Zarrakazteluko sutea egonkortzea eta hari perimetroa jartzea lortu dute

Amparo Lopez Barne kontseilariak baieztatu du ez dagoela zauriturik, baina herritarrei eskatu die tentuz ibiltzeko. Sutea nola piztu den argitzeko ikerketa abian da oraindik, baina ondorioztatu dute «giza ekintza batengatik» piztu dela.

Lurrez eta airez ari dira sutearen perimetroa egonkortzen saiatzen. Irudian, helikoptero bat ura botatzen. JESUS DIGES / EFE
Lurrez eta airez ari dira sutearen perimetroa egonkortzen saiatzen. Irudian, helikoptero bat ura botatzen. JESUS DIGES / EFE
Uxue Rey Gorraiz - Paulo Ostolaza
Iruñea
2025eko abuztuaren 11
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orduetako lana izan da, baina, azkenean, atzo iluntzerako lortu zuten larunbat iluntzean Zarrakaztelun (Nafarroa) piztu zen sutea egonkortzea eta hari perimetroa jartzea. Dena dela, gauean ere lanean jarraitu dute, lurretik, eta, gaur airetik ere saiatuko dira sua erabat itzaltzen. Herritarrei oraindik ere adi egoteko eskatu diete.

 Atzo goizean, suteen aurkako planaren bigarren maila aktibatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta, horrela, laguntza eskatu zion Espainiako Gobernuari. Ordutik, larrialdi zerbitzuak lurrez eta airez ahalegindu dira sutea itzaltzen: Nafarroako bertako baliabideekin, Madrildik helarazi dizkietenekin, eta Nafarroaren mugakide diren autonomia erkidegoek utzitakoekin. Hala eta guztiz, ezinean dabiltza oraindik ere. Muturreko beroak eta hezetasun gutxi izateak nabarmen zaildu diete zeregina. Hain zuzen, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarria du Nafarroan, litekeena baita tenperaturek goia jotzea 13:00etatik 21:00etara. Gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Amparo Lopezek jakinarazi duenez, sua ez da zabaltzen ari, eta sutearen perimetroa egonkortzea dute orain lehentasun nagusia. «Bidea itxi behar diogu suari, eta perimetroari eutsi, hura egonkortu».

Atzo, hegazkinek eta helikopteroek 21:30 aldera amaitu behar izan zuten jarduna, eta gaur itzuli dira lanera, eguna argitzearekin batera. Hala ere, suhiltzaileak lanean aritu dira gau osoan: larunbatetik aitzinera, Tafalla, Zangoza, Tutera, Azkoien, Cordovilla eta Lizarrako suhiltzaileak ari dira sua itzali nahian, baita Ingurumen Departamenduko langileak, foruzainak, eta abar ere. Haiek guztiak egiten ari diren lan «ikaragarria» nabarmendu du Lopezek, hain justu, Larrialdietarako Aholku Batzordearen bilkura bukatutakoan.

Ostiralean egin gisara, gaur ere bildu dira Nafarroako Gobernuko eta bestelako entitate eta organo batzuetako ordezkariak —Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere izan da tartean, esaterako—, eta, Zarrakazteluko suteari buruzko informazioa eguneratzeaz gain, indarrean diren prebentzio neurriak ere zehaztu dituzte. Besteak beste, Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziak indarren dirau.

Lopez arduraz mintzatu da Zarrakazteluko suteaz. Batetik, tentuz jokatzeko eskatu die bertako herritarrei: hala Zarrakazteluko nola Murillo el Fruto herrietako bizilagunei  gomendatu die etxeko ateak eta leihoak itxiak izateko, keagatik. «Halere, goizean goiz, tenperaturak freskoxeagoak direnean, hobe dute leihoak tarte batez ireki: aireztatzea ere garrantzitsua da», zehaztu du.

Bestalde, Nafarroako herritar guztientzako mezuak ere plazaratu ditu kontseilariak. «Saihestu dezagun arrisku oro», ohartarazi du, eta Zarrakazteluren ingurura ez joateko deia egin du, gainera. «Inportantea da hona kuxkuxerorik ez hurbiltzea». Dioenez, bestelako istripuren bat gerta dadin eragoztea ere «ezinbestekoa» da egoera honetan. Izan ere, halakorik izango balitz, ezinbestean jarri beharko lirateke baliabideak horretarako ere, eta, halabeharrez, ahulagoa litzateke sutea itzaltzeko indarra.

Hala eta guztiz ere, kontseilariak argitu du suteak ez duela inolako zauriturik eragin oraingoz, eta, are, nabarmendu du herritarrak ez daudela arriskuan. «Orain ez daude arriskuan, eta, sua piztu denetik ere, ez dira inoiz hala egon».

Kontseilariak ohartarazi du datozen ordu eta egunetarako iragarri den eguraldia dela-eta baldintzak «konplikatuak» direla. Preseski, iragarri dute ekaitz idorrak izateko arriskua egongo dela arratsaldean, eta badakite horrek bereziki zaildu dezakeela larrialdi zerbitzuen jarduna.

Zarrakazteluko sutea
Larunbat iluntzetik dago piztuta Zarrakazteluko sutea. JESUS DIGES / EFE

Ikerketa abian 

SOS Nafarroaren arabera, sutea Larrate eta Figarolerako errepidearen arteko pinudi batean piztu zen. Inguru horretan, besteak beste, pinuak mozten ari dira sua gehiago hedatu ez dadin.

Lopezek azpimarratu duenez, sutea zehazki zerk piztu zuen argitzeko ikerketa abian da. Orain arte atzemandakoari erreparatuz, ondorioztatu dute sua «giza ekintza batek» piztu zuela, baina kontseilariak ez du argitu nahita edo oharkabean piztua ote den. Edonola ere, Lopezen esanetan, baztertuta dago nekazaritzako edo basogintzako edozein ekintzaren eraginez piztu izana.

Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziari ez ezik, laborantzarekin loturiko murrizketei ere eutsiko die Nafarroako Gobernuak egunotan. Ostiralean berretsi zutenez, debekatua dago urbanizagarriak ez diren lurretan sua erabiltzen duten edo txinpartak pitz ditzaketen makinak erabiltzea. Gainera, eremu idorretan ezin da uztarik bildu. «Baldintzek utzi bezain pronto malgutuko ditugu mugak eta normalizatuko da guztia; hau guztia behin-behinekoa da, baina oraingoz ezin dugu atzera egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.