EH Bilduren ustez, «aurrerapauso» bat da aitortza

Aizpuruak esan du aurrekari bat izan beharko lukeela eskubide urraketen biktimetatik aitortzeko falta diren guztientzat. Pradalesek gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak 2012an egin ziela aitortza.

Mertxe Aizpurua EH Bilduren eleduna Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE
Mertxe Aizpurua EH Bilduren eleduna Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 11
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko eledunaren irudiko, «aurrerapauso ukaezina da Txiki eta Otaegiren kontrako epaiak baliogabetzea eta legez kanpo zigortu eta fusilatu zituztela aitortzea», X sarean egin duen oharrean dioenez. Gainera, EH Bildurekin adostutako Memoria Demokratikorako Legeari esker lortu ahal izan dela gogoratu du: «Pauso honek aurrekaria izan beharko luke eskubide urraketen biktima guztiak aitortzeko».

Berretsi du lanean segituko dutela frankismoaren jazarpena jasan zuten senideei egia, memoria, aitortza eta erreparazioa emateko pauso sendoak emateko.

Sekretu ofizialen legean jarri du arreta. Hain zuzen, berretsi du lanean segituko dutela «lege frankista horrek ezarritako isiltasunaren eta inpunitatearen pean dauden kasu guztientzat» egia, justizia eta erreparazioa lortzeko.

Jaurlaritzak 2012an

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak begi onez hartu du Espainiako Gobernuak Txiki eta Otaegi biktima gisa aitortu izana. X sarean ohar labur bat erantsi du. Gogoratu du Jaurlaritzak 2012an aitortu zituela estatu indarkeriaren biktima gisa. «Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak osatu egiten du ezinbestekoa zen aitortza publikoa». Gehitu du lehendakari giza biktima guztien aintzatespen publikoa berresten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.