Ipar Euskal Herriko bozetarako hamar egun eskas dira. Herritarrak hasiko ziren nobere herriko hautagaien programak ikertzen, zeren, norbaiten alde bozkatzekotan, hobe baita jakitea zer-nolako engaiamenduak hartuak dituzten ondoko agintaldiari begira. Auzapez hautatua izanez gero, zein hautagaik eraikiko lituzke «muturreko egoera klimatikoei egokituriko etxebizitza erosoak»? Zeinek «garraiobide publiko praktikoagoak eta egokiagoak garatuko denentzat»? Zeinek eginen luke abiadura handiko trenaren alde? Eta zeinek kontra? Horiek denak argitzeko eta hautesleei hautu kontziente bat eginarazteko xedez, «barometro ekologikoa» aurkeztu du Bizik.
Webgune bat sortu dute horretarako: ituna2026.bizimugi.eu. Hartan sartuz, zerrenda edo mapa formatuan ikus daiteke zein zerrendak izenpetu duen Metamorfosi Ekologikorako Ituna. Aurtengo bozen kanpaina «berantiarra» da, Bizikoen ustez. Halere, hasiak dira zenbait zerrendaren erantzunak biltzen: 2026ko Metamorfosi Ituna izenpetu duten zerrendak berdez agertzen dira webguneko zerrendan, eta izenpetzeari uko egin diotenak, gorriz; erantzunik oraino eman ez dutenak horiz dira. Mementoko, 51 zerrendaren erantzunak jaso dituzte, eta hautagaiek martxoaren 13ra arte dute Bizikoei erantzuna helarazteko, haiek zerrendaren egoera eguneratu ahal izan dezaten webgunean, martxoaren 15a aitzin, hots, lehen itzulia egin aitzin.
2020tik 2026ra arteko agintaldiko emaitzak aurkeztu zituzten joan den irailean, Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen 158 herrietarik 56 azterturik; ikerketen emaitzek agerian utzi zutenez, hartutako erabakiak, orokorrean, urrun dira hautetsiek duela bost urte ituna izenpetzean hitzeman zituztenetarik, eta egin dituzten eraldaketak ez dira klima larrialdiari buru egiteko behar bezain sakonak.
2020ko ituna ofizialki izenpetu zuten herriak 46 dira: horiei 2.000 biztanle baino gehiago dituzten hamar herri gehitu dizkie Bizik, segipena egiteko. Horrela, 56 herriren erabakiak aztertu dituzte, zeinek Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %87 inguru ibiltzen baitute. Bizi mugimenduko Hitza Hitz batzordea arduratzen da itunaren kudeaketaz eta garapenaz, funtsean hori baita erronka: hautetsiek hitza ez jatea jokamolde ekologikoagoa izatea hitzeman bazuten noizbait.
Horregatik, garrantzitsutzat jo dute hautesleek argiki jakin ahal izatea hautagaiak zenbateraino diren engaiatuak klima larrialdiaren gaian. Gainera, Metamorfosi Ekologikoaren Itunari begirako erantzunez beste, zerrendak AHTren alde ala kontra posizionatzen diren ere biltzen du webgunean: CADE elkartekoak ari dira iritzi horiek jasotzen, Bizikoekin elkarlanean.