Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi 1975eko irailaren 27an fusilatu zituen erregimen frankistak, FRAPeko beste hiru kiderekin batera, bermerik gabeko epaiketa sumarisimo bat igaro ostean. Handik 50 urtera, Espainiako Gobernuak «legez kanpokotzat eta zilegitasunik gabekotzat» jo ditu epaitu zituzten auzitegiak, eta epaiak ere halaxe definitu ditu: «Bidegabeak eta baliogabeak». Hala, aitortzaren eta erreparazio pertsonalaren ebazpena ofizialki helarazi diete senideei. Angel Victor Torres Memoria Demokratiko eta Lurraldeko Politikako ministroaren bidez helarazi zituen, azaroaren 25ean.
Txikiri, heriotza zigorraz gain, kalte ordaina ere ezarri zioten 1975eko irailaren 19an egindako gerra kontseiluan, pertsona baten kontrako atentatu bat egotzita. 800.000 pezetakoa zen (4.800 bat euro). Hura ere baliogabetzat jo dute. Horrenbestez, aitortza eta erreparazio pertsonala egin dio Espainiako Gobernuak, ofizialki, Memoria Demokratikorako urriaren 19ko 20/2022 legearen 6. artikuluaren arabera.Â
Otaegiri dagokionez ere, agirian dio 1975eko abuztuaren 28an gerra kontseilu batean epaitu zutela bi pertsona hiltzea egotzita, eta urte bereko irailaren 27an fusilatu zutela Burgosko espetxeko baratzean (Espainia). Baina agiriaren arabera, baieztatu ahal izan da Otaegi eskubide eta askatasun faltaren testuinguru batean, 1975 eta 1978 bitartean, jazarria izan zela arrazoi politikoengatik eta ideologikoengatik. Horregatik, legez kanpokotzat eta zilegitasunik gabekotzat jotzen du Otaegi epaitu zuen tribunala, baita epaiketan parte hartu zuten lekukoak eta beste erakundeak ere, 1936ko estatu kolpetik eratutakoak baitziren, eta arrazoi politiko, ideologiko edo erlijiosoarengatik zigortzen zuten.
Ondorioz, zigor epai hori ere baliogabetzat jo dute, eta aitortza eta erreparazioa egin dion agiri ofiziala igorri dio Espainiako Gobernuak sendiari, Memoria Demokratiko eta Lurraldeko Politikako ministroaren bidez.
Erreparazio dokumentu ofizial bat da senideek jaso dutena, biktima izaera aitortzen dietena. Epaiketa justu baterako eskubidea urratu zitzaiela gehitzen du, eta «intimidazioa eta babesik eza» izan zutela prozesu guztian. Memoria Demokratikoko Urriaren 19ko 20/2022 legeak dioenaren arabera, «bidegabetzat eta legez kanpokotzat» jotzen du epaitu zuen gerra kontseilua. Era berean, «bidegabe eta baliogabe» jotzen du, formagatik eta edukiengatik, erregimen frankistan ezarri zioten zigorra, zeinak helburu baitzuen haiek fusilatzea.
Txikiren eta Otaegiren senideek 2025eko urtarrilaren 14an egin zioten aitortza eta erreparazio eskaera Espainiako Gobernuari, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren bidez. Senideen helburua izan zen «biktimen duintasuna omentzea, eta, historia demokratikoaren oinarrizko parte moduan, haien memoria zaintzea», ohar bateratu batean azaldu dutenez.
Senideen esker ona
Senideek esker onez jaso dute aitortza, eta eskertu egin dituzte Txikiren eta Otaegiren aitortza instituzionala ahalbidetu duten guztiak. Juanjo Alvarez abokatua izan da familien ordezkaria kudeaketa honetan, eta eskatu zuen Memoria Demokratikoaren 20/2022 legearen babesean senideek modu indibidualean jaso zitzaten aitortzak.
Aitortzetan jasotzen da Txikik eta Otaegik jasan zituzten gerra kontseiluetan ez zegoela berme prozesalik, eta garai hartako agintearen errepresio politikoaren adierazpen argiak izan zirela.Â
Aitortza eta erreparazio ebazpenak bidegabekeria hori aitortzen die, eta justizia, egia eta erreparazioa ditu xede, hain zuzen, Memoria Demokratikorako legearen printzipioetan oinarrituta.
Aitortza horren bidez, bidegabe fusilatu zituztela egiaztatuta eta errepresioaren ondorioak pairatu zituztela aitortuta, «bizikidetzaren eta balio demokratikoen aldeko transmisioa» indartzen delakoan daude datozen belaunaldiei begira.