izateko. Kanpoan jendea elkartzen ari zela ikusita, udaltzainak babesgabe sentitu eta Ertzaintzari dei egin diotela ere kontatu du udalak. Tentsio uneak izan direla azaldu du, baina egoera lasaitzea lortu dutela. 

Udalak babesa helarazi die gauez lanean ibili diren udaltzainei, baina, aldi berean, Ertzaintzaren esku hartzea gehiegizkoa izan dela iritzi dio. Gaineratu duenez, bezperatik hasita, ohikoa baino ertzain gehiago zebilen herrian, eta horren zergatiak argitzeko lanean dabil udala.

Azkenik, gogorarazi du festak ospatzen ari direla, eta arduraz jokatu beharra dagoela festetan sortu daitezkeen tentsio uneak baretzeko: «Tentsioa areagotzen duten jarrerak onartezinak dira».

Elkarretaratzea

Arratsaldean elkarretaratzea egin dute Azpeitian, gaztetxeak deituta. Gogor salatu dute Poliziaren indarkeria: «Polizia bera izan da liskarra sortu duena eta zenbait gazte zauritu eta identifikatu dituena. Orain diligentziak abiatu dituzte, eta ikusteko dago zer ondorio izango dituen gertatutakoak». 

Azkenik, gehitu dute agerian geratu dela «Poliziaren funtzio diziplinatzailea, errotuladore batekin pintaketa bat egiteagatik muntatutako zirku guztia ezin baita beste modu batera ulertu». Horrez gain, Poliziak duen inpunitatea seinalatu dute gaztetxekoek, eta zenbait hedabideren jokabidea gaitzetsi.

Jaurlaritza eta sindikatuak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gertakari larri eta onartezintzat jo ditu goizaldekoak; babes osoa helarazi die lanean ari ziren ertzainei eta udaltzainei, eta gizarteari eskatu dio ez onartzeko gisa horretako ekintzak. «Guztion ardura da zaintzen gaituztenak zaintzea». 

Ertzaintzaren Erne, Esan eta Euspel sindikatuek ere ohar bana plazaratu dute gertakarien inguruan. Salatu dute udaltzainak «egoera oso larri baten biktima» izan direla, eta horrek erakusten duela polizia asko babesgabe daudela zerbitzuko zenbait unetan.

Horregatik, politikariei eta epaileei autoritate printzipioa berreskuratzeko eskaera egin diete, eta poliziei behar beste baliabide bideratzekoa ere bai. Elkartasun osoa ere erakutsi diete euren lankideei.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.