Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako egungo udal eledunak aurreko astean jakinarazi zuen ez duela kargu horretan jarraituko, eta, ordutik, jakingura piztuta zegoen ea koalizio abertzaleak nor proposatuko ote zuen Donostiako alkategai izateko; gaur arte: Nerea Kortajarena donostiarra izango da hautagaia. EH Bilduren Programa idazkaria da, eta ahots garrantzitsuenetako bat koalizioaren barruan. Hala, 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal hauteskundeetarako, EH Bilduk hautagai sendoa aurkeztea deliberatu du, Donostian garaile izan daitekeelakoan.
Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko kidea da 2016tik, koalizioaren Programa idazkaria izateaz gain, eta legebiltzarrerako azken bozetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen. Koalizioak gogoratu du «emaitza historikoa» lortu zuela orduko hartan Gipuzkoan, ezker subiranistak botoen %40 baino gehiago eskuratu baitzituen.
Kortajarena donostiarra da jaiotzez, 1974koa, eta, gaur egun, Loiola auzoko bizilaguna da, nahiz eta Egiako auzotar «peto-petoa» den. Donostiako EH Bilduren idazkaritzaren iritziz, «Gipuzkoako hiriburuko lehen emakume alkatea izateko beharrezkoak diren gaitasun guztiak» biltzen ditu. Datorren urteko bozetan ikusi beharko da hori. Egungo alkate Jon Insausti jeltzalea izango du aurrez aurre lehiakide nagusi gisa. Insaustik Eneko Goiaren lekukoa hartu zuen duela hilabete batzuk, EAJk Donostiako alkategaia indartzeko beharra ikusi ondoren. Azken hilabete hauetan, bizi aritu da Insausti komunikabideetan, bere burua ahalik eta gehien ezagutzera emateko asmoz.
2023ko udal hauteskundeetan, EAJk irabazi zituen bozak Donostian. Baina mila boto ingururen aldea baino ez zion atera EH Bilduko hautagai Juan Karlos Izagirreri, eta azken zinegotzia 120 botorengatik lortu zuen EAJk. Gutxi gorabehera boto kopuru hori falta izan zuen PSEk beste zinegotzi bat lortzeko. 2019ko bozetan, berriz, 14.000 boto inguruko arrakala egon zen jeltzaleen eta bilkideen artean, baina, duela lau urteko emaitzen ondoren, hauteskundeak irabazteko aukera asko ikusten ditu EH Bilduren zuzendaritzak. Nerea Kortajarenaren aldeko hautuak ere uste hori indartu du.
Kortajarena gizarte langilea da, eta «hiria, auzoak eta bizilagunak sakon» ezagutzen dituela esan du koalizioak, ohar baten bidez. «Kortajarenak Donostiak behar duen norabide aldaketa bideratzeko beharrezko bermeak eskaintzen ditu. Haren gertutasuna, esperientzia profesionala eta ibilbide politiko sendoa gehitu behar zaizkio ezker independentistaren komunitatean oso baloratua den profilari», idatzi du koalizioak. Realzale amorratua ere bada Kortajarena, eta aurtengo Kopako finalean zorion bitsetan ibili zen Sevillako (Espainia) kaleetan zehar. BERRIAk elkarrizketa egin zion biharamunean.
Donostiako alkate izan nahi dut. pic.twitter.com/6mGFn4GBQW
— Nerea Kortajarena Ibañez (@NKortajarena) September 10, 2026
Etxebizitzaren auziari so
Alkategaia izango dela jakin eta gero, Kortajarenak bideo bat kaleratu du sare sozialetan, eta hartan dio «kezkaturik» dagoela «hiriak hartu duen norabidearekin». Donostian askotan «arrotz» sentitzen dela salatu du, eta «Parte Zaharra ezagutzea ere» kosta egiten zaiola. Pintxo bat jateko ilara luzeak ikusita «haluzinatu» egiten duela ere gehitu du. Hala ere, gehien kezkatzen duena zera da, bere «seme-alabek, donostiar gazteek eta ez hain gazteek, euren auzotan euren bizi proiektuak aurrera eramateko arazo larriak» dituztela. Horregatik, haren lehentasuna etxebizitzaren arazoari erantzutea ei da, «milaka pertsonak emantzipatzeko duten ezina askatzeko». Donostiarrak «harro sentiarazten dituen Donostia berreskuratzeko helburua» jarri du, azkenik.
Donostiako EH Bilduren Idazkaritzak eskerrak eman dizkio Juan Karlos Izagirreri «hiriaren alde egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik».