EH Bilduk salatu du Osakidetzak udako murrizketei eutsiko diela lehen arretan

Rebeka Uberak dio Osasun Sailaren datuek ez dutela hobekuntzarik erakusten, eta langile falta eta itxaronaldiak «egiturazko arazo» bihurtu direla.

Osakidetzako osasun zentro baten irudia, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Osakidetzako osasun zentro baten irudia, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
2026ko uztailaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk salatu du Osakidetzaren lehen mailako arretan udan izan ohi diren murrizketek bere horretan jarraitzen dutela, Eusko Jaurlaritzak kontrakoa iradokitzeko egindako komunikazio kanpainak gorabehera. Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi duenez, ez da lortu osasun zentroak 2023ko egoerara bueltatzea.

Osasun Sailak emandako datuen arabera, 2026an osasun zentroen %62k baino ez diote eutsiko jarduera «normaltzat» jotzen den arretari. Ehuneko hori 2025eko bera da, eta urrun dago 2023an erregistratutako %75etik. «Hobekuntza irudia eman nahi digute, baina datuek beste errealitate bat erakusten dute», esan du Uberak, Barakaldoko (Bizkaia) Urban osasun zentroaren aurrean egindako agerraldi batean.

EH Bilduko ordezkariak ohartarazi du arazoa ez dela soilik udako hilabeteetan gertatzen; are, esan du zentro batzuetan «egiturazko arazo» bihurtu dela langile falta. «Lehen hamar mediku zeuden leku batzuetan orain bost daude urte osoan». Ondarroako (Bizkaia) osasun zentroaren egoera jarri du adibidetzat: zazpi mediku zeuden han lehen, eta orain, berriz, hiru.

Ubera kritiko agertu da Osakidetzak erabiltzen duen «normaltasun» kontzeptuarekin. Haren ustez, zentroak irekita egoteak ez du bermatzen kalitatezko arretarik: «Plantillak ez dira nahikoak, agendak gainezka daude, eta hitzordu asko irailerako ematen ari dira».

Ubera Eusko Jaurlaritzaren komunikazio kanpainen aurka azaldu da, eta «marketin gutxiago eta soluzio gehiago» eskatu ditu. Haren esanetan, egiturazko neurriak behar dira Osakidetzaren arazoak konpontzeko, ez irudi publikoa hobetzeko kanpainak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA