EH Bilduk salatu du margoketa faxistak egin dizkiotela Iruñeko egoitzan

Hauteskunde kanpainan mota horretako beste eraso batzuk ere izan dira; Ahal Dugu-k eta EAJk ere salatu dute haien egoitzetan eta karteletan pintadak egin dizkietela, eta PPko hautagaiei petardoak, arrautzak eta harriak bota zizkietela Hernanin.

EH Bilduk Iruñean duen egoitzan pintadak egin dituzte. EH BILDU
EH Bilduk Iruñean duen egoitzan pintadak egin dituzte. EH BILDU
kristina martin
2026ko azaroaren 24a
11:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk sare sozialen bidez salatu du koalizioaren Iruñeko egoitzan agertu direla «margoketa faxista batzuk». Esan dutenez, horiek «argi erakusten dute igande honetan zer dagoen jokoan». Koalizio subiranistak iritzi dio erantzunak positiboan izan behar duela: «Euskal herritar guztiak irribarre zabal batekin bozkatzera deitzen ditugu, erreakzionarioei eta gorrotozaleei argi uzteko hemen herri duin bat dagoela».

Kanpaina honetan ez da lehen aldia alderdi politikoen egoitzetan gorroto mezuak agertzen direla. Ahal Dugu-k azaroaren 14an mezu baten bidez salatu zuen arrautzak bota zituztela Donostian duten egoitzaren aurka. Halaber, Errenteriako (Gipuzkoa) egoitzan ipinita zuten kartelean, Irene Monteroren aurpegia margotu zuten eta ondoan «asko» idatzi zuten. Ohar batean jakinarazi zutenez, «kanpainaren hasieratik hauteskunde kartelak kentzen eta apurtzen ari dira, eta Errenterian Irene Monteroren aurpegian 'nazi' idatzi zuten. Benetako naziak hain justu erasotzaileak dira, ezkerreko ahotsen pluralitatea onartzen ez dutelako». Hedabideetan ere betoa jartzen dietela salatu zuten. «Isilik nahi gaituzte, baina antifaxistak gara eta justizia sozialaren alde borrokatzeko jaio ginen, beldurrik gabe egingo diegu aurre».

Ahal Dugu-ren Errenteriako egoitzan egindako pintadak. AHAL DUGU
Ahal Dugu-ren Errenteriako egoitzan egindako pintadak. AHAL DUGU

EAJk ere eman ditu zenbait erasoren berri: kanpainaren hasieran bertan, EAJk jakinarazi zuenez, Bilboko Olabeaga auzoan ekitaldi bat prestatzen ari zirela, alderdiaren kamioian jarrita zegoen hautagaien kartelaren aurka pintura jaurti zutela. Orduan EH Bilduri egotzi zion erasoekin epel jokatzea.

EAJ pintadak
EAJren hauteskunde kartela pinturaz beteta. EAJ

Dena dela, kanpainan gertatutako erasorik larriena PPko hautagaien aurkakoa izan zen. Azaroaren 14an jazo zen. Hernanin (Gipuzkoa) izan ziren Jon Etxeberria PPko Gipuzkoako hautagaia eta alderdiko beste kide bat; karpa bat jartzeko asmoa zuten bertan, Ezkiaga pasealekuaren inguruan. Baina ezin izan zuten, jende talde batek petardoak, arrautzak eta harriak botata zizkielako. PPk esan zuen orduan bertan behera utziko zuela Gipuzkoako hauteskunde bira, baina gerora erabaki zuen aurrera egitea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA