EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak murriztu egin duela kooperaziorako diru saila

Koalizioaren arabera, azken hogei urteetako diru sailik txikiena erabiliko dute kooperaziorako. Emakunderen eta Kanpo Harremanen diru sailek ere eman dute zeresana.

Lehendakaritzako 2027ko aurrekontuen aurkezpena, gaur goizean. IREKIA
Lehendakaritzako 2027ko aurrekontuen aurkezpena, gaur goizean. IREKIA
nerea intxausti
2026ko azaroaren 2a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak 2027rako prestatu duen aurrekontu proiektuaren barruan, zeresana eman du Lehendakaritzarenak. Ez da sail bat, baina aurrekontu bat dauka esleituta, haren menpe baitaude Emakunde eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza. Datorren urtean, 101.627.000 euroko diru saila izango du, 2026an baino %0,7 handiagoa. Ordea, oposizioak salatu du kooperaziorako diru saila murriztu egin duela, eta ez duela Eusko Legebiltzarrak ezarritako helburua betetzen.

Mikel Iriondo Lehendakaritzako idazkari orokorrak xehatu ditu Lehendakaritzako aurrekontuak. Azpimarratu du beraien helburua zera izan dela, besteak beste, «etorkizuneko Euskadiren irudia indartzea eta plangintza sustatzea», baita Emakunderen bitartez «berdintasun politikei beste bultzada bat» ematea ere. Ondoan izan ditu Ander Caballero Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Ion Muñoa Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusia eta Jose Maria Bilbao Euskadi Berriaren komisionatu berria.

Ez dira mahaiaren bueltan izan Francisco Javier Cortes Kooperazioaren arduraduna, ez eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere; hain zuzen, bi gai horiek eman dute zeresanik handiena batzordean. Izan ere, apenas igoko den Emakunderen aurrekontua (%1,1), eta zertxobait murriztuko da nazioarteko kooperaziorako jarritako diru saila: 2026. urtean 56,3 milioi euro jarri ziren, eta 2027an 55,7 milioi jarriko dira.

Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, hori «lotsagarria» da, iritzi baitio aurrekontuan diru saila berdin mantentzeak «jaitsiera» esan nahi duela. Are, azpimarratu du azken hogei urteetako diru sailik txikiena jarriko dela nazioarteko kooperaziorako, eta salatu du kopuru hori ez datorrela bat Eusko Legebiltzarrak 2024an onartutako Kooperazio Legeak ezarritako helburuekin. Haren arabera, aurrekontuaren %0,7 erabili behar baita kooperaziorako; datorren urtean, ordea, %0,31 erabiliko luke. «Legea urratzea da hori», esan du Urreak.

Emakunde: igoera apala

Emakunderen aurrekontuak ere eman du zeresana: 8.280.200 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, eta Iriondoren esanetan, jarraipena eman nahi izan zaie berdintasunarekin lotutako proiektu estrategikoei. Berritasun modura, 2027an diru kantitate jakin bat jarriko dute udal txikietan berdintasun politikak sustatzeko, haien tamainak eta baliabide teknikoek ez dezaten baldintzatu. Oposizioaren ustez, ordea, hori ez da nahikoa.

Bestalde, Beldur Barik programarako 135.000 euro jarri dituzte, eta berriz ere 400.000 euro jarriko dituzte indarkeria matxistaren aurkako programen diru sail orokorrerako. Gela Morea ekintza indartuko dute prebentziorako: 102.194 euro erabiliko dituzte horretarako. Gizonduz programak 300.000 euro izango ditu, eta Berdintasun Eskolak, berriz, 220.000 euro. Iriondok azpimarratu duenez, tresna horiek aukera emango dute «gizonekin eta maskulinitateekin egiten den lana indartzeko, prestakuntza eskaintza zabaltzeko eta berdintasunaren aurkako diskurtsoei heltzeko, bereziki gazteen sozializazio guneetan».

Kanpo harremanetako gaiei buruz, Eusko Jaurlaritzak iaz iragarri zuen ordezkaritza bat jarri nahi zuela Asian, baina EH Bilduko Igor Zulaikak adierazi du aurrekontuak ez duela horren inguruko informaziorik jasotzen. Hura finantzatzeko moduak galdegin ditu Zulaikak, eta kontua zertan den galdetu. Caballerok erantzun dio prozesua abian dutela: ordezkaritza non eta nola jarri pentsatzen ari dira. 

Lehendakaritzako egitura eta babesa izan da gehien igo den diru saila (%8). Mikel Iriondo Bilbao Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiak argudiatu du Ajurianea ondare babesa duen 30 urteko eraikin bat dela, lau solairukoa. Bilbaok lehen aldiz hartu du parte batzorde batean, eta bere lana erronka demografikoaren bueltakoa izango dela azaldu du ––erronka demografikoa Lehendakaritzaren barruan kokatu du Pradalesek, berez sail propio bat duen arren––: ugalkortasun tasa baxua iraultzen, adimen artifizialaren aferari heltzen eta talentua sustatzen arituko da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA