EH Bilduk salatu du EAJk «oldarkor eta suminduta» erantzun diola Loiuko aireportuari Agirre Lehendakaria deitzeko proposamenari

Iker Casanovak adierazi duenez, jeltzaleen zuzendaritzak bilkideak «lokatzetan erortzea eta azkenean irainka hastea» nahi dute, «Madrilen bezala», baina ziurtatu du ez dutela lortuko.

Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako bilkideen eleduna. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako bilkideen eleduna. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2026ko uztailaren 2a
16:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk salatu du EAJk modu «oldarkorrean, ofentsiboan eta baldarrean» erantzun diola Loiuko aireportuaren izenari buruz koalizio abertzaleak egindako proposamenari. EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok aireportuari Agirre Lehendakaria izena jartzeko proposamena egin zuen joan den astean, Legebiltzarrak landu dezan aukera hori, eta, atzo, EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek erantzun zuen «Argala, Gadafi eta Txapote» direla EH Bilduren «legatua», eta ez Jose Antonio Agirre lehendakaria. «Gutarrei begira daude beretarrei begira egon ordez, gutarrek herrialde bat utzi eta demokraziaren alde egin baitute», esan zuen jeltzaleen buruak, erantsita EH Bilduren erreferenteak ez direla «oso ikusgarriak».

Gaur, berriz, Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko eledunak adierazi du «EAJren urduritasuna» agerian geratzen ari dela, eta erantzun «zakarren» bidez EAJk ez duela lortuko koalizioaren «hazkundea etetea». Casanovak ziurtatu du EAJk zera nahi duela, EH Bildu «lokatzetan erortzea eta azkenean irainka hastea, Madrilen bezala». «EAJren tonu zakarrak eta oldarkortasunak nahi horri erantzuten dio, baina ez dute lortuko gure jarrera aldatzea», erantsi du.

EH Bilduko beste eledun batzuek azken hilabeteetan egin duten antzera, Casanovak berriro ere Agirre lehendakaria goraipatzeko hitzak izan ditu: «Agirre lehendakaria gai izan zen siglen gainetik herri proiektu bateratu bat artikulatzeko. Horri aitortza egiteko egin dugun proposamen integratzaileari EAJk modu erasokor, iraingarri eta zakarrean erantzun dio, suminduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA