Sare sozialen bidez eman dute abisua. Bizi mugimenduak Espainiako bandera "bahitu" du Espainiak Baionan duen kontsulatutik. Bandera 04:30 aldera erretiratu dute BAB etorbidean dagoen eraikinetik.
Kontsulatuko bandera Kataluniako buruzagi espetxeratuen argazkiekin batera ageri duen irudi bat zabaldu du Bizik. Argazkian, gaurko eguneko Le Monde egunkariaren ale bat ageri da banderaren gainean, eta, irudiaren erdian, Askatasuna preso politikoentzat leloa, katalanez idatzita.
Mugimenduak salatu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako erreferendumaren auzian eman duen zigor epaia. Onartezintzat jo dute auzipetutako buruzagi independentistei bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri izana "erreferendum herrikoi baten antolakuntzan parte hartzeagatik edo horren sostengatzeagatik, Kataluniako Parlamentuaren gehiengoaren nahiak errespetatuz".
Gaineratu dute ezin dela beste albo batera begiratu halako egoera batean. "Ezin dugu onartu 2019an, Europaren bihotzean, hautetsi errepublikano batzuk kartzelatuak izan daitezen beren biztanleriaren kontsulta bat antolatu dutelako, molde demokratiko eta ez-bortitzean. Isilik edo geldirik egoteak Historiaren aurrean horren konplize gisa utziko gintuzke".
Bizik nabarmendu du espetxeratutako bederatzi buruzagietatik sei Kataluniako Gobernuko kide kargugabetuak direla —horietatik bat lehendakariordea—, beste bat Kataluniako Parlamentuko presidentea eta gainerako biak bi gizarte elkartetako buruak; "denak ezagutuak beren engaiamendu errepublikano, demokratiko eta baketsuarentzat".
Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen alde mintzatu da mugimendua. "Nehork edo ezerk ez du deretxoa populu oso bat bortxaz, mehatxuaz eta beldurraz hertsatzea. Katalan populuak behar du libreki eta demokratikoki bere geroari buruz erabakitzeko ahala ukan. 2017ko urriaren 1an erreferendum herrikoian parte hartu duten 2,3 milioi kataluniarrei ematen zaien erantzuna ezin da inondik ere beren ordezkarien edo bozeramaileen kartzelatzea izan".
Biziren esanetan, negoziazioak eta erreferendumak konponduko ditu Kataluniako gatazka. Mugimenduaren iritziz, "elkarrizketaren eta hautetsontzien bideak gaina hartu behar die errepresio basatiari eta hark sortzen dituen frustrazioari eta bortizkeriei".
Mugik Espainiari adierazi dio espetxeratutako buruzagi independentistak askatu artean "bahitua" izango duela kontsulatuko bandera. Bitartean, "ongi tratatua" izango dela argitu du.