«Billete sorta» dela eta, auzitegian izan da Bilbao

Fiskalak deitu du deklaratzera ahaldun nagusia jokaera irregularrei buruzko adierazpenengatik

Jose Luis Bilbao. RAUL BOGAJO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Herenegun deklaratu zuen auzitegian Javier Maroto Gasteizko alkateak, etorkinen aurka eginiko adierazpenengatik. Asteon Bilboko auzitegitik pasatu den agintari politiko bakarra ez da Maroto, ordea. Bulego berean egon zen asteartean Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak deituta joan zen deklaratzera. Egoera politikoari buruzko osoko bilkuran, irailean, adierazpen deigarriak egin zituen Bilbaok, karguan ez duela jarraituko iragarri zuenean: «lasai» egoteko eskatu zien «billete sortekin» ordainketak egin dituztenei, ez duelako memoriarik idatziko horiek haizatuz. UPDk salaketa jarri zuen Bilbao delituak ezkutatzen ari daitekeelakoan. Lehen urrats gisa, deklarazioa hartu dio fiskalak Bilbaori.

Alde judizialetik, Marotoren egoera berean dago ahaldun nagusia: salaketa bat du bere aurka, eta fiskal nagusiak orain aztertuko du delitu zantzurik ba ote den kasua zabaltzeko. Hala bada, inputazioa eskatuko luke, eta epaile baten gain geratuko litzateke auzia; ezezkoan, bertan behera utziko lukete prozedura. Erabakitzeko epe zehatzik ez dauka fiskalak.

Hedabideei horren berri eman gabe deklaratu zuen auzitegian Bilbaok. Izatez, diputazioan galdera eginda, ez dute azaldu nahi izan ahaldun nagusia auzitegian izan zenik; fiskaltzako iturrietatik BERRIAk baieztatu du, hala ere, deklaratzen izana dela aste honetan.

Bi delituren salaketa

Agurra iragartzeko ekitaldia zuen Bilbaok: hamabi urtez ahaldun nagusi izan ostean, ez dela aurkeztuko azaldu zuen. Ibilbide politikoari buruz memoriarik ez duela idatziko esan zuen, eta, beraz, ez kezkatzeko eskatu zien jokabide irregularra izan dutenei, «ordainketak jatorria demostratu gabeko billeteekin egiten dituztenei, paradisu fiskaletan dirutza handia dutenei». Polemika eragin zuten adierazpenek, eta Bilbaok erantzun zuen delitu zantzuak ikusi dituenean auzitara jo duela aldundiak. UPDk bi delitu egotzi dizkio: delituei aurre ez egitea eta delitugileak ezkutatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.